Karatxi arriskutsua: megapoliaren desordena arautua

  • Munduko hiririk bortitzenaren fama eman diote Pakistango megapoliari, nahiz proportzioei erreparatuz 21 milioi biztanle dauzkan Karatxi ez den Chicago bezain hilkorra. Baina baliagarria da ezagutzeko nola antolatzen eta arautzen diren bortizkeriazko egiturak XXI. mende globalizatuko megapoli berrietan.

Central Asia On Line gunetik hartutako argazkian, bi militar Karatxiko kaleetan patruila lanetan, 2010eko abuztuan MQM mugimenduaren lider Raza Haider hil osteko istiluetan. Armadak Pakistanen ez dihardu, Laurent Gayerren hitzetan, bortizkeria darabilten
Central Asia On Line gunetik hartutako argazkian, bi militar Karatxiko kaleetan patruila lanetan, 2010eko abuztuan MQM mugimenduaren lider Raza Haider hil osteko istiluetan. Armadak Pakistanen ez dihardu, Laurent Gayerren hitzetan, bortizkeria darabilten taldeak desarmatzeko lanean, horien arteko gatazkak arautzeko arbitro gisa baizik. Bortizkeria guztiak nahasirik eta elkarri lotuta daude hemen, legezkoak eta ustez ilegalak direnak. Funtzionario publikoek esku hartzen dute ekonomia beltzean, lur zoruen espekulazioan edo uraren eta hondakinen kudeaketan, ahaztu gabe prostituzioa eta jokoa. Militarrek sarritan erabili nahi duten bortizkeria zati bat azpikontratatu egiten diete talde ez legalei. Ordainetan, droga, racketa (xantaia) eta gainerako negozio zikinetan aberastutako ugazabek sistematikoki inbertitzen dute Estatuan, bai politikarien kanpainei lagunduz, bai edozein jardueratan.

Munduko hiririk bortitzena   omen da Karatxi, iaz bertan hemengo karriketan 3.218 pertsona garbitu zituztelako, nahiz eta proportzioetan kalkulatuz (100.000tik 11,3 hilketa) ez den sartzen munduko 50 hiri hilkorrenenen rankingean. Baina ezin uka arrisku handikoak direla Karatxiko auzuneak, telebistak oroitarazten digu sarri. Armak edonoren esku daude, talibanak indartsu dabiltza, Afganistango heroinaren merkaturatzea dago tartean... bortizkeriak badu zertaz elikatu.

2001ean iritsi zen bertara Laurent Gayer ikerlari frantses gaztea. Topikoen azpian zer zegoen aztertu ostean plazaratu berri du “Karachi. Ordered Disorder and the Struggle for the City” (Araututako desordena eta hiriaren jabe egiteko borroka). Bertolt Brechtek formulatutako “araututako desordena” darabil megapoli berriotako egoera azaltzeko. Liburuan erakutsi du nola antolatzen duten beren jarduera hirian gaizkileek, negozio-buruek eta agintariek hiru helbururen bila beti: botoak, lurraldea eta xantaia. Kontrolik eza estatuak eta armadak zaintzen dute gainetik. Krimenak legea behar duela ongi funtzionatzeko.

Zenbait hedabideri eskainitako elkarrizketez gain, Gayerrek bere liburuaren laburpena utzi du giza zientzien inguruko gai nagusien jarraipena egiten duen La Vie des Idées webgunean: “Karachi ou les lois du désordre” (Karatxi, desordenaren legea).

Iaz hiritzarrean bortizkeriaz bizia galdu zuten 3.218 pertsonetatik herena baino gehiago (1.106) zibilak ziren, egitura etnikoetan oinarrituta dauden alderdi politikoen arteko lehian harrapatuta eroriak. Beste 268 espreski kalitu zituzten, alderdi politikoetako kideak zirelako. Xiitak  ari dira auzoak kontrolatzeko borrokan, baina baita suniak ere beren artean, 1980ko hamarkada bukaeran hirira talibanak etorri zirenez geroztik.

Etniazko osaketari dagokienez, hiri berria da Karatxi. India eta Pakistan zatitu ziren arte gehiengoa osatzen zuten herritar ez-musulmanek alde egin zuten 1947tik aurrera. Beren lekua hartu zuten Indiak kanporatuta iritsitako musulmanek, “Mohajir” jendeak.

Urduz mintzo diren mohajirrok halako superioritate bat sentitu izan dute lekuko beste etnien ondoan, nagusiki armadaren kontrola daukaten Punjabtarren eta Pakistango Herri Alderdiak ordezkatzen duen Sindhi jendearen aldamenean.

Beranduago etorri zen Ekialdeko Pakistan zena Bangladesh independente bihurtzea (1971) eta Afganistanen errusiarren kontrako gerra, 1980ko hamarkadan paxtun etniako taliban asko erakarri zituena, eta hauekin batera armak eskuratzeko erraztasuna eta droga trafikoa.

Mohajirren Mugimendu Nazionalak (MQM) eduki du urteotan nagusitasuna Karatxin, hauteskundeetan ere berretsia, baina gainerako etnia eta taldeak saiatu dira hari eragozten agintearen monopolioa. Jokoan daude aginte politikoa, lurzorua, argindarra, enplegu publikoa, pertsonen eta enpresen segurtasuna bermatzeko dirua... Diru legal eta ilegal guztia, alegia.
         
Militarrak, bandak, apezak, dirua  

Talibanen erasoen kontrako autodefentsatik sortu zen arren, MQM laster bilakatu da Mohajir urdu-hiztunen ordezkaria eta Karatxiko indar nagusia. 26 auzoetan barreiatutako 250 unitatez osatuta dago eta herritarren eguneroko bizitza osoan agintzen du, hezkuntzan, burokrazian, osasun sisteman, ekonomian... Bortizkeria krudel eta nabarmena erabiltzen du agintea azpimarratzeko, bere talde bereziek zigortuen gorpu mutilatuak zakuetan sarturik kale eta estolderietan barrena lagatzen dituztelarik, epelentzako ikasgaitzat.

1991n MQMk desafio egin zion Pakistango estatuari, armadaren zerbitzu sekretuetako ofizial bat bahitu eta torturatuz. Militarrek mendekuz hiru urtez luzatu zituzten errepresaliak MQMren kontrolpeko egitura guztien kontra. Ondoren, bakea sinatzeaz gain, elkarlanean aritu ziren militarrak eta MQM, Pervez Musharraf presidentearen aroan.

Elkarlanak, Karatxin, esan nahi du agintea partekatzea. “Subiranotasun hibrido” horiek eguneroko bizitzan zertan mamitzen den osasun sistema erakusten du, Laurent Gayerrek dioenez. Aspalditik MQMren egoitza da Abbasi Shaheed ospitalea, Nazimabad auzoan. Jendeak sendatzeaz gain, ospitaleak aterpetu ditu alderdiko buruzagiak arriskuan zirenean baina... tortura-lekutzat ere erabili izan da!

Gainerako taldeak berdin saiatzen dira nork bere ospitalea edukitzen. Etnia edo talde bateko herritar bat ezin da sartu besteen ospitalean. Aitzitik, liskarrak direnean zaurituak pertsegitzen dira baita ospitaletan bertan ere. Herritarrek ondo ezagutzen dituzte legeok, zer esanik ez gaixoak edo zaurituak eraman behar dituzten taxizaleek.

Horixe baita desordena antolatuaren ezaugarrietako bat: liskarren logika aurrez ezagutzen dute herritarrek, iragarrita bezala gertatzen dira. Gayerren hitzetan, “arriskuaren hermeneutika” bat dago. Atzerritarraren begietan ulertezinezko aporia denari bertakoek ezagutzen diote barne mekanika.

Karatxiko liskar eta bortizkeriek egutegi, geografia eta molde jakinak dauzkate. Talde batek probokaziotzat jotako zerbait gertatutakoan (poliziaren sarekada, istripua, lider baten hilketa, otoitzerako leku baten kontrako erasoa...) ondoko hiruzpalau egunetan luzatuko dira istilu gogorrak zirkulu zentrokideetan, eta bukaeran polizia agertuko da ordena jartzeko itxurak eginez. MQMko buruzagi bat uda honetan Londresen atxilotu zutenean, ordu beteren buruan milioika jende presaka sartu zen nor bere etxean, bidean haurrak hartuta, erreakzioak aurreikusirik.

Bateko eta besteko miliziek xantaia egiten dietenez lurjabe, industrial eta merkatariei, hauek ere egokitu dira. Areago, ugazaba handiek ikasi dute indar horiekin negoziatzen eta etekina ateratzen neoliberalismoaren garaiotan, batik bat Karatxin nagusi diren oihalgintzako eta farmaziako enpresaburuek. Miliziok laguntzailetzat dauzkate, langileak hobeto kontrolatu eta lan merkatua malgutuz kosteak merkatzeko. Honetan ere obreroak pagatzaile.

Eta Estatuak? Bortizkeriaren monopolioari uko eginez, bere ustez dagokion zatia eskuratzen ahalegintzen da. “Complexe miliciano-industriel” deitzen dio Gayerrek Karatxin agintzen duen multzo konplexuari. Bukaeran igarpen ilun hau dagi Gayerrek: alde guztietatik zanpatua, gero eta okerrago bizi den Karatxiko jende xumeari ez zaio bere etsipenean geratzen azken santu bat baizik: islamista erradikalak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pakistan
2023-11-03 | ARGIA
Emakume afganiarrak arriskuan, Pakistango Gobernuaren deportazio aginduaren ondorioz

Pakistango Gobernuak azaroaren 1a baino lehen alde egiteko agindu zien agiririk gabeko asilo eskatzaile afganiarrei. Amnesty International erakundearen arabera, Pakistanen 1,4 milioi errefuxiatu daude. Gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du Afganistanera itzuliko liratekeen... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude