argia.eus
INPRIMATU
Gure hildakoak

Juan Mari Arregi 2014ko urriaren 17a

Urte hasieratik 3.000 immigrantek galdu dute bizitza Mediterraneoa gurutzatu nahian, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen txostenaren arabera. Adituek kalkulatzen dutenez, itsasotik berreskuratzen den hildako bakoitzeko beste bi omen dira inoiz aurkitzen ez direnak. Hau da, 3.000 hildako eta 6.000 desagertu. Txosten berak dio 2000. urtetik hona 22.000 lagun hil direla Europara iritsi nahian eta 1998tik beste 6.000 hildako egon direla Mexiko eta AEBen arteko mugan. Hildakoen jatorria: %30 Saharaz azpiko Afrikatik zetorren, %23 Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik eta %25 Afrikako Adarrekoak ziren. Siria eta Eritrea izan ziren jatorriko herrialde nagusiak. Egunez egun Europara iristeko saiakera gehiago daude; joan den astean 200 immigrante afrikarrek Melillako hesia gurutzatu nahi izan zuten.

Milaka hildako eta desagertu horiek Europara iritsi nahi zuten, eurentzako “paradisu” gertukoena zelako bizirauteko, baita miseriatik ihes egiteko ere, eta gosetik, gaitzetatik, errepresio politikotik… Saiakera horretan euren hilobia zulatu zuten Mediterraneoaren hondoan. Gure hildakoak dira, erantzukizuna dugulako. Sistema kapitalistaren hildakoak dira, putre moduan lehengaiaz aprobetxatu eta lur haietako herritarrak ahazten dituelako; eta metropolira garraiatuz gero, gutxiengo baten zerbitzura jartzen ditu. Gure erakundeen hildakoak dira, “hirugarren” mundua alboratuta duten eragile politiko eta sozialena, eta kooperazio ekonomikorako eta garapenerako aurrekontua murrizten dutenena. Jendarte indibidualistaren hildakoak ere badira, berekoia, insolidarioa, kontsumo zalea; salbuespenak salbuespen, begiak ixten ditugu errealitate hori ez ikusteko.

Erakunde, gobernu eta eragile politiko nahiz sozialetan aldaketa erradikala behar da, baita jendartean ere, Mediterraneoa eta munduko beste zenbait toki ez daitezen bihurtu giza hilobi erraldoi.