argia.eus
INPRIMATU
Ez nau izutzen (bizitzako) negu hurbilak...
IƱaki Mendiguren 2014ko azaroaren 06a

J. hogeitaka urteko mutil gaztea da, euskal herritarra, eta kirolari amorratua zen, asko ez dela Alboko Esklerosi Amiotrofikoa diagnostikatu zioten arte. Dagoeneko oso ezinduta, heriotza eta heriotza besterik ez omen du erregutzen. Baina ingurukoek ezin irentsi erabakia eta lasaitzeko eskatzen diote, onartzeko bere egoera.

Gure artetik joandakoak gogoratzeko egunetan gaudelako kontatu dut hori. Eta heriotza ez delako hildakoen afera, baizik eta batez ere biziona; zerbaitek bereizten bagaitu gizakiok beste abereengandik hilkortasunaren kontzientziak bereizten gaitu. Eta heriotzaren beldurrak azaltzen du ongien zergatik behar izan duen gizakiak bere erlijio edo filosofietan arimen transmigrazio edo berraragiztapena, arimen hilezkortasuna, hildakoen piztuera eta abar asmatu.

Izan ere, dagoenik eta kolperik gogorrena da gure “ego”arentzat, ume-umetatik neke handiz eraikitako “fikzio” horrentzat, bat-batean desagertzea! Eta ez du egoera asko hobetzen gure artean azkenaldian heriotza berriro tabu bihurtu izanak; saiatzen gara gugandik urruntzen, isiltzen, ezkutatzen... baina alferrik! Niretzat bi ariketa badira gai honetan lagungarri: bata, egunero minutu batzuk ematea Herio besarkatu eta berarekin adiskidetzen... biharamunera arte itxaron dezala eskatuz! Egunean zehar bakea ematen du gero. Eta bestea, gure egoa puztu ordez, airea kentzen saiatzea; izan ere, itsaso zabaletik sorturiko olatuak bezala gara, urtetxo batzuk hondartzan jolastu eta berriro itsaso zabalera itzuli beharrekoak. Gure egoak ez duela ur-masa handi horretan nahastu nahi? Ez, ez du nahi, “baina hilkor sortu ginen eta zer erremedio” Odolaren mintzoan Xalbadorrek dio.

J.-ren kasua kontatu zigunak beraren alde otoitz egiteko eskatu zigun, bere egoera onartu eta kemena izan dezan. Baina nik (eta beste askok) ezin diogu jada, umetan bezala, jainko ahalguztidunen bati errezatu. Hala ere, goizero izaten dut J. gogoan, eta eskatzen diot Bizitzari egin dadila J.-ren borondatea lurrean behintzat, ez baitago inon gizakiari heriotza duina ukatuko dion jainkorik. Geure bukaeraren kontrola geure esku izateak ere laguntzen du heriotzari beldurra galtzen. “Ez nau iluntzen baratzatikan / azken loreak biltzeak / … / amets betezko loa baitakar / behin betirako hiltzeak” (X. Lete/M. Laboa).

PS: Testu hau idatzita zegoela iritsi da albistea: J.-k lortu du bilatzen zuen bakea, ingurukoei ere ez diet gutxiago opa!