Frackinga Euskal Herriko hedabideen ohiko hizpide bilakatu zenetik etengabe plazaratu dira haren kalteei buruzko albisteak. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta frackingari lotutako arrisku gehiago aurkitzen ditu zientziak. Horietako zenbaitzuei buruz hitz egin genizuen Argiaren 2.303 zenbakian, Energiaren azken pagotxa izenburuko erreportajean: inguruko ura kutsatzeko arriskua, lurrikarak, aireko kutsadura... Ia hiru urte igaro dira, eta ikerlariek orduan esandakoak baieztatzen jarraitu dute; era berean, frackingaren inpaktu gehiago atzeman dituzte. Hona adibide batzuk:
-AEBetako Yale Unibertsitateak gidatutako ikerketa baten arabera, gas putzuetatik hurbil bizi diren pertsonek arrisku handiagoa dute azaleko eta arnasbideetako gaitzak izateko.
-Missouriko Unibertsitateak haustura hidraulikoa egiteko erabiltzen diren ehunka konposatu kimikoetako batzuk aztertu eta horietako asko etengailu endokrinoak direla adierazi zuen. Alegia, ugalketa funtzioan irregulartasunak eragin ditzakete, hala nola diabetesa eta minbizia, besteak beste.
-Gas naturala, batez ere, metanoa da. Erretzean, ikatzak eta petrolioak baino CO2 gutxiago askatzen du atmosferara; horregatik, gasa ustiatzearen aldeko argudio erabilienetako bat da tresna egokia dela energi ereduaren trantsizioa egiteko, berriztagarriak garatu bitartean. Alabaina, erre gabeko metanoak CO2-ak baino askoz berotegi efektu handiagoa du. Hainbat urtez pentsatu da metanoaren berotegi efektua gutxi gorabehera 25 aldiz indartsuagoa dela karbono dioxidoarena baino. Baina klima aldaketaz arduratzen den IPCCk duela urtebete adierazi zuenez kalkulu baikorra zen hori; azken ikerketei jaramon egitera, proportzioa 34koa da. Cornell Unibertsitatearen azterketa baten arabera, metanoaren %3,6 eta %7,9 bitarteko portzentaje batek airera ihes egiten du gas ez-konbentzional putzuetan. Frackinga ikatza erretzea baino okerragoa izan daiteke.