Inozentziaren edabe magikoa

  • BELARMIÑAK ::Lehenengo pausoak

    Autoekoizpena, 2014

    belarmi-ak.bandcamp.com

AEBetan oso ohikoa da iraganean hardcorea zein bestelako doinu gogorragoak landu izan dituzten musikariek gaur egun power-popa edo kasu gehienetan sustraidun musika egiten aritzea. Sustraidun musika aipatzean esan nahi dut bluesa edo amerikarra, azken hau country modernoagoa. Galdetu, bestela, iaz Red Kross ikustera joan ziren hardcorezale askori; edo erreparatu ‘americana’ deiturikoaren pean dabiltzan askoren zuhaitz genealogikoei, besteak beste.

Bestalde, egia da musikari askok minimalismora ere jotzen dutela gero eta gehiago; kantuak ahalik eta biluzien idatzi eta interpretatzera. Horra hor, hurbileko adibide diren Eddie Spaghetti, Supersuckersekoa, Nick Olivery zein Iñigo Cabezafuego, besteak beste. Joseba Irazokiren adibideak ez digu balio; bere bakarkako proiektuan biluztu baino, sorgindu egiten baita.

Belarmiñak proiektu berriaren atzean Joxi Ubeda eta Iker Lopez tolosarrak daude. Lehena inguruotako hardcorearen aintzindari Tortura Sistematika taldeko kide izateaz gain, Bukaera, Batzuk eta beste hainbat proiektu gordinetan aritutako beteranoa; eta bestea Lobo Electrico taldeari glam ukitua eman eta gitarra irudimenez jotzen zuena. Biak elkartuta, Joxi abesten eta gitarra akustikoarekin, eta Iker gitarra elektrikoarekin, abestiei koloreak gehitzen. Bitxikeria gisa, beraien lehenetariko emanaldia Tortura Sistematikak izan zuen behin-behineko berpiztean izan zen.

Lehenengo pausoak izeneko lanean sei kantu batu dituzte, guztiak pop eta folkaren artekoak,  euskaraz eta Joxik abestuak, baina dagoeneko musikari gehiago dituzte inguruan. Arteriak luzatu nahi dizkigute-k zabaltzen du lana. Joxiren kantatze sosegatuak guk geuk sortu dugun presondegia deskribatu ahala, Ikerrek oihartzun bereziko giroak sorrarazten ditu, eta tarteka eskusoinuak folk kutsu polita ematen dio. Giro atsegina-k ukitu are eta bereziagoa dauka, misteriotsuagoa. Zaharrak berri-k gorputz handiagoa dauka, Joxik indartsuago abesten du eta Ikerren gitarrak intriga puntua dauka. Gero arte melodikoagoa da, jostariagoa eta bluesa tartean bada ere, barren-barrenean The Clash hurbil dabilela esango nuke. Hain da estua-rekin minimalismora bueltatzen dira berriro eta haztearen misterioa deskubritzearekin bat bossa zipriztinak ageri dira. Lana ixten duen Neketsua-n Ikerrek askatasun handiagoa hartu du eta gitarra jokoak batzutan psikodeliarantz biratzen du. Natura, haurtzaroa, inozentzia eta biziraupenetik daukaten kantu hauek Will Oldham, Txuma Murugarren, King Loser eta Igor Arzuaga izan ditzakete familia artean.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude