argia.eus
INPRIMATU
Katalunia berri baterantz
Pako Sudupe 2014ko azaroaren 19a

Bi milioitik gora boto etorkizun politikoa erabakitzearen alde; eta horietatik %80 independentziaren alde. Ilusioz, emozioz eta arduraz egin dute lehen urrats garrantzizkoa. Zorionak!

Nolatan hain denbora gutxian kontzientzia iraultza hori? Frankismotik zetorren kontzientziari, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik zapalduta egotearen sentimenduari, azken urteetan beste bi sentimendu erantsi zaizkio: umiliazio politiko eta ekonomikoarena. Kataluniako Parlamentuan 120 aldeko botoz eta aurkako 15ez onartu zen Estatutuari irri egin zioten Madrilen, “zepillatu” zuten; eta diru aldetik ohartu dira Estatuari eman dezente gehiago egiten diotela handik bueltan jasotzen dutena baino.

Hiru sentimendu indartsu horiek bi talde zabal indartu eta kohesionatu dituzte: Parlamentuan gehiengo zabala duten ordezkari politikoak, eta herri zabala, Omnium Cultural –hizkuntza eta kultura katalana sendotzeko erakundea (1961)–, eta ANC –independentzia modu demokratiko-baketsuz lortzeko mugimendua (2012)–, kontzientziarazle direla. Zer-nolako garrantzia du mugimendu horretan Casals-Forcadell, eta Fernandez-Junquera-Mas bezalako liderrak sortu izanak? Eta bi erakunde politiko-kultural horiek aktibatzen dituzten herritarren olatuak? Erantzuna irakurlearen esku. Lortuko ote dute 2014ko azaroaren 9an egindako urrats handiari, beste pauso are handiagoak eranstea, Katalunia berri bati buruz?

Espainiarrek inposizioz ezarritako kateak hausten joateak ez du esan nahi era berean automatikoki herritarren desberdintasun ekonomiko-sozialak murriztera eta demokrazia zabaltzera joko denik –prozesu horrek lagundu dezake, beharbada, gizarte justuagoa ere lortzen–; ikusteko dago Europar Batasunak ezartzen dituen neurri ekonomikoei –AEBak ahaztu gabe–, eta mundu osoko enpresa multinazionalen botere gero eta handiagoari aurre nola egingo dieten; baina zein ederra den bere buruaren kontzientzia duen herri bat batuta eta gehiengoa norabide berean bultzaka ikustea bestelako antolaketa baterantz, ustez eta asmoz, hobera!

Gure talaiatik, morrontza-kateak erabat haustea baino ezin opa, eta gizarte justuago eta demokrazia zabalagorantz urratsak egitea, elkartasunez bezainbat geure askatasun politikoaren maitasunez, guk ere aurrerago errazago izango dugulakoan orain katalanak aurreratzen bazaizkigu.