Ebolaren mehatxua: sustraiak ekologian, adarrak geopolitikan

  • Urriaren 17ra arte 9.693 jende kutsatu eta horietatik 4.811 hil ostean, kutsatutako pertsonen kopurua hilabetero bikoizten duen Ebola izurritea bilakatu da munduko arazo nagusietakoa, etsai berri eta ezezagunak mehatxaturik sentitu direlako Europa eta Ipar Amerika. Barne segurtasun aferatzat antolatu dute Ebolaren kontrako borroka.

'USNews' agentziak banatutako argazkian, lehen planoan ageri dira AEBetako itsas armadako ingeniariak Liberiako Monrovian, 3.000 militarrentzako azpiegiturak antolatzen. Bigarren planoan lekuko langile eta herritarrak haien jarduerari begira. Ebolaren era
'USNews' agentziak banatutako argazkian, lehen planoan ageri dira AEBetako itsas armadako ingeniariak Liberiako Monrovian, 3.000 militarrentzako azpiegiturak antolatzen. Bigarren planoan lekuko langile eta herritarrak haien jarduerari begira. Ebolaren eraso hau baino bi urte lehenago, 2012ko uztailean, Office of Global Health Diplomacy (Mundu Mailako Osasunaren inguruko Diplomazia Bulegoa) estatu idazkaritza sortu zuen Barack Obamak, AEBek osasun arloan munduaren lidergoa bere gain hartu behar zuelakoan. Obamak hautua berretsi zuen joan den irailean NBEaren batzar nagusian: “AEBez landa beste inork ez dauka ahalmena eta erabakia mundua mugiarazteko Daesheko terroristen kontra, errusiarren erasoaren kontrako deia egiteko eta Ebola kontrolatu eta suntsitzeko. Horra zer lortu dezaketen AEBek munduaren erronka nagusiei aurre egiteko buruzagitza bere gain hartuta”.

Ebolak ez du konspirazioen   beharrik bere hedatzea azaltzeko, mundu globalizatuak jakin behar zuen horrelako izurrite bat zabalduko zela goiz edo berandu. Ekosistema ezberdinetan biziz immunitate ahalmen ezberdinak dauzkaten populazioak nahasteak derrigor ekarri behar zuen. Hala ekarri zuen Erdi Aroan izurrite beltza, edo XVI. mendean Ameriketako biztanleria suntsituz europarrok han zabaldutako eritasun koktela, berdin XX. mende hasieran munduan milioika heriotza eragingo zituen “espainol” deitu gripea.

James C. McCann arkeologoak azaldu du asteotan denok izutzen gaituen Ebola hedatu dela mende bat lehenago gripe espainiarra bezalatsu: “Gripe espainiarraren mugimendua aztertzen baduzu, ohartuko zara garraio eta komunikabide- etan barrena zabaldu zela. Garai hartan trenbideetan barrena. Afrikara baporez iritsi zen Sierra Leonara, ironia dirudi, gaur Ebolak eraso dion herrialdera”.

Afrikako nekazaritzan eta elikaduran berezitua dagoen McCanek esandakoak Amy Lawskoskyk bildu ditu Bostoneko unibertsitatearen webgunean: “Battling Ebola: Is Human Activity to Blame?” (Ebolaren kontra borrokan: Gizakiaren jarduera al da erruduna?). McCanek ulertzen du Ebolaren krisiari erantzun biomedikua eman nahi izatea, baina uste du beharrezkoa izango dela larrialdi hau kokatzea gizakiaren eta naturaren arteko harremanen aldaketetan.

1995ean Kongok jasan zuen Ebolaren eraso oso bortitza, hilkortasun tasa handi batekin, baina isolatutako su baten moduan itzali zen hura, sortu zen Kongoko oihan sakonean bertan. Aldiz, oraingoan  oso bestelako ekosisteman piztu da izurria, Gineako baso hondatuetan.

Aipatu izan da Ebolaren sorrera baso tropikalen suntsitzeari dagoela lotuta. McCanek pittin bat konplexuago ikusten du afera: “Orain Ebola zabaldu da basoa aldaketan ari den lekuetan. Jende gehienak alde egin ostean, oihan zaharra suntsituta baso berria sortzen ari den leku horietan pertsonek harreman berriak dituzte ingurumenarekin. Nolabait alderatzeko, AEBetako hiri handien periferietan bizi garenok azeri eta mapatxe kaletartuekin dauzkagunen antzera. Mendebaldeko Afrikan deforestazioa gertatu dela esatea sinpleegia da, ingurumena ari da aldatzen”.

Trantsizioko ekosistemotan oihanez gain beste guztia ere aldatzen ari da. Alde batetik, hiritartzea masiboa da Afrikan ere, txabolategi ikaragarriak, lurraren artifizialtzea, kutsadura, eta abar. Gehi garraioen ugaritzea. Bestetik, Afrikako mendebaldeak azken hamarkadetan nozitu dituen gerrek krisi larrietan murgildu dituzte horko estatu eta administrazioak. Estatuek berek bezala osasun sistema publikoek porrota jo dute.

Orain aipatzen da jende gosetiak saguzarrak jatetik zabaldu dela Ebola, lehenago tximuen okelatik bezala. “Baina horiek ekologia mailako aldaketetan kokatu behar dira izurritea esplikatzeko. Malaria bera ere oihanetik zabaldu zen: basoan malariarekin bizi zirenek immunitatea garatuta zeukaten horrekiko baina immunizatu gabeko jendeekin topo egitean bihurtu zen izurrite. Ebola da orain kasu berria, baina badira beste gehiago gizakiaren ekologiari loturik”.         

