6-7 urteko neskatxa-mutiko batzuekin jolasean nenbilela aditu nuen hitza lehengo aldian: txupagol. Sentsazio bitxiak ernarazi zizkidan aspalditik entzuna ez nuen solasak. Hala, esaterako, ziplo ohartu nintzen hitza ez zela gure haurtzaroarekin batera desagertu, eta oraindik ere indarrean dagoela. Aitor dut: deskubrimendua izan zen niretzat.
“Txupagolek ez du balio”, salatu zuen haur batek oihuka. Izan ere (ate bakarrean ari ginen eta), ate ingurutik aldentzen ez zen mutiko batek gola sartu berria zuen, ia zirkinik ere egin gabe: baloia hanken parera ailegatu, bultzadatxo bat eman eta gola. Futbolik gabeko futbola, gol tranpatia. Helduen mundura etorrita, hainbat agintari txupagol ikustera ohitu gara azkenaldian. Norberak gola sartzea da kontua, berdin dio nola, eta nori.
Mutikoari ez zioten txupagolarena onartu eta, ondorioz-edo, eskolako patioko beste jolasgune batera joatea erabaki zuen. Hortxe hasi zitzaidan gogoa (berriz) umetzen, ametsetan: jendarte justu eta antolatu batek bidaliko ahal ditu politikari txupagolak (eta txupategiak!) herriaren sosetatik aparte.