Korrika egitea pasio

  • Korrikalariz bete dira kaleak, eta seinale garbia da hori: bertan da Behobia-Donostia. Lasterketa arrakastatsuak alde onak eta txarrak ditu, baina datuek gero eta gizarte sedentarioagoa garela dioten garaiotan, kirolera gerturatzeko eta korri egitera animatzeko akuilu paregabea denik ezin ukatu.

30.000 korrikalari aterako dira aurtengo Behobian. Masifikatuegia dagoela kexu dira hainbat, baina filosofia eta maila guztietako jendea biltzeko aukera ematen du horrek. (Argazki Press)
30.000 korrikalari aterako dira aurtengo Behobian. Masifikatuegia dagoela kexu dira hainbat, baina filosofia eta maila guztietako jendea biltzeko aukera ematen du horrek. (Argazki Press)

“Zergatik egiten dut korrika? Zergatik sortzen dit menpekotasuna lehiak? Ez dakit, uste dut ez dagoela arrazoirik. Aitzakiatzat esan nezake nekatutakoan endorfinak igotzen sentitu nahi ditudala, lasterketa bat irabazteak edo paisaia ederrak ikusteak sortzen didan emozioa sentitzeko beharra daukadala. Esan nezake eragiten didan ongizateagatik egiten dudala korrika, osasunagatik edo arazoetatik deskonektatu ahal izateko. Ez, uste dut gustatzen zaidalako baino ez dudala korri egiten, istant bakoitzaz gozatzen dut eta ez dut zergatian pentsatu beharrik”. Kilian Jornet puntako lasterkari katalanaren hitzak dira, Córrer o morir liburutik hartuak. Sentsazio horien bila, ugari dira zapatilak jantzi eta asfaltora edo mendialdera arineketan irteten direnak.

Haatik, euskal herritarren erdia baino gehiago sedentarioa dela erakusten dute datuek. Esaterako, Osasunaren Mundu Erakundeak zehazten duen gutxieneko jarduera fisikora ere ez da iristen EAEko biztanleen %31: OMEk gomendatzen du astean 150 minutuko jarduera fisiko arina egitea, eta herrialde askotan 75 minutura jaitsi du eskaera (hots, astean ordu eta laurden), jendea oso sendentarioa dela ikusita. Obesitateak gora egin du haurren artean, eta elikadura desorekatuarekin batera bizimodu ez aktiboak zeresan handia du horretan. “Aisialdi pasiboa gero eta handiagoa da eta gero eta eskurago dago, oso sartua daukagu gure bizimoduan”, ohartarazi digu Jose Manuel Gonzalez Aramendi kirol medikuak. Kezkatuta daude adituak, joera arriskutsua izan baitaiteke bizi-estilo pasiboa orokortzea.

Horren aurrean, korri egitea irtenbide aproposa bilakatu da hainbatentzat. Kirol merkea da, baliabiderik apenas eskatzen duena, bakarrik nahiz konpainian egin daitekeena, edonon eta edozein ordutan. Azken finean, osasuntsu egoteko aktibo mantenduko gaituen plan bat egitea aholkatzen dute medikuek, izan korrika izan bestelako jarduera edo ariketa fisikoa, errealistak diren helburuak ezarriz, urratsez urrats. Gontzal Grandes medikuaren arabera, bizi-kalitatea hondatzen diguten edo hiltzen gaituzten gaixotasun nagusien kausa bizimodu ohiturak dira, hein handi batean: “Elikadura desegokiak, jarduera fisiko ezak eta tabakoaren eta alkoholaren kontsumoak eragiten dituzte EAEn urtero ditugun kasik 20.000 heriotzetatik 10.000 inguru. Egunero ordu erdiko jarduera fisikoa eginez, modu orekatuan janez, ez errez eta alkohola neurrian edanez, heriotzen %50 saihestuko genuke, baita gaixotasun kroniko ohikoenen %80 ere (bihotzekoak, sistema kardiobaskularrari dagozkionak, diabetesa, minbizia…). Zifra ikaragarriak dira, ez dago halako inpaktu potentziala duen beste ezer”.

Lasterketa elitistak vs. herrikoiak

Osasunagatik, edo eguneroko kezketatik aldentzeko, edo argaldu nahian, indarra hartu asmoz, sofari iskin egiteko helburuz… hasten da korri egiten jendea, eta zaletasuna sortzen zaio sarri. Hainbatetan, ordea, obsesio ere bilakatzen da eta dena ematera ateratzen dira batzuk lasterketetan, mendi-martxetan edo triatloi probetan. Markak gainditzea buruan, substantzia energetiko susmagarriak zabalduta daude giro jakinetan, maila amateurrean aritu arren. Ohiko moduan, neurrian aritzea da gakoa, muturretara jo gabe, lehia sanoa motibazioa izan baitaiteke ariketa fisikoa egiten jarraitzeko.

Zentzu horretan, lasterketak eta lasterketak daude. Batzuetara aurkezteko badirudi kasik profesionala izan behar duzula, parte hartzen dutenen maila altua delako eta zure burua jokoz kanpo sentitu dezakezulako. Baina astebururo ez bada hilero lasterketaren bat dugun herri honetan –negozio bilakatu direla kritikatzen dute batzuek–, bestelako ereduak ere baditugu: Lilatoiak esaterako, emakume asko lehen aldiz lasterketen mundura hurbiltzeko eta, areago, korri egiten hastera animatzeko balio du oraindik ere. Triatloi familiarrak ere egiten dira, Txakurkrosak, eta, nola ez, urte amaierako San Silbestre ezagunak. Nahiz eta zenbait herritako San Silbestreen izaera elitistagoa izan, Urte Zaharra festa giroan (eta maiz mozorrotuta) agurtzeko korrikaldia da leku asko eta askotan.

Zerk bihurtzen duen lasterketa bat herrikoi? Bada, xehetasunak zaintzeak, parte hartu nahi duen oro eroso sentitu dadin. Distantzia funtsezkoa da adibidez, eta horregatik proba berean distantzia ezberdinak egiteko aukera ematen dute gero eta antolatzaile gehiagok, norberak egokien datorkion alternatiba aukera dezan. Ibilbidearen gogortasun eta malgutasun mailak ere eragina dauka, jakina, eta amaieran sariak banatzeko hartzen diren irizpideek (egindako denboraren arabera edo zozketa bidez, esaterako). Txipik gabe (hots, denbora markarik neurtu gabe) egunean zehar edozein unetan hasi eta bukatzeko aukera ematen duen lasterketarik ere bada, bakoitza bere erritmora eta bere helburuekin aritu dadin.

Euskal Herrian, lasterketa herrikoirik bada Behobia-Donostia dugu hori, parte-hartzeari dagokionez behintzat. Masifikatuegia dagoela kexu dira korrikalari batzuk, baina filosofia eta maila guztietako jendea biltzeko aukera ere ematen du horrek. “Niri jendeak esan izan dit, ‘Behobian oso lasai ateratzen naiz txarra izanda, hainbeste jende ateratzen da nire abiaduran, babestuta noala’. Beste edozein proba herrikoira zoaz eta lasterketa erdian bakarrik joateko arriskua daukazu, edo erratz-autoa atzean duzula, edo pasa ahala zinta kentzen ari zaizkizu… Baina Behobian, hainbeste jende dagoenez, beti zaude korrikalariz inguratuta, bakoitzak bere karrera egiteko aukera du eta uneoro babestuta sentitzeko aukera, atentzioa eman gabe”, kontatu digu Dorleta Ugalde kirol adituak (Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaritzan dihardu). Atzeko pelotoia mantentzea lortzen duten lasterketek erraztu egiten baitute edonork parte hartu ahal izatea.

Behobia-Donostia prestatzeko aitzakian, arratsaldetan edota asteburuetan korri egitera ateratzen diren herritar taldeak sortu dira leku ugaritan, afizioa urte osoan zehar mantenduz. Era berean, emakumeak korrikara zaletzeko tresna izan da Behobia. Emakundek bideraturiko diru-laguntzei esker, eskualdeka emakume taldeak sortu zituzten, entrenatzaile baten gidaritzapean lasterketa prestatzeko. “Zarauzkoa da arrakastatsuena eta 80-100 emakume inguruk eman zuten izena, adin guztietakoak, inoiz korritu gabeko 100 emakume! Gaur egun, maila guztietako emakumeak dituzte korrika eta Behobiako helburua askogatik gainditu dute, lasterketa herrikoi pila batean hartzen dute parte”, azaldu du Ugaldek.

Emakume nahiz gizon, 20 kilometroko lasterketa gipuzkoarrak jende andana bilduko du 50. urteurrenean: 30.000 lagun ariko dira korrika (horietatik 40 inguru ezinduak: itsuak, buruko gaitzen bat dutenak, gorputz adarren bateko arazoa dutenak…), 221 patinetan, 18 hand-bike direlakoetan eta 3 gurpildun aulkian. 4.400 metroko Behobia Gaztea ere prestatu dute ordu erdi lehenago eta aurreko egunean, haurrei zuzenduriko Behobia Txikia egingo da (2.800 partaide). Izan ere, lasterketan parte hartuko duten askok Haruki Murakami idazle japoniarraren antzera bizi dute korri egitea: “Ekintza hori nire bizimoduan integratzen joan zen, zati bat gehiago bihurtzeraino, eguneko hiru jatorduak, loa, lana edo etxeko beharren moduan”. Eta Kilian Jorneten liburuarekin abiatu dugunez erreportajea, Murakamiren What I talk about when I talk about running liburuko hitzekin emango diogu amaiera: “Garrantzitsuena da denboraren aurka ez lehiatzea. Ziurrenik, aurrerantzean niretzat zentzu askoz handiagoa izango du jakiteak zenbat gozatuko dudan kilometro horiek korrituta. Zenbakitan adierazten ez diren gauzak baloratzen eta horiez disfrutatzen hasi beharko dut”.

Korrika egiteaz galdetu diegu Behobia-Donostia egingo duten lau laguni:

Rosa Luena:
"Emakume oso gutxi ginen eta lotsa ematen zigun. Orain berdin zait nola noan jantzita edo polito korritzen dudan"

Rosa Luena
Berriozarren talde bat elkartzen da astean bitan korri egitera irteteko. Hasieran sei ziren eta egun hogeitik gora. Irudian Rosa Luena.

Erretzeari utzi ziolako hasi zen Rosa Luena korri egiten, 1989an. Aspalditik Berriozarren bizi den 48 urteko andoaindarrari gustatu egin zitzaion, federatzea erabaki zuen eta Andoaingo Zumeatarra klubean dabil ordutik. “Hasieran abentura bat zen, ez nuen nire burua kirolari gisa ondo ezagutzen, gero entrenatzailearen esanetara erronkak jartzen hasi nintzen, markak lortzera ateratzen, eta urteekin erritmoa jaisten joan naiz; orain sentsazio onen bila ateratzen naiz, disfrutatzera. Gainera, urte hasieratik alaba bat dugu eta horrek ere aldatu egin ditu gauzak…”.

Luenari sekulako lasaitasuna ematen dio korri egiteak, umore txarra askatzeko modua da eta bakarrik ateratzen denetan, pentsatzeko aukera ona da. Korri egiteari esker jendea ezagutu eta lagunak egin dituela gaineratu digu. Berriozarren adibidez, talde bat elkartzen da astean bitan korri egitera irteteko; hasieran sei lagun ziren eta gaur egun hogeitik gora. “Eta Iruñean, Gaztelu enparantzan 40 korrikalari inguru elkartzen dira entrenatzeko, lasterketa bat dirudi!”. Hastapenak, ordea, bestela gogoratzen ditu, Andoainen: “Etxetik oinez ateratzen nintzen eta auzotik irten arte, Leitzaranera iritsi arte, ez nintzen korrika hasten. Emakume oso gutxi ginen garai hartan korrika eta lotsa ematen zigun. Gaur egun berdin zait, baita zer daramadan jantzita ere, polita den edo ez, erosoa izatea da garrantzitsua, eta berdin zait polito korritzen dudan edo ez, baina hasieran… Behobia-Donostia egin nuenean jarri nituen lehenengoz galtza motzak, entrenamenduetan galtza luzeekin ateratzen nintzen. Nik uste hori gaindituta dagoela, espero dut, emakume gehiago ikusten da gaur egun korri egiten, nahiz eta gizonezkoak baino gutxiago. Denboragatik agian, familiako kontuak gure gain hartzen ditugulako oraindik ere”.

Lagun batekin batera egin zuen lehenengo Behobia, 1989an bertan, eta oso esperientzia ona izan zuen. Aurtengoa, egiten duen 26. aldia izango da, oraindik ere Zumeatarrak klubeko lagunekin. Urte hauetan guztietan, denetariko eguratsak egokitu zaizkio eta abiapuntuan beti Irungo taberna berera joaten direnez, tabernariak ezagutu egiten ditu dagoeneko. “Lehen prestatu eta marka egitera ateratzen nintzen, orain gustura egitea da asmoa, jai giroan, nahiz eta nire burua zirikatzen jarraitzen dudan eta ahal dudan ongien egiten saiatzen naizen”. Lasterketa berezia dela dio, batez ere publikoagatik: “Mundu guztia ateratzen da kalera animatzera eta izugarria da nola inplikatzen diren. Ibilbideko gune jakinetan musika ere jartzen digute zaletu batzuek…”. Luenaren gomendioa, txikitatik ariketa fisikoaren kultura barneratzea haurrek: “Asteburuetan seme-alabak mendira eramanez adibidez, edo beti autoa hartu beharrean lekuetara paseatzen joanaz”.

Antxon Ubiria:
"Gizarte lokartua nahi dute, mugituko ez den eta arazorik sortuko ez duen jendea, sofan botata"

Antxon Ubiria
25 Behobia jarraian egitea du erronka Ubiriak, gozatuz.

Antxon Ubiria 1987 inguruan hasi zen korrika, argaltzeko asmoz. Urte berean, Behobia-Donostia egin zuen anaia zaharrarekin; “3.000 bat lagun aterako ginen orduan”. Irundarrak 47 urte ditu eta gero eta gutxiago aritzen da korrika, “gero eta gehiago kostatzen delako, batez ere entrenatu osteko errekuperazioa egiten zait gogorra; minak, juanikoteak… Urteek ez dute barkatzen, baina Behobia da nire motibazioa eta erronka horrek bultzatuta egiten dut korri. Urte osoan zehar aritzeko balio dit, pixka bat baldin bada ere”. Izan ere, desafioa jarri dio Ubiriak bere buruari: 1992az geroztik 22 Behobia egin ditu jarraian, aurten 23.a egingo du eta “kaskezurrean sartuta daukat jarraian 25 egitea”. Gero gerokoak.

Helburua argi du hala ere: ondo iristea, gehiegi sufritu gabe eta gozatzen. “Ez dugu adinik ez fisikorik eta ez gogorik ez-dakit-zer-nolako marka egiteko. Batzuek markari begiratzen diote eta esaten didate, ‘aurten ez dut Behobia egingo, ez dudalako lortuko halako markatik jaistea’, eta nire baitan barre egiten dut, irabazlea bakarra delako, gainerako guztiok zer egin behar dugu, parte ez hartu? Kirol sanoa da helburua, erlojuarekin erotu gabe”. Gehienak ondo prestatuta ateratzen direla uste du, baina hainbatetan ezusteko desatseginak izan direla ere gogoratu du, sarri erronkak eta apustuak tarteko, ea nor lehenago iritsiko. “Jende asko ez da ohartzen Behobia lasterketa gogorra dela, Irungo Nafarroa etorbidea, Gaintxurizketako aldapa, Lezoko gora-beherak, Mirakruzeko gaina… Ezin du edozeinek egin”.

