Salbatu Espainia

Ustelkeria islatzen du egun Espainiak. Ez du merezi dozenaka auzien aipatzeak, baina bai joan den igandeko Público agerkari digitalak nola islatzen zuen irudi hau bere titulu nagusian: “Ustelkeria gero eta azkarrago hazten ari da: 130 auzi, 1.900 auziperatu eta 170 zigortu”. Zigortu horiek azken legealdikoak dira, bestela askoz gehiago lirateke. Horietako gehienak aske dira, kartzela zigorrak ez zuelako espetxeratzea eskatzen, tartean helegiteak direlako edo beste hainbat arrazoirengatik.

Enric Duran aktibista katalanak ez zuen halako zorterik izan, baina honek bestelako etsaia aukeratu zuen, eta bestelako arrazoiekin.  2008an iragarri zuen artikulu baten bidez: “492.000 euro lapurtu diet gehien lapurtzen digutenei [bankuei], haien jarduna salatzeko eta gizarte alternatibak eraikitzeko”. Bi hilabete pasatu zituen preso hainbat bankuri eskatutako maileguak ez itzultzeagatik. Fiskaltzak 8 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen harentzat. Ihesi da egun.

Caja Madrideko txartel ilunen kontura 15 milioi euro xahutu zituzten kutxako hainbat agintari eta aholkularik, egun argiz eta inpunitate osoz. Eta Púnica operazioaz oraingoz dakigunagatik, 250 milioi euroko kontratuetan ustez %2-3ko komisioak eraman dituzte dozenaka auzipetuk. Zenbat urte pasatuko dituzte espetxean?

Ez dakigu, baina badakigu Urtzi Martinez eta Jon Telletxeak, oraintsu Deustun atxilotutako bi gazteek zenbat pasatuko duten: bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuten, Bilboko auzitegian pintaketak egiteagatik.

Tartalariei ere bi urteko zigorra berretsi die Espainiako Auzitegi Nazionalak, Yolanda Barcinari aurpegira tartak botatzeagatik. Nafarroako beste dozenaka pertsonari 1.000tik 8.000 euro arteko isunak iristen ari zaizkie ekitaldi publikoetan parte hartzeagatik. Bekatua, Nafarroako Gobernu ordezkaritzaren esanetan, baimendu gabeko bilkuretan parte hartzea. Konparaketak gorrotagarriak direla esaten da, baina kasu hauetan guztiz argigarriak dira. Horiek Euskal Herriko kasuak dira, baina Espainian ere dozenaka dira estatuaren errepresioak gogor kolpatutako herritarrak. “Sumindu zaitezte” zioen Stephane Hesselek eta espainiarrak sumindu dira.

PODEMOS-EKIN sumindu dira batez ere Espainian. Alderdi berriak Europako hauteskundeetan botoen %8 lortu zuen eta bost eurodiputatu. Orain inkestek lehen aldiz lehen postua ematen diote Espainiako 2015eko orokorretarako (botoen %27,7), PSOEren (%26,2) eta PPren (%20,7) aurretik. Beldurra barreiatu da sisteman. Ilusioa bestelako politikak nahi dituzten herritarren artean.

Inkesten zehaztasun eta erabileratik harago, joera hor dago eta Podemos oso indar garrantzitsua izango da hurrengo hauteskundeetan. Eta bakarrik horrekin gauza askok hasi beharko luke aldatzen apurka. Baina galdera nagusiak airean jarraitzen du: zer da Podemos? El Diario.es agerkari digitaleko Guillermo Lopezek hala azaltzen digu: “Zapore populistadun neurriak eskaintzen dizkigu (oinarrizko errenta, jubilazioa 60 urterekin), akaso gauza ezinak. Edozeren gainetik, ordea, orain daudenak kanporatzea eskaintzen du. Eta hori bai dela popularra: izan ere, hori da bere boto emaileen gehiengo handiak ematen dion egiazko abiatze-motorea”.  

Zer den Podemos? Ikusiko dugu, baina badaezpa gerra Pablo Iglesiasi. Antena 3 telebista kateak argi du. Horregatik narras manipulatu zuen La Sexta telebista kateko Salvados saioan Jordi Évole kazetariak egindako elkarrizketa saioa, esanez Pablo Iglesias gobernuko lehendakaria balitz, honek TVEn bere saioa  nahiko lukeela, Venezuelan Hugo Chavezek zuen Alo Presidente-ren modukoa. Egiazkoa nola izan zen? Galdera bai, ea halako saioa bat izango lukeen. Pablo Iglesiasen erantzuna ezin garbiagoa. “Ez inondik inora”. Interneteko bideoa arras argia da.

Ezkerretik ere egiten zaio kritika Podemosi, ez duela programa ezkertiarra... Baina ulerkor, Pedro Pascualek Rebeliónen azaltzen duen moduan: “Podemosen helburua ez baita hauteskundeak irabaztea, hegemonia lortzea baizik, ondoren prozesu konstituziogilea abiarazteko”. Behingoz norabidea aldatzeko eta, 1978an egin zen kontrara, Espainia guztiz aldatzeko.

Eta gainera Katalunia badoa. Sistema eskaera batekin dator Espainian gero eta indar handiagoz: “PP-PSOE, egin ezazue koalizioa eta salbatu Espainia”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude