argia.eus
INPRIMATU
"Ez gara hamar familia, gure gibelean da Euskal Herri guztia"
Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 11

Ziburuko ikastolako zuzendaria da Laida Mujika. Sentipen kontrajarriak ditu: “Haserre eta nazkatuta” dago batetik, baina “auzapezaren erasoei aurre egiteko gogotsu”. “Ez litzateke hain zaila izan behar haurrek euskaraz ikastea Ziburun. Astelehenean sartu dira eskola publikokoak eraikin berri-berrietan, inaugurazioa zuten, eta gu ondoan geunden elektrizitaterik gabe, leku txiki-txikian. Lotsagarria da. Tokirik ez balego, beno... baina bada. Eskola publikokoek libratu duten Sokoa auzoko lekua guretzat egokia litzateke, baina auzapezak ez gaitu onartu nahi”, kexu da Mujika. Zuzendariaren hitzetan, ez da bakarrik Ziburuko ikastolaren aurkako erasoa, “Euskal Herriaren aurkakoa baizik; ez gara hamar familia bakarrik, gure gibelean Euskal Herri guztia dago, euskaldun anitz”.

Aurrera begirako bideari buruz galdetuta, astez aste joango direla diosku, aukera errealen alde borrokan jarraituko dutela. “Guk argi dugu ikastola bat izan behar dela Ziburun. Hiru haurrekin hasi ginen, orain 13 dira eta heldu den urtean 20 seguru, beraz zerbait atzeman behar dugu. Gainera, Euskal Herri osotik sustengatzen eta babesten gaituzten guztiengatik behar dugu aurrera segitu. Beti erraten dut iruditzen zaidala amerikarren film batean nagoela, eta hor beti txintxoek irabazten dute. Beraz, irabazi behar dugu”.