Datuen arabera gizarte sedentarioa garela jarri diogu hizpide. “Galdera da, sedentarioak gara ala sedentario egin gaituzte? Hainbeste WhatsApp eta hainbeste telebista… Azkenean gizarte lokartua nahi dute boteretsuek, mugituko ez den eta arazorik sortuko ez duen jendea, sofan botata geldituko dena”.

Azaroaren 9an behintzat, 30.000 lagunetik gora ez dira sofan geratuko eta urtero moduan, bere herrian hasten den korrikaldia errepikatuko du Ubiriak. Anekdota ugari ditu irundarrak. “Duela bost bat urte, ibilbidearen bukaera aldera nekatuta ikusiko ninduten eta ‘aupa Antxon!’ entzuten nuen etengabe; ni harrituta, baina nolatan ezagutzen nau jendeak?... Helmugara iristean konturatu nintzen urte hartan hasi zirela dortsalean korrikalarion izena jartzen”. Urteko egunik politena da Ubiriarentzat, festa handi bat. “Egoera onean bukatu, dutxatu eta hogeitik gora lagun elkartzen gara ederki bazkaltzera. Gaur egun, bazkariko bakarra naiz Behobian ateratzen jarraitzen duena. Ilobak dio hurrengo urtean bera ere aterako dela eta ziur naiz ondo egingo duela; nik aholku bakarra eman diot: erlojuarekin ez erotzeko eta disfrutatzeko, Behobia jai erraldoi bat delako”.

Kristina Fernandez:
"Lasterketa aitzakia da zerbait ezberdina egiteko, korri egiten jarraitzeko motibazioa"

Mendian korri egitea askoz gustukoago du Fernandezek, asfaltoan baino.

Kristina Fernandez Iruñekoa da, 38 urte ditu eta beti egin du kirola; aerobic eta step-eko monitore izana da, garai batean. Igeri egitera ere joaten zen, baina seme-alabak izan dituenetik gero eta asti gutxiago duela dio (2007an izan zuen lehena, 2013an hirugarrena) eta denboraren ikuspegitik kirol aproposa izaki aukeratu du korri egitea, “txandala eta zapatilak jantzi eta kalera”; horregatik, eta senarrak animatu zuelako (korri egiten du hark ere). “Azkenean biziki zaletu naiz”.

Joan den abenduan ekin zion korri egiteari Fernandezek. “Hasieran lotsa pixka bat ematen zidan bakarrik ateratzea, ez dakit zergatik, inoiz ez nuen kalean korri egin eta apur bat barregarri sentitzen nintzen, nahiz eta tontakeria dela jakin, eta lagun batekin batera joaten nintzen. Gero bakarrik ateratzen ere hasi naiz, lagunekin ordutegiak koordinatzea zaila baita”. Gero eta jende gehiago ikusten du lasterka Iruñean, “eta gero eta emakume gehiago, gazte nahiz heldu. Pozgarria da”. Mendian gora eta behera arineketan aritzea ere gustuko du, “asfaltoan baino askoz gehiago. Gogorragoa da, baina askoz ere politagoa eta entretenigarriagoa”. Korri egiteak hobeto egoteko balio dio iruindarrari, ongi sentiarazten duelako, fisikoki eta psikologikoki. “Une batzuetan sufritu egiten duzu, baina gero asebeteta geratzen zara”.

Hamar hilabete daramatza korrika, astero bizpahiru egunez, eta dagoeneko Iruñeko erdi maratoian, Txantreako krosean eta mendiko hiru lasterketetan hartu du parte. Behobian estreinatzea ere erabaki du, “urteko proba” delako. “Lasterketa motibazioa da entrenatzeko eta korri egiten jarraitzeko, zerbait ezberdina egiteko aitzakia, baina ez diot markari begiratzen, gustura aritzea eta disfrutatzea da nire helburua”.

