Makurkeriaren aroa bizi dugu. Txarra dena ontzat eta ona txartzat dugu. Ederra itsusi eta itsusia ederra. Osasungarria osasungaitza eta gaitza osasungarri. Balioak makurki irauli eta buruz behera, hankaz gora azaltzen zaizkigu…
Ortorexia ezagutzen al duzu? Zuzena edo egokia dena adierazten duen orto grekotik dator. Bada, ortorexia patologiatzat deskribatu zuen 1996an Bratman doktoreak: elikadura osasuntsua izateko joera zorrotza. Munduko Osasun Erakundeak dio: herrialde aurreratuetan, %28 patologia horrek jota bizi omen gara. Ni ere hor sartzen naiz, eta nire ortorexia ortutik abiatzen da.
Gaitza ez da nekazaritza industrialak ekoitzitako mozkin pozoitsu hiltzaileak jatea. Osasuntsu jatea da arazo. Multinazionalen etorkizuneko negozio oparoena hankaz gora jartzen baitugu. Laster ortorexikoak artatzeko psikiatria masterrak, tratamendu eroak, botika garestienak eta poliziarentzako protokoloak aterako dituzte. Denborak esango du.