Birusa, segurtasun afera  

Ulergarria denez, Europa eta Ipar Amerikako jendeak ez daude prest duela ehun urte gripe espainiarrarekin bezala naturak bere hautaketa egin dezan, milioika hilen artean bizirik geratuek immunitatea garatu dezaten. Gizakitik gizakira pasatzen baita. Gureganaino iristen ez direnez, ez digute hainbesteko alarmarik sortzen herrialde txiroetan orain arte Ebola baino hilgarriago suertatu diren eritasunek.

Joan den irailaren 18an Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ebatzi zuen Ebola dela “nazioarteko bakearentzako eta segurtasunarentzako mehatxua”.  Bost hilabete lehenago egina zuen Munduko Osasun Erakundeak mobilizaziorako deia, Afrikari laguntzen hasi aurretik denbora alferrik galtzen utzita: lehen kasua 2013ko azaroan azaldua zen...

Ebola, une affaire de sécurité nationale” titulatu kronika mamitsuan erakutsi du Philippe Leymairiek –Le Monde Diplomatiqueren webgunean daukan Défense en ligne blogean– izurrite honek daukan garrantzia geopolitikoa.

Leymairieren hitzetan, Afrikan bertan ere zenbait ahots hasi da salatzen Ebola arma geopolitikotzat erabiltzen dutela potentzia handiek, baliabide naturalez hain aberatsak diren lurrotan esku hartze eremuak zabaltzeko. Jeune Afrique hilabetekari moderatuak kezkati idatzi du: “Ebola mundu mailako mehatxutzat hartzen baldin bada Afrikaren birkolonizazio militar eta osasungintzazkoa ekarriko du. (...) Ohartu zarete nola bere mintzaldian Barack Obama pasatu den [NBEaren biltzarreko mintzaldian] terrorismotik Ebolara, birus batetik bestera, ‘suntsitu’, ‘erauzi’, ‘munduarentzako lanjer’ eta holakoekin?”.

Berandu bada ere alde askotatik bidali zaie laguntza Ebolak hankaz gora jarrita dauzkan Ginea, Liberia eta Sierra Leona. Aipagarriena, NBEak berak hala zoriondu dituelako, Kubak eta Venezuelak igorritako laguntza, medikuak, botikak eta materiala. Frantziako Estatuak gerrako ospitale bat eramatea agindu du, Britainia Handiak beste bat, Munduko Bankua 350 milioi euro ematekoa zen, Europar Batasuna 100 milioi...

Baina, gainera, Obamak bere esku hartzea iragarri bezain laster, AEBek hiru mila militar igorri dituzte Liberiara, amerikarrek eskualde horretan finkatzea nahi duten nazioarteko tropentzako azpiegiturak sortzera. “Migrazioen ikuspegitik –dio Leymairiek– ulertu behar dira AEBek eta zenbait herrialde europarrek egin dituzten urratsak, beldur direlako epidemia latzak mugen gainetik jauzi egingo ote duen: nahiago dute lekuan bertan kontrolatzea ondorioak beren etxeetan jasatea baino”.

1996an William Clinton zelarik lehendakari gaixotasun kutsakorrei buruzko zuzentaraua onartu zuen,  bertan ezarriz mundu mailako osasuna AEBentzako segurtasun kontua dela.  HIESA zen orduan kezka iturri. Gaur oraindik askoz gehiago dira HIESAk afrikan hiltzen dituenak Ebolak eragindakoak baino. Alta, Ebolak erakutsi duenez epe laburrean herrialde bat paralizatu dezakeela, potentzia handiek esku hartzea erabaki dute.

Ebolaren kontrako borrokaren osagai politikoek ondorioak laster erakutsiko dituzte, migrazio politikan bezala Afrikako herrialdeon eskualde mailako integrazio ahaleginetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ebola
2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Kongoko Errepublika Demokratikoa laguntzeko deia nazioarteari, ebolaren egoera larria dela eta

Ebola Gomara (Kongoko Errepublika Demokratikoa) iritsi da, Ruandatik 20 kilometrora dagoen hirira. Mugatik hain gertu dagoen hiri batera iritsi denez, Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko intereseko larrialdi gisa sailkatu du egoera.


Salome Karwah
Ebolaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu zen emakumea hil egin da, medikuek laguntza ukatu ondoren

Salome Karwah liberiarrak ebola gainditzea lortu zuen 2014an. Otsailaren 22an hil egin zen, erditu ostean. Bere senideek salatu dutenez, medikuek ez zuten artatu nahi izan. Ebolaren inguruko estigmaz eta emakumeek Afrikako zenbait herrialdetan izurriteaz geroztik jasaten duten... [+]


2016-01-20 | Jon Torner Zabala
Davos 2016
Zer gai izango dute hizpide agintari politikoek eta enpresariek?

Robotak, terrorismoa, migrazioak edota desoreka sozialak izango dituzte hizpide Davoseko (Suitza) eski estazioan bildu diren agintari politikoek, enpresariek eta Leonardo DiCaprio bezalako hainbat pertsona famatuk. Urtarrilaren 23ra bitartean egingo den Munduko Ekonomia Foroak... [+]


Eguneraketa berriak daude