argia.eus
INPRIMATU
Hor datza Egunkaria

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko urriaren 29a

            1
Hor datza Egunkaria
behar zen mezularia
Hor datza Egunkaria
noren aiztoak moztu du
euskaldunon eztarria?
Euskaldunon eztarria
hor datza Egunkaria.


            2
Inmaculada Gomila
Larrunen gaindi habila?
Inmaculada Gomila
mamuak askatu ditu
De Lancrek sorginen bila.
Mamuak sorginen bila
Inmaculada Gomila.


            3
Iñaki zer egin ditek?
Iñaki zer egin ditek?
Gorilek barre dagite
zein zulotan ez miatu
txintxoek ongi dakite.
Iñaki, zer egin ditek?
Txintxoek ongi dakite.


            4
Aita Saindua elizan
errege jauna ehizan
errege jauna ehizan
Luis Goiaren arnasentzat
ez da errukirik izan.
Ez du errukirik izan
errege jaunak ehizan.


            5
Xaho eta Lauaxeta
lumak tristuraz beteta
Xaho eta Lauaxeta
euskaldunen haserrea
bildu zuen kroniketan.
Haserrea kroniketan
Xaho eta Lauaxeta.

            6
Kriskitin eta kraskitin
ez arrosa, ez krabelin
kriskitin eta kraskitin
Eginen altxor galanta
usteltzen dago Hernanin.
Kraskitin eta kriskitin
Egin usteltzen Hernanin.


            7
Etarra naizenez gero
ez dut zerurik espero
ez dut zerurik espero
Del Olmori zor dizkiot
lau gau beltz eta sei ero.
Ezin zerurik espero
etarra naizenez gero.


            8
Eder Madrilen gurbitza
hari begira haritza
eder Madrilen gurbitza
Hartzaren eskutan beti
euskaldunaren bizitza.
Madrilgo hartz ta gurbitza
haiei begira haritza.