Ontsa urkatzeko bidia

Urkatzeak modu egokian egiteko AEBetako armadak 1944an argitaratutako eskuliburuaren 26. orrialdea. Irudiak urka-bilurra nola korapilatu azaltzen du.
Urkatzeak modu egokian egiteko AEBetako armadak 1944an argitaratutako eskuliburuaren 26. orrialdea. Irudiak urka-bilurra nola korapilatu azaltzen du.

Washington, 1944ko abendua. AEBetako armadak Procedure for Military Executions (Exekuzio militarretarako prozedura) izeneko liburuxka argitaratu zuen. Garai hartan heriotzara kondenatutako militarrak urkatu egiten zituzten AEBetan, eta armadako arduradunek exekuzioak ahalik eta azkarren eta garbien izatea nahi zuten; eskuliburuan bertan adierazten denez, gida osatzeko agindua Dwight D. Eisenhowerrek eman zuen, orduan armadako buru eta gerora NATOko lehen komandante nagusi eta AEBetako presidente izango zenak.

Baina arazorik gabeko exekuzio eragingarriak izateko kezka hura ez zen berria. Frantziar Iraultzan metodo azkarrena, eraginkorrena eta sufrimendu gutxien eragiten zuena omen zelako nagusitu zen gillotinaren erabilera; “exekuzio metodorik errukitsuena” zela esaten zuten. Garbiena behintzat ez zen.

Urkatzeak gillotinaren zipriztinak saihesteko aukera ematen zuen, baina horrek ez du esan nahi urka-bilurrak eragozpenik ez zekarrenik. Urkatzaileak prozeduraren oinarrizko ezaguerak izatea garrantzitsua zen: sokaren lodiera, erortzearen distantzia, kondenatuaren pisua... Bestela zigortuaren agonia luzatu zitekeen, eta borreroarena ere bai. Urkatzeen kasuistika zabalean, ez zen ohiz kanpokoa pisuak eta indarrak gaizki kalkulatu eta urka-bilurrak kondenatuari burua ebakitzea –horretarako gillotina bera hobea zen– edo, alderantziz, pisu nahikorik ez eta borreroa kondenatuaren hanketatik zintzilikatu behar izatea.

Horiek guztiak saihestea zen armadak argitaratutako 26 orrialdeko eskuliburuaren helburua. Korapilo berezia nola egin xehetasun osoz azaltzen da, urkabearen egitura ondo eraikitzeko datuak ematen dira: tamainak, lodierak, distantziak... irudi argigarriz lagunduta, Ikeako jarraibideak bailiran. Baina horiek guztiak alferrikakoak ziren gorputzen erorketa taula ez bazuten aintzat hartzen. Taula horren arabera, 120 libra (55 kilogramo inguru) edo gutxiago pisatzen duten kondenatuek 8’1’’ko (ia bi metro eta erdiko) erorketa behar dute lepoa bihurrituko dutela ziurtatzeko. 220 libratik gorakoentzat (100 kilogramo inguru) nahikoa da bost oineko jauzia, metro eta erdi pasatxo. Baina taulako datuak ez ziren hutsezinak eta borrero arduratsuak erorketaren distantzia doitzeko beste faktore batzuk ere hartuko zituen aintzat; esaterako, kondenatuaren gorpuzkera edo garapen muskularra.

Exekuzioak armadako borrero batek burutuko zituen. Borrero militarrik libre ez balego, borrero zibilek ordezkatu zezaketen, eta exekuzioaren tokiko ordainsaria jasoko zuten, beti ere exekuzioko 100 dolarreko saria gainditu gabe. Borrero zibilik ere ez balego komunitateko edozein kide izendatu zezaketen eskuliburuaren arabera, baldintza bakarra beteta: emozionalki egonkorra izatea. Esan gabe doa beste baldintza bat ere bete behar zuela: urkamendia muntatzeko jarraibideak ulertzea.


ASTEKARIA
2014ko azaroaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Eguneraketa berriak daude