"Zenbait estereotipotatik ihes egin dut"

  • Zuloak taldeak emandako azken kontzertutik urtebetera, bakarkako ibilbideari ekin eta lehen diskoa aurkeztu digu Tania de Sousak: Tania Tank (Talka Records, 2014). Lan eklektiko eta anitza egin du Zuloak taldeko abeslari ohiak, rock kutsua galdu gabe baina pop eremura jauzi ausarta eginez, batzuek espero zutenaren kontra. Musika eszenan luzaroan gelditzeko asmoa igartzen zaio.

Tania de Sousa (eskuinean) eta bere taldekideak. Ezkerretik hasita, Ander del Sol, Maitane Alonso eta Fermin Bouza.
Tania de Sousa (eskuinean) eta bere taldekideak. Ezkerretik hasita, Ander del Sol, Maitane Alonso eta Fermin Bouza.

Tania Tank diskoarekin ekin diozu zure bakarkako ibilbideari, nolakoa da aurkezpen hau? Bilatzen zenuena aurkitu duzu?

Oso zaila da bilatzen duzuna aurkitzea, baina uste dut lehen baino gertuago nabilela. Nire soinua ateratzen ari dela uste dut, nire ahotsa den bezalakoa da diskoan, artifiziorik gabekoa. Musika aldetik ere mugak apurtu ditut, edozertan ausartzen naizelako, eta niretzat plazer bat da.

Kolaborazio apartak izan dituzu: Mursego, Mikel Aizpuru, Koldo Soret, Xabier Solano, Fermin Muguruza... Musikariok ondo ezagutzen dituzu gehienak.

Bai. Egia esanda, horrelako kolaborazioek kolorea ematen diote lanari. Zorte handia izan dut horrelako jendea nirekin aritu delako. Musikari apartak direlako eta kantek beste dimentsio bat hartzen dutelako.

Disko hau tarteko, iraultza ala bilakaera izan da zure musika ibilbidean gertatu dena?

Argi dago nire ibilbidean aldaketa handia gertatu dela, orain arte egin dudanarekin alderatuta. Sekulako askatasuna eman dit jauzi hori egiteak. Azkenean, zenbait estereotipotatik ihes egin dudalako, eta nire soinuaz jabetu naizelako.

Proiektua zeurea bada ere, taldea ere osatu duzu disko honetarako, Maitane Alonso (baxua), Fermin Bouza (gitarra) eta Ander del Solekin (bateria). Zein izan da euren ekarpena diskoan?

Fermin Bouza funtsezkoa izan da disko honetan, hari pasa nizkiolako nire kantak konposatu nituenean. Berak landu egin zituen, eta diskoan entzuten den azken soinua eman die. Bestalde, Maitanek estilo oso berezia dauka baxua jotzean, teknika ederki menderatzen du eta eskenatokian presentzia handia du. Ander oso elegantea da, egurra ematen dio bateriari. Uste dut talde polita sortu dugula.

Punk-rock-etik Pop-rock-erako urratsa eman duzu, ahotsak ere beste tratamendu bat dauka, melodikogoa da.

Bai. Lehen aipatu dudan bezala, artifiziorik gabe ageri da. Azkenean nire lekua aurkitu dut, ez dut ahotsa behartu beharrik, horixe baita nire ahotsa. Poperako ahots aproposa daukat eta hori indartu behar dut.

Urtea joan da Zuloak emandako azken kontzertutik. Denbora tarte horretan bi disko plazaratzeko denbora izan duzu, The Dispositives-ekin egindakoa batetik, eta oraingo bakarkako disko hau. Sormenak ez du krisirik.

Tira, ez pentsa, kosta egiten zait kantak konposatzea, edo ondo dagoena baloratzea. Zerbait egiten dudanean ontzat hartzea sekulako ahalegina da niretzat. Erdipurdiko lan asko egin behar du artistak merezi duen kanturik sortzen duen arte.

Talka Records argitaldariak editatu du Tania Tank. Zure leku naturala horixe dela dirudi. Ferminek berak ere gomendatu zizun bakarkako ibilbideari ekiteko.

Bai, egia esanda sostengu hori izan ez banu ez dakit non egongo nintzatekeen. Argi dago izaten ari naizen proiekzioa Fermini eta bere lan-taldeari esker dela, eta bizitza osoan esker ona besterik ez dut izango haientzat.

Musikari bezala, non ikusten duzu zure burua hemendik hainbat urtera?

Musika egiten jarraitzea espero dut. Oso mundu zaila da, eta dena okerrera doa, nahiko ezkorra naiz, baina tira, itxaropena da galtzen den azkena.


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude