CÚlia Vila

"Umiliatuak izateaz nekatuta, euren eskubideak aldarrikatzeko batzen dira dokumentaleko emakumeak"

  • Yamuna ehungintzako langilea da Indian. Urtebete darama lanik egin gabe, greba egiten saiatzeagatik. Egunero lantegira joan eta zortzi ordu pasatzen ditu bertan; soldata kobratzen du, baina lan egitea debekatu diote. Enpresak ez du kaleratu nahi, eta bera ezin da joan. Izan ere, badaki inguruko enpresek ez dutela kontratatuko, nagusiak horretaz arduratu baitira. Les costures de la pell (Azaleko josturak) dokumental katalanak jaso dituen historietako bat da.

Judith Perez @judyjudd
2014ko urriaren 26a
Irudian, ehungintza fabrika bateko langileak greban.
Irudian, ehungintza fabrika bateko langileak greban.

Sei hilabete eman dituzte Cèlia Vila eta Enric Escofet-ek Indian, eta horren emaitza da Les costures de la pell. No Dust Films kolektiboko gainerako kideekin batera (Marina Estopiñan, Marc Soler eta Eduard Valls), dokumentalaren muntaketa bukatzen ari dira eta udazken honetan mikrofinantzazio kanpaina jarriko dute martxan, filma ahalik eta leku gehienetara eramateko helburuz. Baldintza kaskarretan, baina borrokatzeari uko egin gabe, arroparen industria erraldoiarentzat josten duten Indiako emakumeez hitz egin dugu Cèlia Vilarekin.

Zer dela eta erabaki zenuten Indiara joatea?

Duela ia bi urte, multinazionalak ikertzen dituen SOMO erakundearen Captured by Cotton txostena iritsi zitzaigun eskuetara,  kasualitatez. India hegoaldeko milaka emakumek ehungintzaren industriarentzat lan egiten pairatzen duten egoeraren berri ematen zuen: ez dute mugimendu askatasunik, ezin dira beren familiekin kontaktuan jarri, lanaldi amaigabeak bete behar dituzte eta fabriketako begiraleen partetik hamaika gehiegikeria jasaten dituzte. Txosten horrek biziki hunkitu gintuen; emakume horiek infernu bat bizi dute, guk erosi eta jantziko dugun arropa egiten. Asko pentsatu gabe, euren borrokarekin bat egitea erabaki genuen. Oinarrizko ekipamendu teknikoa bildu eta Indiara joan ginen dokumentala grabatzera.

Zer ikusiko dugu dokumentalean?

Sei hilabete pasa ditugu langileokin India hegoaldean, eurekin bizitzen. Dokumentalak emakume hauen sufrimendua eta jasaten duten diskriminazioa erakusten du, baina baita euren ausardia, indarra eta gauzak aldatzeko gogoa ere.

Egiten dugun erosketa bakoitzak ondorio larriak ditu lan esklabotzan, eta hori ez da bidezkoa. Les costures de la pellek horretaz ohartzeko balio izatea espero dugu. Hala ere, ez dugu bilatzen ezer irakastea, edo irudi eztabaidaezinak sortzea, ikuslearen gogoeta baizik. Haien mezua ahalik eta modu zintzoenean transmititzen saiatu gara.

Gogorra da Indiako jostunen egoera.

Diskriminazio hirukoitza jasaten dute: soziala, ekonomikoa eta generozkoa. Pobreak dira, askok ez dute ikasketarik, ezta baliabiderik ere, eta egunero ehunka arropa pieza egiten dituzte oso soldata eskasaren truke. Produkzio oso altua exijitzen diete, eta batzuek astero 60 orduko lanaldiak bete behar dituzte, 10 ordu egunero. Atsedena hartzeko tarteak oso laburrak dira: ordu erdi bazkaltzeko eta hiru minutu tea hartzeko. Patronalak, gainera, abusatu egiten du: soldatak nahi dutenean murrizten dituzte, eta ez dizkiete aparteko lanorduak ordaintzen. Are gehiago, langileek euren lanalditik kanpo lan egiteari uko egiten badiote ez dute soldata jasotzen. Begiraleen partetik tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten dituzte, ekonomikoki marjinatzen dituzte eta ez dute ia denborarik euren seme-alabekin egoteko. Askok aitortu digute aukera izan balute ez zuketela seme-alabarik izango, ama ona izatea ezinezkoa zaiela uste dutelako. Eta oso argi utzi digute euren egoera ez dela soilik lan baldintza prekarioen ondorio; gizarteak beti tratatu ditu gaizki. Senarren jarrerari buruz etsipenez hitz egiten dute, eta askok tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituzte fabriketako begiraleengandik, medikuengandik… eta askatasuna merezi ez dutela pentsatzen duten gizonengandik.

