Magia beltza Ipar Irlandako gerran, ingelesen eskutik

  • Ipar Irlandan 1970eko hamarkadan militar ingelesek, indar militar bortitzaz gain, eskura zituzten propaganda eta desinformazioa naro erabili zituzten Sinn Fein eta nazionalistak ahultzeko. Armadako ofizial ohi batek aitortu berri du sorginkeria eta magia beltza ere erabili zituela lekuko giroa nahastu eta herritarrak ikaratzeko.

Ipar Irlandako argazki artxibo publikoko irudi handian militar ingelesak patruila lanean 1972an. The Guardianek bere kronikan eskainitako irudi txikian, Sunday World egunkariak 1973ko urrian azaldutako lehen orria: ”Magia beltzaren beldurra mugako b
Ipar Irlandako argazki artxibo publikoko irudi handian militar ingelesak patruila lanean 1972an. The Guardianek bere kronikan eskainitako irudi txikian, Sunday World egunkariak 1973ko urrian azaldutako lehen orria: ”Magia beltzaren beldurra mugako bi herritan” dio titulu nagusian. Oraindik bizi den Frank Kitson jenerala izan zen britainiarrek Ipar Irlandan antolatutako gerra bereziaren buru. Aurretik ofizial bezala aritu zen Kenyan, Mau-Mauen gerrillaren kontrako operazioetan. Inperio britainiarraren domina gorenen jabe den Kitsonek bi liburu famatutan bildu du kontraintsurgentziazko teoria: “Gangs and Counter-gangs” (1960) eta “Low Intensity Operations: Subversion, Insurgency and Peacekeeping” (1971). Intentsitate ahuleko operazioak liburua argitaratutako urte horietan bertan jarri zituen praktikan Irlandan. Jarraitzaile zorrotzak izan ditu mundu guztian, Espainian barne.

Sentsazionalista irudi luke  Londresko The Guardian egunkariak urriaren 9an eskainitako titulu honek: “Satanic panic: how British agents stoked natural fears in Troubles”, alegia “Magia beltzezko panikoa: nola Britainia Handiko agenteek zabaldu zituzten antzinako beldurrak Ipar Irlandako liskarren garaian”. Debaldeko sentsazionalismo horia emango luke baldin eta ez balitz Ingalaterrako egunkari serioenak jarri duela horrerarako erabiliz soziologo eta irakasle ezagun baten liburu berria.

Londresko tropek kontraintsurgentziazko borrokan sorginkerien eta esoterismoaren beldurrak nola usatu zituzten argitu du Richard Jenkins soziologoak argitaratu berri duen “Black Magic and Bogeymen” liburuan. Garai batean haurrei beldurra eragiteko aipatzen zitzaien gizon gaiztoa da ingelesez Bogeyman, gaztelaniaz El coco edo El hombre del saco eta frantsesez Croque-mitaine da. Euskaraz Hamalau zaku deitzen zela dio Zehazki hiztegiak baina umetan guri sarritan aipatzen zitzaizkigun Zakero, Sakamantekas eta abar ere.

Kontua da duela 40 urte Londresko inteligentziako agenteek Ipar Irlandan zabaldu zituztela zurrumurru eta albiste faltsuak haizatuz deabruak hartutako jendeak, meza beltzak, sorginkeriak eta enparauak, urte haietako liskarretan indartzen ari ziren talde armatuak ahultzen laguntzeko. Sheffieldeko unibertsitatean ari den Jenkinsek libururako elkarrizketatu ditu horretan aritutako ofizialak, eta tartean armadaren operazio beltzen buru izandako Colin Wallace kapitaina.

Wallacek aitortu du 1972-1974ko urteetan, ingelesez Troubles (liskarrak)  bataiatutako garaien une beroenean, iritsi zirela Belfasteko gune istilutsuenetan gauez ipintzera kandela beltzak eta azpikoz gain jarritako gurutzeak, etxe zahar hondatuen inguruetan. Ondoren armadako prentsa arduradunek horiei buruzko istorioak banatzen zizkieten egunkariei, aipatuz meza beltzak, errito satanikoak eta abar, Belfast iparraldeko auzo katolikoetan edo protestanteetan gertatzen ari omen zirenak.

Militarren desinformazioak funtzionatzen zuela erakusten du The Guardianek albiste hau aberasteko dakarren faksimileak: Sunday World egunkariaren 1973ko lehen orri bat dioena “Black magic, fear in two border towns” (Magia beltza, beldurra mugako bi herritan).

