Ezkutuko Bilbo euskaldun hori zelan azaleratu?

  • Urrian hasi eta abendura arte iraungo du Darabilbo 2.0 ekimenaren bigarren etapak, helburu argi batekin: Bilbon euskararen erabilera sustatzen jarraitzea, horretarako aisialdi espazioak sortuz. Aitor Argote eta Koldo Agirregomezkorta koordinatzaileen ahotik ezagutu ditugu bai iaz emandako lehen pausoak bai 2014ko erronka nagusiak. Tartean, euskaltegietan edo berbalagun taldeen inguruan ez dabiltzan milaka bilbotar euskaldunengana heltzea, eta euskarazko aisialdiaren katalogo baten hazia ereitea hirian.

Koldo Agirregomezkorta (ezkerrean) eta Aitor Argote, Darabilboren koordinatzaileak.
Koldo Agirregomezkorta (ezkerrean) eta Aitor Argote, Darabilboren koordinatzaileak.Iñigo Azkona

Bilboko Udalbatzak euskararen erabilera suspertzeko zerbait egitea erabaki zuen iaz. Udalak 30.000 euroko aurrekontua onartu eta hiriko Euskaltegi Sarera jo zuen, “zerbait” hori gauzatzeko eskaria eginez. Azkenik, AEKra iritsi zen ekimena martxan jartzeko ardura, eta hain zuzen Aitor Argote eta Koldo Agirregimezkortarengana. Bilboko euskalgintzan ibilbide luzea egindakoa da Argote, besteak beste berbalagun taldeak antolatzen; Agirregomezkortak, berriz, orain bospasei urte heldu zen Bizkaiko hiriburura Mutriku sorterritik, AEK-ko irakaslea da eta eskarmentua dauka komunikazioaren alorrean.

2013ko uztailean hasi ziren lanean, eta emaitza Darabilbo izan zen. “Momentu hartan modan zegoen aditz trinkoak erabiltzea barra-barra; ‘erabili’ aditzarekin zerikusia zeukan izen bat ipintzea bururatu zitzaigun... eta azkenean, ‘darabil’-etik Darabilbo sortu zen”, horrela azaldu digu Argotek izenaren sorrera.

Auzo guztietan eta dohainik

“Helburua erabilera sustatzea denez gero, hartu-emana erraztuko zuten talde txikiak osatzea erabaki genuen”, diosku Agirregomezkortak. Halaber, hasieratik garbi eduki zuten Darabilboko ekintzek doakoak izan behar zutela, eta hiriko auzo guztietara ailegatu behar zutela.
2013an, urritik abendura egin zituzten ekitaldiak, ia egunero. Ikastaroak, ibilaldi gidatuak, hitzaldiak, museoetara bisitak, garagardo dastatzeak... Pare bat orduko jarduerak, gehienak auzorik auzo errepikatuak. Argoteren ustez, egitarau interesgarria eskaintzea lortu dute: “Jendea ez da etorri besterik gabe euskaraz zelako, erakargarria zelako baizik”.

2013koaren balorazioa oro har ona izan arren, aurtengoa –2.0 abizena erantsi diote– beste era batera antolatzea erabaki zuten, zenbait hutsune bete nahian. “Ikasi genuen zenbait jardueratarako ez dela nahikoa egun bakarra; jendeak eskatu zigun tailerra antolatzea, luzeagoa”. Esaterako, 2013an saio bakarrekoa zen kakorratz ikastaroak hamar asteko iraupena dauka Darabilbo 2.0n. “Era horretan jendeak konfiantza hartzen du eta aukera gehiago izaten da elkarrekin hitz egiteko”.

Bestalde, kontuan hartu behar da 2014ko egitarauak bi hilabete gehiago dauzkala –maiatzean eta ekainean ere aritu dira– baina aurrekontua iazko berdina dela. Ezin egunero zerbait egin.

Euskaldun guztiengana iritsi nahian

2013koa baloratzean, zabalkundearen alorrean egiten dute autokritikarik gogorrena Argotek eta Agirregomezkortak. Diotenez, ez zuten asmatu euskaltegietatik eta berbalagun taldeetatik kanpo Darabilboren berri ematen. “Iazko ekintzetan 750 lagunek parte hartu zuten, horien erdia euskaltegietako ikasleak, eta laurdena berbalagunak”. Gainerako euskaldunak, beraz, laurden bat besterik ez ziren izan.
“Beharbada ez genuen jakin Darabilbo zer den esaten”, aitortu du Argotek. Hori dela eta, indartu egin zuten Darabilbo 2.0 iragartzeko kanpaina. Iaz sare sozialetan eta interneten baino ageri ez zena aurten kalean ere izan da, kartelen bitartez.

Euskararen ezkutuko ahalmena

Bilbon euskarak uste baino indar handiagoa duela uste dute; lozorroan dago indar hori, ordea, eta iratzartzea da gakoa. Aitor Argoteren esanetan, euskaldun oso eta euskaldun funtzionalak batuta, 170.000 lagun dira Bilbon euskaraz aritzeko gauza, hein batean edo bestean. Izan ere, saiatu dira entzule huts modura gustura egon daitekeen ekitaldi batzuk eskaintzen, berbetan hasteko erraztasun edo ausardiarik ez dutenen mesederako.

“ETBn zebilen Iparraldeko kazetari bati entzun nion Baionan ez zuela posible egunean 24 orduz euskaraz egitea, eta aldiz Bilbon bai”, gogoratu du Aitor Argotek, “hara!, eta bilbotarrok konturatu gabe!”. Ezkutuan dauden aukera horiek ikusarazteko, aisia euskaraz kontsumitzeko katalogotxoa sortzeko erronka ipini diote euren buruari. Darabilbo existitu baino lehenago bazeuden aukerak, eta hortxe jarraituko dute Darabilbo desagertzekotan ere –“ez dakigu hau noiz arte egongo den”–; ekimenak balio izan die, hori bai, aukera horietako askotaz jabetzeko. “Bilbon gero eta euskara gehiago dago, kontua saiatzea da”, dio Argotek, “bazoaz ez dakit nora eta dena erdaraz da, baina halako batean batek euskaraz egin eta hara non euskaldunak agertzen dira han-hemenka, hori gertatu izan zaigu”.
Dokumentazio lana egiten hasiak dira, euskaldunek aukera horien berri eduki dezaten. Ez hori bakarrik: euskarazkoa azaleratzeaz gain, erdara hutsezkoa euskalduntzen ere saiatu nahi dute. Agirregomezkortaren hitzetan, “hainbat ikastaro, tailer... egiten dira gaztelania hutsean, eta antolatzaileei jakinarazi nahi genieke badela publiko bat horiek euskaraz kontsumitzeko”. Badute lanik, Darabilbo 3.0 egingo ote den itxaron bitartean.

Euskaltegi Sarea sendotzen Darabilbori esker

Hirian dauden euskaltegi guzti-guztiek osatzen dute Bilboko Euskaltegi Sarea. “Beti batu izan gara euskararen aurkako erasoei eta holakoei aurre egiteko”, diosku Aitor Argotek, “baina Darabilboren kasuan, elkarlan hori zer edo zer sortzeko izan da; ez dut esango Darabilbori esker jarri dela martxan Sarea, baina bai Darabilborengatik indartu dela”.

Darabilboren haritik tiraka, kezkak agertu dira: euskararen erabilera Bilbon, berbalagun taldeak... Ez dira kontu berriak, baina orain, behintzat, horien gainean hitz egiteko maiztasun finkoz elkartzen hasi dira Euskaltegi Sareko kideak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Eguneraketa berriak daude