argia.eus
INPRIMATU
Babes sozialerako berezko sistema baten alde
Juan Mari Arregi 2014ko azaroaren 20a

Egongo da sinetsiko ez duenik, baina Hego Euskal Herrian ere badago pobrezia, desberdintasuna eta bazterkeria. Ez herri honetan dauden immigranteen artean soilik, baita bertan jaiotakoen artean ere. Egunotan argitaratu den Pobrezia eta Desberdintasunen 2014ko inkestak dio pobreziak EAEko biztanleen %5,9ri eragiten diola. 127.000 pertsona baino gehiago bizi dira “oinarrizko beharrak asetzeko nahikoa estaldurarik gabe”. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuak ez ditugu eskura, baina antzekoak dira. Hego Euskal Herrian 217.841 lagun daude langabezian (%16,39) eta horietatik 120.000 inguruk ez du inolako prestaziorik jasotzen. Espainiako Gobernuak badu plan bat familiako kideak bere kargu dituen epe luzeko langabetuarentzat: prestazio guztiak ahitu eta urtebetera, sei hilabetez 400 euroko diru-laguntza ematen dio. Aldiz, familiako kideak euren kargu ez dituzten langabetuek ez dute laguntza hori jasotzeko eskubiderik. Horrela, pobreziaren kontrako borrokarik ez dago.

Nafarroako eta EAEko gobernuek ezin dute bestaldera begiratu; babes sozialerako berezko sistema sortu behar dute. Eta egin dezakete, enplegua mantendu eta pobrezia eta bazterkeria soziala ezabatuko lukeen beste ekonomia politika batekiko osagarria baita hori. Euren esku dago, esaterako, aberastasuna birbanatzea, gehien dutenei zergak igotzeko politika fiskala ezarriz. Euren esku dago enpresa eta sozietateek dituzten pribilegioak ezabatzea, iruzur eta paradisu fiskalak jazartzea, iruzurgileen izenak publikatuz. Futbol zelaientzako eta saskibaloi taldeentzako dirua baldin badago, geltokirik ez duten trenbideen obrentzako dirua baldin badago, are diru gehiago behar luke egon gure herriko biztanle guztiak duintasunez bizitzeko balioko lukeen berezko gizarte sistema sortzeko; pobreziatik, desberdintasunetik eta bazterkeria sozialetik urrunduko gaituen sistema bat.