argia.eus
INPRIMATU
Eta orain zer?
GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2014ko urriaren 29a

Eskoziako erreferendumari eskaini nion tartetxo hau orain lau astebete. Orduan oso oinarrizko ideia batzuk adierazi nituen: herriari galdetzea bera, herria eta herritarron subiranotasuna, duintasuna eta askatasuna onartzea besterik ez dela. Eskozian bizi izan den normaltasun politiko eta soziala, autodeterminazio eskubidea, Europan, ez zaiela jadanik herri “kolonizatuei” bakarrik zergatik mugatu behar; bai Euskal Herrian, baita Katalunian ere honetaz eztabaidatu eta erabaki nahi duten herritar kopuru nabarmena dagoela, subiranotasuna hitz egin ahal izatea dela.

Derrigortuta nago gaiari beste buelta bat ematera. Kataluniako errealitateak horrela eskatzen du. Egia esan, banekien horrela egin beharko nuela. Baina ez nekien zer esango nukeen, ezta zein izango zen errealitatea. Ez dakit zer pentsatzen nuen gertatuko zenari buruz eta nola bilakatuko ziren gauzak. Azkenean, panorama argitzen ari da –edo iluntzen, hori ez dakit–, behintzat datorren azaroaren 9an zein izango den herritarrek izango duten aukera gutxi gorabehera badakigu, gehiengo politikoaren aukera Konstituzio Auzitegiak aldi baterako etetea erabaki eta gero.

Gai batzuk ezin dira juridikoki aztertu, ez soilik, behintzat. Zuzenbideari bakarrik begiratuko bagenio, inork ezingo luke adierazi zergatik Auzitegi Konstituzionalak hartu duen Kataluniako gehiengo politiko eta soziala kanpoan uzten duen erabaki “expres” hori. Alde batetik, Espainiako Konstituzioak berak, bere 150.2 artikuluaren bitartez, autonomia erkidegoei hainbat ahalmen eskualdatzea baimentzen dielako; bestetik, oso zaila delako ulertzea Kataluniako etorkizunari buruz Espainiako herritar guztiek parte hartu behar izatea –begira, Eskozian ez da horrelakorik gertatu–.

Behin eta berriro entzun dugu Espainiako Gobernuak ez zeukala beste irtenbide juridikorik, baina hori onartezina da. Katalunian herriaren gehiengoak azaroaren 9an bere iritzia eman nahi badu  –horretaz ez dago zalantzarik–, hori politikoki bideratu behar da, Eskozian egin den bezala. Espainiako Konstituzioa aldaezina ez dela begi-bistakoa da –bere 135. artikulua ezin azkarrago aldatu baitzuten PPk eta PSOEk 2011ko abuztuan “merkatuak” lasaitzeko asmoz–. Gauza bera egin zezaketen oraingo honetan, horrela behar dela uste izanez gero. Baina gai horretaz beste aldagai garrantzitsu batzuei erreparatu behar diegu: 2015ean burutuko diren hauteskundeekiko alderdien kalkuluak eta Konstituzioarekiko “fundamentalismoa”, non Konstituzioa hainbat asmoren aurkako “arma” bortitza bihurtu den.  

Katalunian eman den erantzuna oraindik nahasia da, baina argituz doa. Bi gako azpimarratuko nituzke: bata, batasun politikoa mantentzea, bestea, herri mugimenduaren nahia asetzea. Lehena alderdien kalkuluei lotuta dago, baina herriak baldintza dezake: alderdi guztiek dakite asko dagoela jokoan eta herritarren nahiak alboratzen dituenak asko gal dezakeela. Bigarrena errazagoa da: argi dagoena da azaroaren 9an herriak hitz egiteko aukera izango duela eta erantzuna zabala eta sendoa izango dela.

Gainera, mundua ez da bukatuko 2014an, ezta Espainia ere. 2015ean hauteskundeak daude: maiatzean, erkidego autonomoetan, udaletan eta foru aldundietan; udazkenean, orokorrak. Gaurko indarren banaketak ez du iraungo –ala bai?– eta, seguruenik, askatasunaren eta subiranotasunaren aldeko iritzia indartuko da. Azken finean, 1978ko erregimena da zalantzan dagoena, bere osotasunean, eta honetaz ere “plebiszitua” egingo da, hala nahi badugu.