Kataluniako desanexioa 'to go further'


2014ko azaroaren 16an
Azaroaren 9an katalanek Berlinen botoa eman ondoren egindako ekitaldia.
Azaroaren 9an katalanek Berlinen botoa eman ondoren egindako ekitaldia.

Independentzia aldarrikatzea erraza da, baina adierazpen hori sostengatzea ia ezinezkoa da kontrolatu nahi den lurraldean indarkeriaren monopolioa eskuratu gabe eta nazioarteko babesik gabe. Independentzia ez da aldebakarreko erabakia soilik, nazioarteko komunitateak gauzatzen duen errealitate bat da. Kataluniak independentzia aldarrikatuko badu txosten demokratiko eredugarri bat aurkeztu beharko du. Beharrezko baldintza da, baina ez nahikoa Estatu katalana hezurmamitu dadin. Horregatik hainbeste mobilizazio, negoziazio eskaera eta kontsulta legala burutzeko saiakerak.

Gaurkoa [azaroaren 9koa] ez da kontsulta legal bat, prozesu parte-hartzaile modura aurkeztu dute zirrikitua bilatu nahian, legeak erabat hautsi gabe legeekin eta Espainiarekin tentsioa sortuz mobilizazio zenbakarria burutu dute. Tentsio horrek milaka katalan independentista bihurtzen ditu, batez ere, Espainiako Estatuaren baldarkeriak lagunduta. Prezio berean bi produktu lortzen dira: jarrera eta portaera demokratiko eredugarriak mahai gaineratzea eta independentismoaren olatua handitzea.

Alderdi soberaniazaleen arteko miseriak alboratu eta denek egin dute bat Trantsizio Nazionaleko Liburu Zuriaren 29. orrialdean aurreikusita zegoen hori gauzatzeko. Masek bere hitza bete du. Gaurkoa independentismoarentzat ondo ateratzen bada laster ospatuko dira hauteskunde “plebiszitarioak”. Geopolitikoki Espainia munduko Inperio nagusian txertatua ez balego, hauteskunde hauek lirateke biderik azkarrena independentzia erdiesteko. Baina, tamalez edo zorionez, Espainia NATOko eta Europar Batasuneko kidea da, Amerikako Estatu Batuen aliatu sendoa.

Kataluniako independentzia prozesuak geopolitikoki bazterrak nahasten ditu eta Espainiarentzat kostu handiegia dauka. Horregatik, independentistek nazioarteari eta bereziki Mendebaleko herrialdeei mezuak bidaltzen dizkiete aspalditik. Praktikan Eskoziak, Quebecek eta Kataluniak planteatu dutena ez da sezesio bat, Mendebaldeko Inperioaren barnean desanexio bat baino ez da (metafora Mario Zubiagari zor diot), jakinik nazioarteko erakundeek murriztutako soberania txiki bat izango dutela eta ahal den neurrian EBko balizko proiektu federal horretako subjektu bat baino ez direla izango.

Norbaitek pentsa dezake Mendebaldeak onartuko lukeela Kataluniako aldebakarreko independentzia aldarrikapen demokratiko bat estatu berria Txina, Errusia edota Latinoamerikako ezkerreko estatuen aliatu izango balitz? Independentista katalanen mezua Mendebaldeari garbia da: ez larritu, independentziak kostu txikia izango du AEBentzat eta bere aliatuentzat, etxe barneko desanexio bat da. Hor dago zirrikitua gerrarik gabe Estatua lortu ahal izateko. Prozesua txukuna bada, demokratikoki eredugarria eta babes sozial oso zabala badu, aldebakarreko independentzia aldarrikapen baten ostean (edo lehenago) nazioarteko onarpena baino Mendebaldeko presioak aurreikusi daitezke Espainiari eskatuz negoziatu dezala adostutako autodeterminazio erreferenduma.

Aita eta ama bitxiak behar dira desanexioa gauzatzeko. Independentzia ez da eskuratzen den estatus estatiko bat, independentzia dinamikoa da eta egunero landu beharrekoa. Desanexioa ez da baldintza nahikoa independentzia eraikitzeko, baina garbi izan behar da independentzia lortzeko beharrezko baldintza dela desanexioa lortzea, tarteko helmuga Katalunia independenteago bat eta sozialki justuago bat eraiki ahal izateko, to go further, per anar més enllà.

 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude