Itziar Zigak behin idatzi zuen “zer esango ote duten” delakoak agintzen duen jendartean bizi garela. “Zer esango ote duten” horrek nahi dugun hura, garen hura edo probatu nahi dugun hura mugatzen digula. Muga horiek hain zuzen, esfera publiko guztiak erregulatzen dituen morala dutela oinarri.
Bulnerabilitate egoera handian jartzen omen gara publikoki jendarte zuzenaren marra gorriak laztantzen ditugunean. Eta bulnerabilitateari izua dio gizakiak. Horregatik egiten diogu uko askotan gehien desiratzen dugunari, apurtzeari, hitzaldi bat emateari, iritzi bat plazaratzeari...
Esfera publikoa ordea, ez da berez bulnerablea. Bulnerable sentitzen gara, de facto leku hori okupatzea tokatzen ez zaigunok hori hartzen dugunean. Eta noski, hartu behar ez genukeen bezala hartzen dugunean.
Aurreko astean inoiz baino bulnerableagoa zen eszenatoki bat hartu nuen, eta “ausarta” deitu zidan batek baino gehiagok. Eta agian hala da, baina egia dena da, dagoeneko hara heltzerako “zer esango ote duten” mamu guztiak uxatuta nituela. Eta ez dakizue benetan, horrek ze lasaitua ematen duen.