Film sozialak 2014 Noiz: urriaren 17tik 23ra. Non: Golem zinema aretoak, Bilbo. |
Film Sozialak ekimenaren 6. edizioa egingo da aurten, Bilboko Alondegiko Golem aretoan. Ohiko tokitan erakusten ez diren 78 pelikula lehiatuko dira zinemaldi berezi honetan, munduko 44 herrialdetatik etorritakoak. Dokumentala nagusi bada ere, fikzioa eta animaziozko pelikulak ere erakutsiko dira, luzeak zein laburrak.
Ekimen berezia da inondik ere, filmak sozialak direlako batetik, baina gainera, lehiatzen direnen artean %52 emakumeek sortu dituztelako. Aparteko begirada dakar, beraz.
Zinemaldiko zuzendari Carlos Vazquez barakaldoarraren aburuz, “Gizarte eraldaketarako duen indarragatik interesatzen zaigu zinema. Izaera soziala duen zinemagintza horri esker, gizarteak gauza asko ikas ditzake, eraldaketarako eta hausnarketarako mesedegarri. Hirigunean egotea nahi dugu, ikus dadila eta jendea ohartu dadila. Honek ere baditu ohiko zinemak dituen izarrak, erabat bereziak gainera”.
Duela sei urte, zinemaldiak proiekzio areto bakarra baldin bazuen ere, aurten 17 aretotan erakutsiko dira film hauek, eta guztira 259 emanaldi eskainiko dira. Jaialdia urriaren 17tik 23ra egingo da, Golem aretoetan, baina urrian barrena, Bilboaldeko DBHko zortzi ikastetxetan erakutsiko dira filmak. “16 urtetik gorako ikasleek osatzen duten publikoa biziki interesatzen zaigu. Egia esan, egun zinemaldiko publiko nagusia da”. Elorrio, Mungia, Portugalete, Iurreta, Erandio, Barakaldo, Aizerrota eta Romoko ikastetxeetan ere erakutsiko dira film sozial hauek.
Euskaraz egindako sei film erakutsiko dira. Eta horien artean onenari saria emango dio Bilboko Kafe Antzokiak. Eduki soziala izan eta euskaraz eginak diren filmak gero eta gehiago dira Carlos Vazquezek dioenez. EHUko ikasle eta egile gazteei zuzendutako Zine Express atalean lehiatzen diren filmak “euskaraz dira nagusiki”. Bestelako saririk ere bada: Garapen Iraunkorraren saria, Giza Eskubideen saria, Emakumeak egindako film onenari saria, Genero Berdintasunaren saria, Kulturartekotasunaren saria eta Ikasle eta Ikusleen sariak.
Zinemaldiak dakartzan filmen gaiak ere anitzak dira, betiere salaketa eta eduki soziala nagusi. Besteak beste: jarrera homofoboak, lesfobikoak eta transfobikoak jasaten dituzten pertsonei buruzkoa; giza eskubideen urraketa Mendebaldeko Saharan; etxe-kanporatzeen inguruko poema bisuala; Ugandako kazetari baten historia; Afrikako etorkinen erasoak Melilla inguruan; Turkiako kurduen erresistentzia ekintzak; Brasileko zenbait zonaldetan bi megaenpresen eraikuntzaren kontra daramaten borroka....
Vazquezen ustez, “film hauek ikusgai izatea da denetan garrantzitsuena”. Horixe baita komertziala ez den zinemak duen arazorik larriena, ez dela eskuragarria: “Ez da agendetan ageri, ez du ordutegi onik, baztertu egiten da... 6 urte hauetan horixe izan da nabarmenena, zinemagintza honekiko interesa duen publikoa ugaria dela”. Aurreko edizioan 6.600 lagun joan ziren zine aretoetara eta beste 5.000 lagunek internetetik jarraitu zuten jaialdia. Aurten, kopuru hori berdintzea espero dute.
“Guretzat, karteleran ohiko zinemagintzarekin lehian egotea, edo jendeak zine soziala ikusteko sarrera erostea, berez, lorpen handia da”, nabarmendu du Vazquezek.