%73k euskara hutsean egiten du haurrekin

  • Euskara D ereduan (eta ez etxean) ikasi duten gurasoek seme-alabei zein hizkuntzatan hitz egiten dieten eta hautatutako hizkuntza hori zergatik erabiltzen duten aztertu du Aitor Villanuevak, Suediako Dalarma Unibersitate Publikoan aurkeztutako ikerketan. Eskuartean izan dugu lana, eta ondorio interesgarrienak plazaratuko ditugu hemen.

Azterketaren emaitzen arabera, jatorriz euskaldunak ez diren gurasoen %73k euskaraz egiten die haurrei; %23k euskaraz eta gaztelaniaz; eta %4k gaztelaniaz.
Azterketaren emaitzen arabera, jatorriz euskaldunak ez diren gurasoen %73k euskaraz egiten die haurrei; %23k euskaraz eta gaztelaniaz; eta %4k gaztelaniaz.

2001. urtetik Suedian bizi da Aitor Villanueva, 39 urte ditu eta Erandiokoa da. Ingeles Filologia ikasi zuen Gasteizen, eta ikasketetako azken urtea Suedian egin zuen Erasmus bidez. Harrezkero, espainiera eta ingeles irakasle dabil Suedian. Villanuevaren etxean hiru hizkuntza erabiltzen dira: euskara, frantsesa eta suediera. Sei eta hiru urteko semeak dauzka. Emaztea frantsesa izanik, haurrei frantsesez hitz egiten die, eta aitak berriz, euskaraz.

Ikerketaren helburua izan da Hegoaldeko eskualde erdaldunetan (euskaldunak %20 baino gutxiago diren eskualdeak) euskara D ereduan ikasi duten gurasoek seme-alabei euskaraz edo gaztelaniaz egiten dieten aztertzea. Eta, era berean, hizkuntza bat ala bestea aukeratzeko zergatiak identifikatzea; horren atzean jarrera edo arrazoi instrumentalak edo integratzaileak dauden jakiteko.

Datuak lortzeko erabilitako metodologia galdetegia izan da. Ondoko ezaugarriak bete dituzte parte-hartzaileek: seme-alabaren bat edukitzea, ama-hizkuntza gaztelania izatea, eskualde erdaldun batean jaio eta bizitzea, eta ikasketak D ereduan burututa izatea. Erantzun duten 138 lagunen %35 gizonezkoak izan dira, eta %65 emakumezkoak.

Bi datu mota jaso ditu Villanuevak galdetegiaren bidez. Batetik, parte-hartzaileen ezaugarri soziolinguistikoak: generoa, guraso eta aitona-amonen jatorria, ikasketa maila, identitatea, bikotearen euskara maila, ideologia politikoa eta abar. Bestetik, parte-hartzaileek euren seme-alabekin erabiltzen duten hizkuntza eta hautu horren zergatiak. Hamalau aukera edo arrazoi aurkeztu zitzaizkien parte-hartzaileei, garrantziaren arabera sailka zitzaten. Aukera horien artean jarrera instrumentalak eta integratzaileak planteatu zitzaizkien. Hizkuntza, nolabait, onura ekonomiko eta sozialak lortzeko erabiltzen denean, jarrera instrumentalez ari gara. Bestalde, hizkuntza jakin batekiko jarrera integratzaileak lotura zuzena du hizkuntza eta hiztun-komunitate horrekiko atxikimenduarekin.

Ikerketa-lanetik ateratako ondorio esanguratsuenetako bat da euskararen transmisioaren aldeko apustua egiten dutela guraso gehienek. Parte-hartzaileen %73k euskaraz hitz egiten diete seme-alabei, %23k bi hizkuntzetan, eta %4k, gaztelaniaz. Euskaraz eta bi hizkuntzetan egiten dutenen kopurua batuz gero,  esan daiteke %96k erabiltzen dutela euskara etxean. Nabarmentzekoa iruditzen zaio Villanuevari datua, oro har, antzerako beste ikerketa batzuetan kopuru txikiagoak ateratzen baitira. Hainbat adituk diotenaren arabera, joera hori mantenduz gero, euskara euren ama-hizkuntza izango dutenen kopurua –gaztelaniarekin batera edo ez– bikoiztu egingo da datozen 30 urteetan. V. Inkesta Soziolinguistikoan joera hori belaunaldi gazteetan antzematen hasi dela gaineratzen du Villanuevak.

Parte-hartzaileen %65ek bikotekide euskalduna dutela adierazi dute, %22,4k euskara zerbait ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak dituzte, eta %12,6k gaztelania soilik dakiten bikotekidea dute. Bikotekideen euskararen inguruko hizkuntza-gaitasunak eragin zuzena du hizkuntza bat edo bestea transmititzeko garaian.

Amak oso kontuan hartzen du aitaren hizkuntza

Ikerketak gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasun nabarmena ere plazaratu du. Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan edo ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikotekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40ra jaisten da. Datu deigarria da Villanuevarentzat, ez baita ohikoena jarrera hori egin izan diren azken soziolinguistika-ikerketa gehienetan.

Euren burua euskal herritar gisa identifikatzen duten parte-hartzaileen %78k euskaraz hitz egiten diete seme-alabei, eta %19k bi hizkuntzetan. Argi dago, lotura zuzena dagoela euskal identitatearen eta euskararen aldeko transmisioaren artean. Bestalde, euskal herritar bezain espainiar sentitzen diren parte-hartzaileen %50ek gaztelaniaz hitz egiten diete seme-alabei, eta %25ek bi hizkuntzak erabiltzen dituzte. Azkenik, euren seme-alabekin gaztelania hutsean aritzen diren gurasoek ez dute euskal jatorririk, oro har; euren gurasoetako bat gutxienez eta euren aitona-amonak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira.

Arestian adierazi bezala, euskararen transmisioaren aldeko jarrera erakutsi dute parte-hartzaile gehienek, eta hizkuntza-jarrera integratzaileei eman diete garrantzia. Jarrera instrumentalak integratzaileen maila berean jartzen direnean, ordea, euskara hutseko transmisioa oztopatu egiten da. Bestalde, Villanuevaren iritziz, euren seme-alabei euskaraz egiten ez dieten gurasoek, oro har, ez dute hizkuntzarekiko jarrera txarrik; bestelako arrazoiak sartzen dira jokoan. Euskara eskolan ikasi dutenei begira, hizkuntza erabiltzeko erraztasun, baliabide eta esparru gehiago eman behar zaizkiela uste du eta hizkuntza erabiltzeko presio falta handia dagoela nabaritzen du; bai gizartearen bai administrazioaren aldetik.

Hurrengo belaunaldiko gurasoek berdin jokatuko al dute?

Aipatu ondorioak azaltzeaz gain, hausnarketarako bidea ere zabaldu digu egileak, hainbat galdera plazaratuz: mantenduko al da euskararen aldeko transmisioaren joera aurrerantzean? Berdin jokatuko al dute D ereduan ikasten ari diren etorkizuneko gurasoek? Jarraituko al dute ikerketa honetan parte hartu duten gurasoek euren seme-alabei euskaraz egiten haiek hazten doazen bitartean eta egunerokotasunak euskara maila altuago bat izatea eskatzen dienean? Eta eutsiko al diote haurrari euskaraz hitz egiteko ohiturari, seme-alabak gaztelaniaz erantzuten hasten direnean?

Gogoetarako bide horretan, Villanuevak hainbat ikerketatan agertzen den joera mahai gainean jartzen du: etorkizuneko guraso izango direnen artean, jarrera instrumentalak gailenduko dira integratzaileen aitzinean. Ikerketek iradokitzen duten bezala, horrek guztiak euskararen erabileraren gutxitzea ekarriko al duen galdetzen du Villanuevak. Edo, besterik gabe, pixkanaka euskara esparru sozio-ekonomikoan egiten ari den bidea ikusita, hiztunek arrazoi instrumentalak antzematea logikoa izan daitekeela planteatzen du, jarrera integratzaile eta identitarioen maila berean.

EAEn eta Nafarroan zein hizkuntza politika jarriko dira abian etorkizunean? Ikerketako emaitzak ikusirik, ezinbestekotzat jotzen du Villanuevak eskualde erdaldunetan euskara erabiltzeko guneak sortzea, bertakoen hizkuntza gaitasuna hobetzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko. Esaterako, aisialdiko jarduerak indartzea iradokitzen du; kirola, musika eta zinearekin loturiko ekintzak edota internet eta teknologia berrien inguruko egitasmoak antolatzea. Uda honetan Erandion izan da oporretan Villanueva familiarekin. Semea igeri egiten ikasteko ikastaro batean apuntatzeko asmoz, herriko kiroldegira joan zen informazio bila. Bere semeek gaztelaniaz ez dakitenez, euskarazko ikastarorik ba ote zegoen jakin nahi zuen. Monitore guztiek euskaraz bazekitela adierazi zion harrerakoak, baina irakasle bakoitzaren esku zegoela zein hizkuntza erabili. Haur batzuek euskaraz egiteko asmoa zutela, beste batzuek gaztelaniaz… Irakasleak bere semeari, aparte, euskarazko argibideak emango zizkiola gaineratu zion. Zertarako balio du euskara ikasteak gero aisialdian ez bazaio erabilgarritasunik ikusten? Argi du Villanuevak euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak sortu eta arautu behar direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude