Alderdiek dute orain hitza EAEn

  • EAEn haustura hidraulikoa galaraztearen alde aurkeztutako 100.000 inguru sinadurek berriro ipini dute teknika horri buruzko eztabaida gaurkotasunaren erdigunean. Aurrekariek erakusten dute lege debekatzaile batek, onartzekotan ere, ibilbide laburra edukiko lukeela. Hor dugu Nafarroako adibidea: frackinga debekatzen duen bertako legea geldiarazi du Espainiako Konstituzio Auzitegiak, Madrilgo Gobernuaren helegitearen ondorioz. Dena den, ez dirudi Gasteizko Legebiltzarretik Iruñekotik bezain arau murriztailea aterako denik.      
     

Irailaren 13an eraman zituzten 103.000 sinadurak Eusko Legebiltzarrera.
Irailaren 13an eraman zituzten 103.000 sinadurak Eusko Legebiltzarrera.

Aski zuten 30.000 lortzea, baina azkenik 103.589 hiritarren sinadurak eraman zituzten Eusko Legebiltzarrera, haustura hidraulikoa debekatzea xede duen herri ekimen legegilearen (HEL) sustatzaileek. Fracking Ez plataformak, alegia. Proposatzen duten legearen testua oso laburra da, erraz azaltzeko modukoa: debekatu egiten da hidrokarburo ez-konbentzionalak bilatzea, ikertzea eta ustiatzea, eta debekatu egiten da edozein helbururekin fracking izeneko teknika erabiltzea EAEko lurralde osoan.

Eusko Legebiltzarrak bere horretan onartuko balu legearen testua, haren patua zein izango litzatekeen igartzea ez da batere zaila: Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko luke Konstituzio Auzitegian, eta epaileek legea baliogabetuko lukete behin betiko ebazpena eman arte. Halaxe gertatu zaie oraingoz Espainiako Estatuan frackinga debekatzeko promulgatu diren autonomia erkidegoetako lau legeei: Nafarroa, Kantabria, Errioxa eta Kataluniakoa. 

Horra iristeko, baina, Eusko Legebiltzarrak bere horretan onartu behar luke Fracking Ez plataformaren lege proposamena, eta nekez jazoko da halakorik. Ziur esan daiteke, hori bai, Gasteizko parlamentuak ez dizkiola ateak itxiko HELari, gutxienez hiru alderdik (EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk) tramitatzearen alde bozkatuko dutela baieztatu dute eta. Ezin da egin ez ikusiarena 100.000 izenperen aurrean, are gutxiago zerumugan udal hauteskundeak dituen ikasturte politiko batean.

EH Bildu, eztabaidaren azken emaitzaz mesfidati

Hain zuzen, udal hauteskundeak hurbil izateak eztabaidaren erritmoari eragingo diola uste du Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak. EH Bildu da Fracking Ez-en testua ezer ere ukitu gabe onartzeko prest dagoen talde bakarra, eta Maeztu beldur da gainerako alderdiek, HELari ateak zabaldu arren, haren bertsio urardotu bat onartzea dutela gogoan, zerbait onartzekotan.

“Otsail edo martxo aldean eduki genezake legearen behin betiko testua –dio abokatu durangarrak–,  baina data horiek arriskutsuak dira talde  batzuentzat; eztabaidaren parte gogorrena, behintzat, udal hauteskundeak igaro arte atzeratzen saiatuko direlakoan nago. Eta seguru nago legea desitxuratuko dutela, Arabako Batzar Nagusiek egindako lege proposamena desitxuratu zuten bezala”. Gogora dezagun natur parkeetan haustura hidraulikoa legez debekatzeko proposatu zutela Arabako Batzar Nagusiek, 2013ko otsailean; Eusko Legebiltzarrak azkenik onartutako testuan, berriz, debeku esplizitua desagertuta zegoen.

EAEko PPk gaiaz duen iritzia zeharo argia da –Gasteizko Udalaren salbuespenarekin–, eta bat egiten du Madrilgo nagusiek jotzen duten doinuarekin: batetik, haustura hidraulikoa sustatu egin behar da; bestetik, autonomia erkidegoek ez dute eskumenik hidrokarburoen esplorazioa edota ustiapena debekatzeko. Ustekaberik ez da espero joko-zelaiaren bazter horretan. Aldiz, konplexuagoa dxa EAJren eta PSE-EEren jarrera.

EAJ: “Zenbat energia daukagun jakin behar dugu”

Luis Javier Telleria mintzatu zaigu jeltzaleen izenean. Telleria bere alderdiaren bozeramailea da Legebiltzarreko Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Batzordean. “100.000 hiritar azaldu badira HELaren alde, argi dago onartu behar dela”, adierazi digu; “hortik aurrera gure posizioa zehaztuko dugu; inor ez da harrituko esaten badut gure taldea, Jaurlaritzarekin batera, ez dagoela hidrokarburoak aztertzearen aurka. Beharrezkotzat dugu zenbat energia dugun jakitea, beti ere ingurumenari kalte egin gabe, energia funtsezko aldagaia baita herri baten ekonomian”.

Zuzen dabil Telleria: inor ez da harrituko. Lehenik eta behin, gogoan izan behar da EAEn hidrokarburoak aztertzeko eskatu diren ia baimen guztiak (ikus aurreko orrialdeko mapa) Jaurlaritzaren menpeko SHESA sozietate publikoak eskatu dituela. Haustura hidraulikoaren aurkariek gogorarazten dutenez, SHESAk bere egitasmo guztiak mantentzen ditu, baita atzerriko enpresekin dituen loturak ere. Egitasmo horien barruan, esplorazioa ez ezik, gasaren ustiapena dagoela agerian uzten dute SHESAk Heyco konpainia estatubatuarrekin egindako lehen bileren aktek (ikus Argia 2.333). Zertarako esploratu, gero ustiatzeko asmorik ez baduzu?, galdetzen dute frackingaren kontra antolatu diren taldeek, eta gaineratzen dute esploraziorako teknikek ere arriskua dakartela.

Jaurlaritza, ateak zabaltzen

Gasaren garrantzi estrategikoa ukatu gabe, frackingaren ondorioez askoz jarrera kritikoagoa agertu zuen EAJk Eusko Legebiltzarrean oposizio izatea egokitu zitzaionean. Berbarako, haustura hidraulikoan erabiltzen diren konposatu kimikoen izaeraz oso galdera zehatzak egin zizkioten orduko Jaurlaritzari. Ordainean, segurtasuna eta ingurumenarekiko errespetua oso modu orokorrean aipatzen zituzten erantzun lausoak eman zizkieten, EAJ Lakuara itzultzeaz geroztik Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eman dituenaren antzekoak. Frackingaren inpaktuak eta arriskuak ondo dokumentatuta daude, eta oraindik inork ez du argi azaldu gurean nola saihestuko liratekeen zehazki inpaktu eta arrisku horiek.

Hitzek baino aztarna hobeak ematen dituzte ekintzek, agian. Azken hilabeteotan esanguratsuena, Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko prozedura gelditzeko Jaularitzak hartutako erabakia izan da. Itxura guztien arabera, hor irekiko dituzte Euskal Herriko lehen bi putzuak, Enara-1 eta Enara-2. Berria jakin zenean, joan den ekainean, haustura hidraulikoaren gorabeherak gertutik jarraitzen dituen Iker Armentia kazetari arabarrak esan zuen: Jaurlaritzaren mezua da ez dela komeni Gasteizko Mendiei babes handia ematea, etekin polita eman dezakeen ingurua baita.

Gasteizko Udala, ezusteko aurkaria

Bitxiena da udala dela Gasteizko Mendien auzian Jaurlaritzaren aurkari handienetakoa, izan ere parke naturalaren sustatzaile nagusia baita. Garoñarekiko nola, PPren mutur berdeenean kokatu du bere burua Javier Marotoko alkateak fracking kontuetan. HELaren aldeko sinadura ere eman du, publikoki gainera. Bestalde, Gasteizko Udaleko Ingurumen saileko iturriek adierazi digute badutela frackingarekin zerikusia duen beste fronte bat zabalik: Enara-5 izeneko putzua Salburuan irekitzea aurreikusita dago, baina bertan dagoen hezegunea RAMSAR hitzarmenaren zerrendan dago. Udala kexu da Jaurlaritzak aspaldi ezarria behar zuela babes perimetro bat bertan, baina atzerapen handiz dabilela. Badirudi azkenean perimetroa egin egingo dela, nolanahi.  

PSE-EE, norabidea aldatzera behartua

PSE-EE halabeharrez igaro da EAEn frackingaren defendatzaile sutsuena izatetik diskurtso lauso bat erabiltzera. Iritzi publikoaren aurrean garaipen bat aurkeztu beharrak bultzatu zuen Patxi Lopez lehendakaria Arabako gasaren “miraria” lau haizetara zabaltzera. Era horretan, Ibarretxeren garaitik SHESAk isilpean egindako lana azaleratu zuen Portugaletekoak, eta bide batez hain indartsu bihurtu den erresistentzia mugimendua abiarazi zuen, nahi gabe noski. Horrek sozialisten diskurtsoa baldintzatu zuen Ajuria Enean iraun zuten bitartean. Baina gauzak aldatu egin dira. SHESAren ardura beste batzuek dute orain, eta Espainian frackingaren aurkako diskurtsoa darabil PSOEk, dela konbentzimenduz dela oposizioa egin beharrez.

Gauzak horrela, gaur-gaurkoz PSE-EEk duen posizioaz galdetu diogu Natalia Rojo Gasteizko legebiltzarkideari. Hauxe erantzun digu, parlamentuan HELa eztabaidatzearen alde bozkatuko dutela berretsi ostean: “Gure jarreraren ardatza ingurumenaren babes zorrotza da. Hortaz, arriskurik izatekotan gasa erauztearen kontra azalduko gara. Edonola ere, Legebiltzarrak erabakitzen duena erabakitzen duela, energi ereduari buruzko eztabaida ahalik eta zehatzena egin behar dugu. Euskadik %95eko menpekotasun energetikoa du, eta horri aurre egin behar dio. Argi dago frackinga ez dela konponbidea, baina eztabaidatu dezagun”. 

Bitartean, enpresak lanean

Hego Euskal Herriko zati handi batean daude hidrokarburoak bilatzeko baimenak eskatuta. Bizkaian, eta are gehiago Araban, lurraldearen portzentaje oso handian. Baimen guztiak ez daude emanda, baina emanda daudenetan lanak aurrera doaz.

Mugimendu gehien, orain, Bizkaian dago. Fracking Ez Bizkaia taldeko Aitor Urrestik azaldu digunez, oso litekeena da Getxotik Urdaibaira bitarteko Geminis eremuan proba sismikoak hastea datorren udaberrian. Iaz Saia eremuan egin zituzten mota horretako probak, Bizkaiko hegoaldean eta Arabako Aiaraldea eskualdean. Probek ez diote ingurumenari kalterik egiten, baina  hidrokarburoen esplorazioa egiteko ezinbesteko lehen urratsa dira. Horregatik, frackingaren aurkako taldeek mobilizazioak antolatu zituzten Ugaon, Orozkon, Laudion eta inguruko beste hainbat herritan.

Bizkaia –eta Gipuzkoako mendebaldea– ukitzen duten beste eremuetako baimenak Eusko Jaurlaritzak eman behar ditu. Bere buruari, bidenabar esanda, SHESAk eskatutakoak baitira. Aitor Urrestiren iritziz, baimen prozedurak “izoztuta” ditu Jaurlaritzak, frackingak eragin duen aurkako mugimendua ikusita fronte gehiago ez irekitzearren.

Nafarroan baimen bakarra dago emanda, Erriberako lurrak hartzen dituen Aquiles eremuari dagokiona, baina proba sismikoak hasiko diren zantzurik ez da oraingoz. Eta Araban, Enara Handiari buruzko berri gutxi dago, hasieran aurreikusitako zazpi putzuetako bi –bata Foronda inguruan, bestea Koartangon– azkenik baztertu dituztela ez bada. Zulatze lanak hastear zeudela hamaika aldiz iragarri ostean, une honetan ezinezkoa da aurreikuspen fidagarririk ematea Araba erdialdeko putzuez. Fracking Ez-eko Mikel Oteroren esanetan, “azken batean, koska nagusia da ea nor izango ote den makinak leku zehatz batean paratuko dituen lehenengoa”.

Haustura hidraulikoaren kaltegabetasuna defendatzea gero eta zailagoa da

Frackinga Euskal Herriko hedabideen ohiko hizpide bilakatu zenetik etengabe plazaratu dira haren kalteei buruzko albisteak. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta frackingari lotutako arrisku gehiago aurkitzen ditu zientziak. Horietako zenbaitzuei buruz hitz egin genizuen Argiaren 2.303 zenbakian, Energiaren azken pagotxa izenburuko erreportajean: inguruko ura kutsatzeko arriskua, lurrikarak, aireko kutsadura... Ia hiru urte igaro dira, eta ikerlariek orduan esandakoak baieztatzen jarraitu dute; era berean, frackingaren inpaktu gehiago atzeman dituzte. Hona adibide batzuk:

-AEBetako Yale Unibertsitateak gidatutako ikerketa baten arabera, gas putzuetatik hurbil bizi diren pertsonek arrisku handiagoa dute azaleko eta arnasbideetako gaitzak izateko.

-Missouriko Unibertsitateak haustura hidraulikoa egiteko erabiltzen diren ehunka konposatu kimikoetako batzuk aztertu eta horietako asko etengailu endokrinoak direla adierazi zuen. Alegia, ugalketa funtzioan irregulartasunak eragin ditzakete, hala nola diabetesa eta minbizia, besteak beste.  

-Gas naturala, batez ere, metanoa da. Erretzean, ikatzak eta petrolioak baino CO2 gutxiago askatzen du atmosferara; horregatik, gasa ustiatzearen aldeko argudio erabilienetako bat da tresna egokia dela energi ereduaren trantsizioa egiteko, berriztagarriak garatu bitartean. Alabaina, erre gabeko metanoak CO2-ak baino askoz berotegi efektu handiagoa du. Hainbat urtez pentsatu da metanoaren berotegi efektua gutxi gorabehera 25 aldiz indartsuagoa dela karbono dioxidoarena baino. Baina klima aldaketaz arduratzen den IPCCk duela urtebete adierazi zuenez kalkulu baikorra zen hori; azken ikerketei jaramon egitera, proportzioa 34koa da. Cornell Unibertsitatearen azterketa baten arabera, metanoaren %3,6 eta %7,9 bitarteko portzentaje batek airera ihes egiten du gas ez-konbentzional putzuetan. Frackinga ikatza erretzea baino okerragoa izan daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude