argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria TAFTAz kanpo?

Jakes Bortayrou 2014ko urriaren 16a

Europako Batzordea hasia da 2013ko uztailetik Atlantikoaren bi aldeen arteko komertzio eta inbertsioei buruzko itun proiektua (ingelesez TAFTA)  AEBekin negoziatzen, 28 estatuen izenean eta sekretu osoan. Horren helburua sinplea da: bi kontinenteen arteko komertzio eta inbertsioei oztopo oro desagerraraztea. Ez soilik hainbat sektore babesteko gelditzen diren aduana zergak, konkurrentzia traba lezaketen edozein sozial, osasun edo ingurumen arau eta lege baizik. Hots, itsasoaren bi aldeetako norma apalenak eredu bezala ezarri nahi du.

Gaur egun, kapitalismoa jotzen duen krisi larria estakuru, oraino liberalizazio gehiago inposatu nahi digute, inbertsio egileen eskubideak herrietako hautu demokratikoen eta estatuetako erabaki publikoen gainetik kokatuz. Zertan eragin lezake Europan? Hormonez ekoiztutako haragi eta esnea, Jitez Aldaturiko Organismoak (JAO edo GEO) edo Genetikoki Eraldatutako Organismoak, kloroz garbituriko hegaztikiak, debekatzeko arauak altxatu beharreko trabak bilaka daitezke. Eskisto-gasa ustiatzeko debekua, ilegala. Ekonomia berlokalizatzeko edota klima aldaketa gelditzeko neurriak, gisa berean itun horren jomuga bihurtuko lirateke. Alderantziz Europan ez bezala, AEBetan dauden finantza erregulatzeko lege batzuk desager litezke. Are gehiago, multinazionalak eta estatuen arteko auziak trenkatzeko, itun horrek epaitze mekanismo pribatuak sor litzake. Horrelako kasuetan, “aditu” batzuek inbertsio egileen interesak edo irabaz itxaropenak kaltetuak diren ala ez erabakiko lukete, estatuei, beraz herritarrei, alimaleko isunak inposatuz. Adibide batzuk baditugu jada: Vattenfall suediar enpresak Alemaniako Gobernua atakatu du haren parke nuklearra gelditzeagatik. Quebec-eko Gobernua auzitan eman du energia konpainia batek gas ustiakuntza suspenditu duelako.

Europar herritarrek ez dakite  2016ra arte segituko duten negoziaketak zertan diren, ezta diputatuek ere zertaz diren, aldi berean, enpresa handien lobbyak etengabe kontsultatuak direlarik. Duela zenbait urte antzeko proiektu batek (AMI, Inbertsioei buruzko alde askotako akordioa) porrot egin zuen iritzi publikoak bere edukia ezagutu bezain laster. Erronka argia da beraz, eta Europan  herritar kolektibo, sindikatu eta mugimendu franko informazio eta mobilizazioetan hasiak dira. Helburuetarik bat, udalak TAFTAz kanpo deklaratzea da. Euskal Herriak desafioa altxatuko ote?