Oihan Manzisidor:
"Kirola egiteko aukera gehiago eskaini beharko lirateke"

Oiartzunen jende gutxik hartzen du serio kirola, Manzisidorren hitzetan.

Gutxienez 16 urte izatea beharrezkoa da Behobia-Donostian parte hartu ahal izateko. Oihan Manzisidor oiartzuarrak aurten bete ditu 16, eta lasterketan aterako da estreinakoz. “Iaz San Silbestrea eta Txingudi Korrika egin genituen eta aurten hiru lagunen artean jarri dugun erronka Behobia egitea da”. Marka egitera joango da Manzisidor eta badaki lasterketa berezia izango dela. “Kanpotik ikusi dut orain arte, animatzera joan naizenero ikusgarria iruditu zait zenbat jendek hartzen duen parte, publikoak nola animatzen duen, dagoen afizioa…”.

Gustura amaituz gero, hurrengo urtean ere errepikatuko duela dio, auskalo, lehentasuna arraunak baitu. Arrauna da oiartzuarraren benetako pasioa. Hondarribiko Arraun Elkartean dabil eta arraunerako entrenamenduetan egiten du korri. Kirol osagarritzat du beraz, baina pozik egiten du, ikasketez ahaztu eta haizea hartzeko balio dio gainera. Gazteen artean jardun fisikoa gehiago bultzatu beharko ote litzatekeen galdetu diogu eta inguruan bizi duena kontatu digu berak: “Oiartzunen behintzat jende gutxik hartzen du serio kirola. Aukera gehiago eskaini beharko lirateke, nahiz eta horretan ari diren orain herrian”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: lasterketa
2021-11-18 | ARGIA
Behobia-Donostiaren antolatzaileek ez dute El periódico de Aragon-ek plazaraturiko lasterkariaren heriotzaren berririk

Aragoiko egunkariak jakitera eman du Taustekoa (Aragoi) den 27 urteko lasterkari bat zendu dela aurtengo edizioan. Ategorrieta parean konortea galdu zuen eta Gurutze Gorriaren Kanpainako Ospitalean artatu ondoren, Donostia Ospitaleko ZIUra eraman zuten. Informazioa ez diote... [+]


2021-07-04 | Jon Torner Zabala
Iker Karrera
"Mendian korrika egiteak lehia sustatu duela esatea ez zait justua iruditzen"

Mendizaletasunak bizi dituen aldaketarik handienak batetik teknologiaren eta bestetik korrikalarien eskutik heldu direla aipatu ziguten maiatzeko Larrun aldizkarian elkarrizketatu genituen zenbait lagunek. Iker Karrera (Amezketa, 1974) eta Jone Urkizu (Azkoitia, 1979) mendi... [+]


2020-08-31 | ARGIA
Behobia-Donostia lasterketa bertan behera geratu da

Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi du koronabirusa dela-eta osasun segurtasuna bermatzerik ez dutela, eta beraz, azaroaren 8an jokatzekoa zen lasterketa ez dela egingo.


2017-06-05 | Goiena
740 korrikalari inguru batu ditu Lasterbidean lasterketak Oñatin

Euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko nazio lasterketaren V. edizioa egin da gaur, domeka, Oñatin. Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, jende ugarik hartu du parte, bai patinetako lasterketan, bai distantzia motzeko korrika lasterketan, baita distantzia luzekoan... [+]


Bostongo Maratoian parte hartu zuen lehen emakumeak berriro egin du, 50 urteren ostean

1967an K. V. Switzer izenarekin erregistratutako korrikalari batek lasterketa historikoa egin zuen Bostongo Maratoian: gizonentzako lasterketa batean modu ofizialean parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen. Aurten berriro egin du, 70 urterekin.


Eguneraketa berriak daude