Nola lortu zenuten emakume horiengana iristea?

Indiara iritsi ginenean gure kontaktu bakarra Cividep izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundea zen. Bangalore-n aritzen dira, langileak eta komunitateak ahalduntzen eta enpresek giza eskubideak betetzen dituztela bermatzen. Haiek eman ziguten Garment Labour Union (GLU) ekimenaren berri. Emakumeek osatu eta zuzendutako ehungintza sindikatua da GLU, eta langileen baldintzak hobetzea du helburu. Sindikatu horri esker ezagutu genituen gure dokumentaleko protagonistak: umiliatuak izateaz nekatuta, euren eskubideak aldarrikatzeko batzen diren emakumeak. Ez dute baliabiderik, ezta laguntzarik ere, baina beldur gabe borrokatzen dute, euren egoera hobetzeko.

Hasieran arreta eta zuhurtasun handiz jokatu zuten gurekin. Izan ere, beren alde dagoen norbait aurkitzea ez da ohikoena. GLUko bulegoan bizitzea eskaini ziguten, beraiek bizi diren eta lan egiten duten auzo berean. Gertutasun horrek asko erraztu zuen gainerakoa eta egunez egun elkarrenganako konfiantza sendotu genuen. Emakume hauen indarra eta egoera aldatzeko gogoa ezusteko oso atsegina izan zen.

Lan baldintza prekarioez gain, beraz, emakume hauen eskubideen aldeko borroka ere jorratu duzue dokumentalean.

Hasiera batean, sindikatua aipatu baino ez genuen egin behar. Baina iritsi ginenean emakume hauen antolatzeko ahalmena eta grina ikusi genituen. Aktibismoak garrantzi handia du beraien bizitzan, eta ondorioz, hala islatu behar zen dokumentalean ere. GLU sindikatuak prestakuntza jardunaldiak egiten ditu, lan zuzenbidearen inguruan. Eskubideak nola aldarrikatu azaltzen diete langileei, abokatuen eta aktibisten laguntzarekin. Sexu erasoa zer den eta nola saihestu, zeintzuk diren enpresak legez eskaini behar dizkien zerbitzuak, zer egin behar duten horiek eskura izateko…

Oro har, Indiako gizarteak ez du ongi ikusten emakumeak beren kabuz antolatzea, baina gauzak aldatzeko borondateak ematen die indarra egunerokoan. Jardunaldiek, gainera, elkarrekin harremanak eratzeko balio dute, baita dituzten baliabideak modu eraginkorrean kudeatzeko mekanismoak sortzeko ere.

Horren guztiaren jakitun al gara mendebaldarrok?

Ehungintzan gertatu izan diren istripu larrien ondorioz, langileen lan baldintzak munduan soberan ezagunak dira. Baina bidegabekeria horien aurrean gizartearentzat askoz erosoagoa da ezikusiarena egitea, ez baitiogu ezeri uko egin nahi. Sarri, alde handia dago “jakinaren gainean egotearen” eta “enpatizatzearen” artean.

Zergatik mantentzen dira halako lan baldintzak XXI. mendean?

Arazoa ez da lan baldintza horiek mantentzen direla, egunez egun okerragoak direla baizik. Merkatuan lehiakorrak izateko, ehungintzaren industriako ekoizleek produkzio kostua murriztu behar dute eta produkzio kostuaren zatirik handiena langileria da. Hortaz, kostuaren murrizketa nola lortzen dute? Lan baldintza prekarioak ezarriz eta lana “feminizatuz”. Emakumeak “lasaiagoak”, “fidelagoak”, “diziplinatuagoak” eta, azken finean, “merkeagoak” dira.

Eta guk, kontsumitzaile bezala, zer egin dezakegu?

Kontsumitzaileok ez gara egoera honen arduradun bakarrak, baina azken muturrean gu gara produktua ordaintzen dugunak eta nolabait produkzio sistema hau bizirik mantentzen dugunak. Modan dagoen arroparen bila bizi gara, momentuan izan nahi dugu eta ahalik eta prezio txikiena ordaindu, kontuan hartu gabe arropa hori egin duenak are gutxiago irabazten duela. Prezio baxuegiko produktuei “ez” esaten ikasi behar dugu, prezio baxuko produktua kalitate baxuko bizitza delako, egin duen pertsonarentzat. Kontsumitzaile gisa zer, noiz eta non erosi nahi dugun eta zer erabilera emango diogun erabakitzeko ahalmena dugu. Kontsumo arduratsua egitea giltzarria da mundu bidezkoagoa eraikitzen laguntzeko.

No Dust Films-eko kideetako lau: Marc Soler, Cèlia Vila, Enric Escofet eta Eduard Valls.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Prekarietatea  |  Sindikalgintza  |  India  |  Kontsumismoa

Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-22 | Juan Mari Arregi
Gazteen etorkizun profesionalarekin, zer?

Joan den astean bi albiste garrantzitsu izan dira, gazteen lan etorkizunari eragiten dietenak, eta beraz, gobernu, administrazio nahiz hezkuntza arduradunentzat hausnarketa eta eztabaidarako gai izan beharko luketenak.


2018-07-19 | ARGIA
Lan istripuak enplegua baino gehiago ugaritu ziren iaz

Osalanek emandako datuen arabera, 2017an 33.398 lan istripu izan ziren. Horietako zati handiena langilea lanean hasi eta sei hilabeteren buruan izan ohi da.


2018-07-18 | ARGIA
Gipuzkoako hondartzetako sorosleak grebara deitu dituzte uztaila bukaeran

Uztailaren 29, 30 eta 31n Gipuzkoako hondartzetako sorosleek greba egingo dutela adierazi du ELA sindikatuak. “Bizi duten egoera prekarioa” salatu nahi dute.


Gipuzkoako hondartzetako sorosleek lan baldintza prekarioak salatu dituzte

ELAk Gipuzkoako sorosleen lan prekarietatearen berri eman du eta Gurutze Gorria eta udalei egoera honetan “bustitzeko” eskatu die. Ostiralean prentsaurrekoa egin dute Donostiako Kontxan.


2018-07-10 | Hiruka .eus
Lankide baten heriotza salatuko dute EHUn

LAB, Steilas, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek ordu beteko lanuztea deitu dute asteartean 12:00etatik 13:00etara. Horrez gainera, kontzentrazioa egingo dute, 12:15etik 12:45era, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan.


2018-07-06 | Hala Bedi
Gasteizen hasiko da prekarietatearen aurkako 'Gazte Bira'

GazteBira ekimena, Euskal Herrian Bizi dinamikaren barruan, Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko dituen egitasmoa da, Ernai gazte Antolakundeak aurkeztu duena.


2018-06-28 | ARGIA
Zaintza eta etxeko langileek beraien eskubideak aldarrikatu dituzte Bilbon

Mujeres del Mundu Babel, Ellacuria Fundazioa, Torre de Babel eta Trabajadoras No Domesticadas elkarteek deituta, elkarretaratzea egin dute asteazkenean Bilboko Moyua plazan. Beraien eskubideen aldeko aldarria egiteaz gain, 6777 emendakinaren kontra agertu dira.


2018-06-25 | ELA sindikatua
EAEn 100.000 pertsona baino gehiago daude alokairuzko etxebizitzarik eskuratu ezinik

Azken urteotan alokairuzko etxebizitzek izan duten bilakaerari buruzko txostena aurkeztu du ELAk. Sindikatuak emandako datuen arabera, egoera larriagotu egin da; izan ere, alokairuek gora egin dute etengabe azken urteotan. Ondorioz, 113.600 pertsonek ezin izan dute independizatu etxebizitza duin baten faltagatik.


2018-06-21 | Topatu.eus
Ikertzaile gazteen prekarietate-egoera salatzeko, erreklamazioak aurkeztu dituzte EHUko erregistroetan

EHUko doktoretza aurreko ikertzaileek protestak egin dituzte gaur Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako campusetan. Kontratu amaieragatik kalte-ordainak eskatzeko erreklamazioak aurkeztu dituzte unibertsitateko erregistroetan.


2018-06-19 | Hala Bedi
Gasteizko SuperCor supermerkatuan eta inguruan ekimena egin du LAB-ek

SuperCor Express izeneko denda zabaldu zuten duela hiru aste Zulaika kirol-denda zegoen lokalean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude