argia.eus
INPRIMATU
Nortasun agiri arrotzen jaurtiketa

Itsaso Zubiria Etxeberria 2014ko urriaren 01

Katalunian edo Asturiasen ezaguna, Usurbilgo dema plazan nazioarteko lehen nortasun agiri arrotzen jaurtiketa antolatu genuen. Parte-hartze altua izan zuen arratsaldeko jokoak, eta gogotsu jardun ziren denak, baina baten bati eskuetatik alde egin eta atzera bota zuenik ere egon zen.

Nazioarteko nortasun agiri jaurtiketako garaile izan zen Iñigo Uribetxeberria azpeitiarra, 29,6 metroko tiraldia eginda. Berarekin hitz egiteko aukera izan genuen eta esan zigun ez dela botatzen duen lehen aldia, baratzean entrenatzen ibilia dela lehenago. Badaezpada Arianne Unamuno bikotekidearen txartela jaurti zuela onartu zigun, baina ez bere euskal identitatea zalantzan jartzen duelako, aurreko entrenamendu batean berea konpostagailuraino iritsi eta barruan galdu zitzaiolako baizik.