Prekarietaterik gabeko ipuin bat kontatu ziguten

Prekarietaterik gabeko ipuin bat kontatu ziguten

Oihana Otegi Tapia naiz, Miarritzekoa, eta 24 urte ditut. Euskal Filologian lizentziatua orain bi urte, irakaskuntzan lanean aritzeko masterra egin nuen iragan ikasturtean. Gazteoi gezur bat saldu ziguten: goi mailako ikasketak egin eta lana ziurtatuta genuela.

Gogorra da ingurura begiratu eta gazte pila bat ikustea, ikasketak bukatuta, hilabeteak nola edo hala salbatuz, ia baldintzarik gabeko lanetan… Alde horretatik nik zortea izan dut, ikasturte honen hasieran Donostiako ikastetxe batean lau hilabeteko ordezkapen bat egiteko deitu baitzidaten. Iparraldekook Hegoaldekoen aldean abantaila bat dugu: frantsesa. Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan frantseseko irakasleen beharra dago, eta Hegoaldean ez dagoenez hizkuntza menperatzen duen horrenbeste jende, beste batzuei aukerak sortzen zaizkigu. Abendura arte lanaldi osoz egingo dut lan eta gustura naiz. Irabaziko dudan soldatarekin urtea egiteko moduan izango naizela aurreikusi dut, eta urtarriletik aurrera dagoenari heltzea tokatuko zait berriro ere.

Gure belaunaldiari ipuin polit bat kontatu zioten, soilik ipuina zena. Ez ziguten lan prekarioaz hitz egin, lan baldintzek beti egingo omen zuten hobera, kontratu mugagabeak, soldata duinak, etxea(k), autoa(k)… Eta hori guztia faltsua zela ikusi eta buelta ematea ez da erraza. Bestelako bizimodura ohitu beharra daukagu, eta batzuei errazagoa egingo zaie beste batzuei baino. Azken urteetan zenbat eta laino handiagoan bizi izan denarentzat, orduan eta handiagoa eta gogorragoa izango da kolpea, ziurrenik. Agian zenbaitentzat berria da gaztetxotan diru pixka bat ateratzeko udan lan egitea, edo ikasten ari bitartean, eta zer esanik ez ikasketak bukatu eta norberak ikasitakoarekin zerikusirik ez duen lanen batean aritu behar izatea, beste zerbait bilatu artean behintzat. Garaiak ez dira errazenak, baina txarra al da horrelako joerak berriz ere orokortzea? Normaletik kanpo dagoena da gazteek 24-25 urtera arte lanik ez egin eta gurasoen kontura bizitzea.

Ohitu egin beharko dugu bizimodu berrira, eta horrekin ez dut esan nahi lan baldintza duinak lortzeko ez dugunik borrokatu behar, baina borrokatu beharrekoa aldaketa sakonagoa da, aldaketa ekonomiko eta soziala; eta krisialdi honek positiboak izan daitezkeen aldaketak ere ekar ditzake: gutxiago eduki arren daukaguna banatzea, ondokoari laguntzea…

Bitartean, bizi beharra daukagu. 24 urte dauzkat eta ez ditut berriz izango, eta beharbada gutxiagorekin, baina pozik biziko naiz. Aste batzuen buruan lagun batzuekin alokairuko pisu batean jarriko naiz Donostian. Abendura arte lana lotuta daukat eta hortik aurrera ikusiko dugu nola datorren 2015a. Hilean hilekoa lotzen jarraituko dugu, eta ahal bada, bizitzen.