argia.eus
INPRIMATU
Berotegi efektua leuntzeko, ekonomia eredu berriak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko azaroaren 11
Artikoko izotz geruza %4 murriztu da urtero 1979 eta 2012 artean.
Artikoko izotz geruza %4 murriztu da urtero 1979 eta 2012 artean.

Azaroko lehen igandean aurkeztu zuten Kopenhagen IPCCren azken txostena (klima aldaketa behatzen duen aditu taldea da IPCC). Azken urtean maiz gizarteratu dituzte euren iritziak, baina oraingoan inoiz ez bezalako kemenez aritu dira.

Hona hemen datu batzuk: Lurraren batez besteko tenperatura 0,85ºC igo da 1880 eta 2012 artean; itsasoaren gainazaleko batez besteko tenperatura 0,11º igo da hamarkadako, 1971 eta 2010 artean; itsasoen batez besteko maila hemeretzi zentimetro igo da 1901 eta 2010 artean; Artikoko izotz geruza %4 murriztu da urtero 1979 eta 2012 artean.

Datu horiek gogoan, IPCCk honakoa dio: “Lurraren tenperaturaren igoera 2ºC-tik ez pasatzea nahi badugu, 2010 eta 2050 artean %40-%70 gutxitu behar ditugu gas emisioak, eta 2100. urterako erabat eten”. NBEko idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek adierazi duenez, “deus ere ez egiteak askoz kostu handiagoa izango du IPCCk esandakoa betetzea baino”.

Produkzio eredua aldatu beharko da, baina nola?

Berotegi efektuaren eragina iragartzen duen alerta gorria orain bi hamarkada piztu zuten pertsona bakan batzuek; gaur egun, gero eta gobernu gehiago, ezker zein eskuineko, bat egiten ari dira ia zientzialari guztiek dioten horrekin.Galdera da: nola lortu IPCCk aipatu duen gas igorpenik gabeko etorkizun hori?

Birziklatu, energi iturri berri eta garbietara jo, garraio kolektiboaren erabilera areagotu, nekazaritza eredua eta elikadura ohiturak aldatu, etxeak beste era batera apaindu eta hornitu... Dozenaka zeregin edukiko dugu munduko biztanleok. Baina, produktu berriak nork ekoiztuko ditu? Nola? Garbi dago legedia egokitu beharko dela, eta horrek enpresei eta produkzio guneei eragingo diela. Adibide sinple bat baino ez: nola lortuko da kontsumitzen ditugun produktuek ahalik eta estalki gutxien izatea?