Britainiarrek, Wallacek dioenez, jokoa atera nahi zien eliza katolikoak eta protestanteak gatazkan zeukaten garrantziari eta Irlandan orduan ere oso bizirik zegoen sineskeriari, gatazkan ari ziren alde guztien posizioak errazago manipulatu ahal izateko. Alboko beste onura bat ere ikusten zioten operazioari: gaztetxoak eta haurrak uxatzea ingelesei interesatzen zitzaizkien guneetatik, hala nola ezkutuko behatokiak antolatuta zeuzkaten eraikinetatik.

Kitson jeneralaren laborategia  

1972-74 urteak izan ziren Ipar Irlandako gatazkan odoltsuenetakoak. Garai horretan ekin zioten Ulsterreko lealistek beren arerio politikoak errito estiloko tortura bidez hiltzeari. Sona handikoa gertatu zen 1973ko hilketa bat, Paddy Wilson politikari katolikoa eta haren laguna Irene Andrewsena. Jenkins soziologoak idatzi du militar ingelesek sortu nahi izan zutela halako lotura bat jendeen buruetan izugarrikeria horien eta sorginkeriaren artean.

Soziologoari informaziook berretsi dizkion John Colin Wallace ez da ezezaguna. 1943an sortua, armadan kapitain graduraino iritsia, gerra psikologikoan egin zen aditu eta 1970ko hamarkadako urte gogorretan Londresek horretarako prestatutako ekipoaren buru aritu zen. Bera omen zen Ulsterreko natibo bakarretakoa ekipo bereziko ofizialetan, hori ere bere alde.

Gerra psikologikoa zen ingelesek Ipar Irlandako matxinada itotzeko antolatutako kontraintsurgentziazko estrategia zabalaren osagai. Oraindik bizi den eta inork molestatu ez duen Frank Kitson jenerala eduki zuen buru.

ARGIAko ekipoa 1985ean argitaratzen hasi zen Larrun aldizkariak  bigarren zenbakian dossier zabala eskaini zion gaiari: “Irlanda, gerra bereziaren laborategia”. Interneten irakurgai dago. Hartan adierazten zenez, frantsesek Vietnamen eta Aljerian antolatutako estrategia kontraintsurgentetik edan zuen Kitson ingelesak eta hortik bazkatu ziren gero munduko beste armada asko, tartean Espainiakoa, 1980ko hamarkadan gaiotako arduradun zeukala Andres Casinello jenerala.

Kitsonen aginduetara aritu zen garaian, ordea, Colin Wallacek izan zuen beste operazio bereziago baten berri. Clockwork Orange izenarekin, Britainia Handiko militar eskuindarrenak ari ziren konspiratzen errepublikanoekin negoziaketen bidea irekitzeko asmoren bat zuten politikariak izorratzeko, izan laborista edo kontserbadore.

Bigarren eskandalu bat ere haizatu zuen Wallacek: Kincorako mutikoen eskolako abusuak. Berak salatuaren arabera, Ipar Irlandako poliziak bazuen eskolako buru pedofiloen desmasien berri, baina ez zuen deus egin arduradunetako bat poliziaren eta zerbitzu sekretu militarren laguntzailea zelako.

Bi kontuez libreago mintzatzeko utzi zuen armada Wallace kapitainak, baina laster aurkituko zen ondorioek harrapatuta. Alde batetik sekretu militarrak kazetariei jakinaraztea egotzi zioten. Okerragoa izan zen bigarren zepoa: Kincorako pedofiloen istorioak zabaltzen hasita laster, 1980an, Wallaceri egotzi zioten lankide baten senarra hil izana.

Hiltzailetzat kondenaturik bost urte espetxean eman ondoren lortu zuen kasua berriro aztertzea eta azkenean libre geratu zen. Fama handiko kasu hartaz Paul Foot kazetariak idatzi zuen “Who Framed Colin Wallace?” (Nork jarri zion tranpa Colin Wallaceri?) liburua. Footek hasieran uste zuen Wallace gezurretan ari zela, Londresko militarrek esaten zuten moduan gizona polizia xume bat besterik ez zela, baina ikertu ahala ohartu zen eliteko ofizial izana zela, Wallacek berak aldarrikatzen zuen moduan.

Espetxetik irtendakoan, Wallacen lekukotasuna baliatu dute Ipar Irlandako masakrerik larrienetako bat argitzeko. Hamabost hil ziren –gizon, emakume eta haur– The McGurk’s Bar ostatuan lehertutako bonbarekin. Amona han hil zioten Ciarán MacAirtek 2012ko liburu batean argitu zuen bonba paramilitar unionistek jarri zutela, ez IRAk, militar ingelesek esan bezala. Hitzaurrea Colin Wallacek egin zion.

Militarrak orain aitortu dituenak fikziozko film batean jarriz gero, ikusleek  esango lukete gidoigileei eskua arinegi joan zaiela. Magia beltza antiterrorismoan, nork sinetsi...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude