Nicole Delepine mediku pediatra eta onkologoa da. Bere azken liburua da Cancer, un fleau qui rapporte (Minbizia, dirua ematen duen izurritea). Erretretan sartu artean Garches klinika onkologikoaren zuzendari aritu da, sistema publikoan. Ondoko zatia berak ezarri berri du bere blogean, ohar honekin: “Liburuan idatzi nituen hitzok ez ditu inork gezurtatu; salatzen dute “arrosa koloreko urria” (Octobre rose) bezalako kanpainen manipulazioak, behin eta berriro errepikatzen dira kanpainok inolako lotsarik gabe, krisi aroan eta finantza publikoak ito larrian daudela. Borroka politiko ‘feminista’ omen dena, baina babestu nahi omen diren emakumeen kalterako doana. Baina bi mila milioi euro… horiek ezin dira galtzen utzi hain erraz”.
Heriotza tasak jatsi eta tratamendu goiztiarrago batez kalteak gutxitzea ideia ederra da. Zoritxarrez, kantzerren txekeoen onurek basamortuko espejismoen antza dute: hurbiltzen ari zarela uste duzunean berriro urrun ageri zaizu. Azken ikerketek erakusten dute kantzerraren galbaheketen onurak gehiago zor zaizkiela terapien aurrerapenei; hori esatea, ordea, benetako tabu bat da eta zientziazko eztabaida baten argudio objektiboak kutsatzen dituzte desinformazio kanpaina gogorrek, irizpide politikoek (“emakumeen borrokaren lorpena da”, “berdintasunezko osasungitzaren politika berriena da”…) baina baita ere finantzieroek, zeren eta gehiago baitira [Frantziako] gizarteak urtero gastatzen dituen 1.500 milioi euroen pagotxak bizimodua konpontzen dien jendeak (txekeoen burokrazia, subentzioetatik bizi diren gaixoen elkarteak, erradiologoak, zirujauak, anato-patologoak…) kantzerrak berak hiltzen dituenak baino.
Ezin onartuzkoa da erakunde independente batek ez kontrolatzea urtero galbaheketa kanpainok: emaitzak bularreko minbizien hilkortasunean, emaitzak hilkortasun orokorrean, diagnostiko faltsuen tasak, gehiegizko tratamenduenak, hauen alboko kalteenak… Finantza publikoak Kontuen Auzitegiak gainbegiratzen ditu. Finantzen ikuspegitik haiek bezain garestiak diren eta populazioarentzako hain zamatsuak izanik, zergatik ez da berdin egiten osasun publikoko proiektuekin? Bitartekorik onenak eduki behar ditugu, horretarako funtzio publikoaren kontabilitate arau berak bete araziz eta ez finantzatuz herritarrei benetako onurak ekartzen dizkieten proiektuak baizik.