Batu, ez eragotzi

HITZEMAN  programa aurkeztu berri du Jonan Fernandez zuzendari duen Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, presoen bergizarteratzea helburu eta, funtsean, euskal presoen gaian kontsentsuzko irtenbide bat bideratu guran. Sakabanaketarekin amaitzea helburua duen Sare ekimenak ere bere aurkezpena egin zuen hilaren 20an Bilbon, bide klasikoagoak erabiliz, baina ohiko atxikimendu eta jarduera esparrua zabalduz. Abenduan, halaber, urtebete egingo da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki zuenetik preso bakoitzak bere eskaerak modu indibidualean egin ahal izango zituela Espainiako Justiziaren aurrean. Urtarrileko ohiko presoen aldeko manifestazioa ere ate joka da dagoeneko.

Hainbat esparrutatik, beraz, presoen gaia berpiztuko da datozen hilabeteetan, gizarteari arazoa hor dagoela gogoratuz. Bai, funtsean, preso eta haien senideek pairatzen dute euren larrutan Espainiako Gobernuaren espetxe politika, baina euskal gizarte osoari eragiten dio neurri batean edo bestean.  Bizi izandako gatazka bortitzaren ondoriorik latzena da gaur gaurkoz eta, nahitaez, testuinguru horretan bideratu beharko da arazoa bera ere.

Testuinguru hori, aldiz, aldapa gorakoa da eta, oraingoz behintzat, ekimen guztiek egiten dute topo PPren mendeku politikarekin. Eta denak adierazten du hor ez dela aldaketarik izango legealdiaren amaiera arte. Hurrengo legealdiak egoera berria ekarriko du Espainian eta horrek ekar dezake baita ere bultzada berri bat presoen esparruan. Bitartean, euskal gizarteari dagokio bultza egitea, hori gabe nekez sortu ahal izango delako egoera berririk. Instituzioetako bultzada erabakigarria izango da bere unean, baina hau ez da behar bezala aktibatuko mobilizazio sozial sendo batek horretarako giro aproposa sortzen ez badu.

ARTIKULU honen lehen paragrafoan aipatutako presoen inguruko ekimen guztiek dituzte euren argi itzalak. Hitzemanen bidez Jaurlaritzak aurrera egiteko borondatea erakusten du, baina ez beste giza eskubide batzuen zanpaketarekin egin ohi duen indar berberarekin, kontsentsuak hori eskatzen duelakoan. Elkarriren bitartekaritza ingeniaritza estiloa begi bistakoa da Fernandezen zuzendaritzaren ekimenetan, eta hari desberdinak lotzea berez gaitza bada, oraingoan Jaurlaritzako erakunde ofizial batek dituen muga guztiekin egin behar du zementu lan hori. Eta aurrez aurre harresi erraldoia dagoenean, aintzat hartzekoak dira berau gainditzeko bideratutako ekimen guztiak. Ongi etorria paretan zuloak eragin ditzaketen edozelako ekimenei, baina une batetik aurrera, ezer gutxi egin daiteke aldarrikapena eta salaketatik harago.

Funtsean, Hitzeman bergizarteratze programa presoek iraganera egin behar duten begirada kritikoan oinarritzen da, baina hori nekez egin daiteke modu txukunean gizarteak berak –adostutako bake prozesu batean edo nahi den moldean– gauza bera egiten ez badu. Iraganarekiko begiradarena da gatazka bortitzak bizi izan dituzten gizarteetako arazorik arantzatsuenetakoa eta hori ezin da bakarrik bideratu presoek egin beharreko autokritika horrekin. Haiek ere eurena egin beharko dute, baina ez da ez justua ez eraginkorra hori presoei bakarrik eskatzea. Begirada kritiko horrek ezker abertzaleak 50 urtetako historiari uko egitea nahi badu jai izango du. Ez da munduan armak hartu eta bere ibilbide osoa ukatu duen mugimendurik, eta ez da lehena izango ETA.

Era batera ala bestera, presoak kaleratzearen bidea egin egin behar da, eta une honetan, presoen kolektiboak eta ezker abertzaleak aldapa goran egin behar dute ibilbide hori: Madrilgo boikotarekin, gizartearen zati handi baten indiferentziarekin eta ETAk borroka armatua negoziazio prozesu batetik at eta beranduegi utzi izanak ematen dion ahuldadearekin.

Krisia eta Kataluniako egoeraren ondorioz sasoi berrien etorrera antzematen da Espainian.  Aro berri horrek eman beharko luke baita ere euskal gatazkaren zauriak hainbestetan aipatu den modu ordenatu horretan bideratzeko aukera. Bitartean, bakoitzak bere lubakitik ekin beharko dio, bestearen ekimenetik baliagarriena indartuz eta gustuko ez dena baztertuz, baina bidea zangotrabatzeko erabili barik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude