argia.eus
INPRIMATU
"Ez dut inoiz ezer irabazi"

Kattalin Miner @MKattalin 2014ko urriaren 09a

Aldizkari honetako webgunean ikusi ahal izan nuen Cat Boyd Radical Independenceko kideari egindako elkarrizketa bat. Eskoziako galdeketaren bezperetan esperantza izpi bat nabari zitzaion, denbora luzez lan ikusezin handia egin duen hark garaipen bat behar duen bezala; “ez dut inoiz ezer irabazi (...) irabazteko ideia, zer    bait irabazi dezakegun ideia hutsa, hain da arraroa niretzat...”, zioen.

Esaldi horrek markatu egin ninduen nolabait. Izan ere, ni neu faktikoki ezer gutxi irabazi duen sentsazioa duen belaunaldikoa naiz. Ezkertiar, feminista, abertzale eta abarrontzat, garaipenak ez dira sarri heltzen, eta heldutakoan ez ditugu maiz garaipen bezala bizi ohi. Batzuek, eskubide hutsak izanagatik dagozkigunak direla sinesten ditugulako, beste batzuek, lortutako hori nahikoa ez dela uste dugulako.

Aurreko astean, abortuaren legea atzera botatzea, eta hura aurrera eraman nahi zuen ministroak dimisioa aurkeztea lortu genuen. Lortu genuen. “Ez dut ezer inoiz irabazi”, eta irabazitakoan, irabaztearen ideia hutsa arrotza egin zitzaidan; zait. Baina tira, irabazten ere ikasi behar omen da.