argia.eus
INPRIMATU
Lucia

Edu Zelaieta Anta 2014ko urriaren 16a

Nerabezaroan ezagutu zenuen Lucia, haren familia Bilbotik Gasteizera aldatu zenean. Hiru urtez izan zineten gela bereko ikaskide, eta, gogoan duzunez, sasoi hartako musika talde batzuekiko zaletasuna partekatzen zenuten. Aspaldiko partez topo egin duzu gaur goizean Luciarekin, autobusaren esperoan zeundela.

Hamabost bat minutuko solasaldi bizia izan duzue. Elkarri agur esan eta gero jabetu zara ez dutela haren begiek garai bateko sua galdu; horregatik egiten zitzaizun hain erakargarri institutuan. Ausart izaten segitzen du: lan-katea batean hogei urte egin ondoren erabateko iraulia eman dio haren bizitzari. Ez omen zegoen bertan gaizki, baina hutsik-edo sentitzen omen zen fabrikako errutinan. Begiak txinpartaka esan dizunez, lehendik zuen ametsari heltzea erabaki du: biodantza-irakasle izateko hiru urteko formazio bat egiten ari da iaztik, etxekoen –bikotekidearen eta alabaren– laguntzaz.

Umore-aldagarri gertatu zaizu Luciarekin izan duzun ezusteko enkontrua; aurretik duzun egunarekin adiskidetu zaitu, nolabait. Egiazko istorio horiek ere osatzen dute gure mundua.