Zein lan egiten duzue?
Arrats elkartearen barruan dago Aukera programa, 1998an hasi ginen lanean. Iaz, adibidez, ia 1.200 prostitutarekin egin genuen lan. Gipuzkoan aritzen gara. Bi era ditugu lanerako; batetik, Donostian eta Irunen ditugun lokaletan egiten dugu lan eta bertara gerturatzen dira emakumeak behar dutenerako, eta bestetik, gu gerturatzen gara euren lantokietara; pisu, klub edo kalera. Preserbatiboak eta labaingarriak ematen dizkiegu, baina baita aholkularitza ere. Behar duten horretan laguntzeko gaude.
Programaren helburu nagusia zein da?
Prostituzioan jarraitu nahi badute zaintzea, eta euren beharrei erantzutea. Gure programako helburu nagusia da erakustea eurak espazio bat dutela gizartean, eta badutela entzun eta ulertuko dieten leku bat. Prostituzioan aritzeagatik epaituko ez dituen leku bat izatea.
Zein beldur edo zein zalantza izaten dituzte nagusiki?
Pertsona bakoitzak bizkarrean daramatza bere kezkak, oso ezberdinak izan daitezkeenak. Batzuek atzerriko legeaz galdetzen dute, beste batzuek profesionaltasunari buruz, nora jo analisiak egitera… Galdera asko egiten dizkigute. Hasieran normalean guregana preserbatiboa jasotzera etortzen dira, eta harremana sortzen joaten da gure artean, konfiantza garatzen.
Abolizioa, legeztatzea… Eztabaida mahai gainean dago.
Guk eztabaida horrekin denbora daramagu, eta jarrera guztiak ulertzen ditugu. Baina horretan ez gara sartzen, guk eskubideak aldarrikatzen ditugu. Gure programak Aukera izena du eta ez da kasualitatea. Badakigu oso lanbide zaila dela eta estigma hor dagoela. Ondorioz, pertsona bat prostituziotik atera nahi duela esanez etortzen bazaigu, ulertu egiten dugu, baina baita jarraitu nahi duela esanez etortzen bada ere. Eskubideen alde eta ez epaitzearen alde gaude. Hori bai, gerturatzen zaizkigun emakume gehienak legeztatzearen alde daude. Beste kontu bat da legeztatzen bada nola egingo den. Baina zuhurtziaz egiten bada, eurak horren alde daude. Estigmaren beldur dira uneoro.
Nola lagundu diezaiekete herritarrek?
Gizarteak ulertu egin behar ditu. Pertsona hauek kriminal gisa ez ikusteko hezkuntza asko falta da oraindik, nire ustez. Gainerako pertsona guztiak bezala ikustea da garrantzitsua. Eurak ulertzea beharrezkoa da, eta ez epaitzea.