Chicago besoen indarrez jaso zuten

Chicagoko biztanleak Briggs House erakina euren indarrez jasotzen, 1857an edo 1866an.
Chicagoko biztanleak Briggs House erakina euren indarrez jasotzen, 1857an edo 1866an.

Chicago (AEB), 1854. Kolera izurri bortitzak gogor astindu zuen hiria, nagusiki ur geldi osasungaitzaren erruz. Mende hasieran ezarri ziren lehen kolono frantziarrak Michigan lakuaren ertzean, Des Plaines eta Chicago ibaien artean (hortik hartu zuten hiriaren izena). Handik 30 bat urtera burdinbidea iritsi zen bertara, eta etorkizun oparoaren usainak erakarrita, biztanle kopurua izugarri hazi zen urte gutxian. Kolera iristerako 100.000 biztanle zituen Chicagok. Etxebizitzak neurri eta kontrolik gabe eraiki zituzten. Planifikaziorik gabe, lakuarekiko garaiera alderik ez izateak zekartzan arazoak aurreikusi gabe, hiria lohiak hartu zuen hasieran; izurriek, gero.

Kolerak eragindako triskantzaren ondoren, Ellis S. Chesbrough ingeniariak Bostondik Chicagora bidaiatu zuen, hiriak behar zuen estolda eta isurbide sistema diseinatzeko. Baina lakuaren mailarekiko alderik ezean, ia ezinezkoa zen azpiegitura hura jasotzea. Estolderiak hiri azpian egon behar zuen eta, ondorioz, kaleen eta eraikinen maila jaso behar zen. Une horretan bi irtenbide bururatu zitzaizkien: bata, eraikin guztiak bota eta estolderia instalatu ondoren berriro eraikitzea; bestea, aurrez eraikitako bloke gehienak pare bat metro altxatzea.

Eta hiriko arduradunek bigarren aukeraren alde egin zuten, harrigarria badirudi ere. Ideia zentzugabea zirudiena gauzatzea lortu zuten herritar askoren ahalegina lagun eta, besteak beste, George Mortimer Pullmanen (1831-1897) ekarpenari esker. Pullman gazteak hilkutxa enpresa bat zuen orduan, baina haren aitak Erie lakuaren uholdeetan eraikinak mugitzeko teknika bat erabili zuen urte batzuk lehenago, eta sistema hura ezinbestekoa izan zen hiria altxatzeko proiektu eroak arrakasta izan zezan. Gerora, Pullman are ezagunago egin zen ohe-bagoia asmatu zuelako, Pullman izeneko hiria sortu zuelako bere langileentzat, eta langile horiek greba entzutetsua egin zutelako nagusi megalomanoaren aurka.

Jasotako lehen eraikinak 750 tonako pisua zuen. Pultsuan jaso zuten lurretik 1’88 metrora, soilik 200 katu mekaniko eta ehunka langileren indarra erabiliz. Eraikinik handienak altxatzeko katu hidraulikoak lortu arren, ia hiri guztia mekanikoekin jaso zuten. Eta behin jasota, zergatik ez batetik bestera mugitu? Zenbait etxejabek kokapen hobea lortzeko baliatu zuten ahalegina; eraikinak enborren gainean errestan eramaten zituzten batetik bestera.

Urtetako ahalegin ikaragarriari esker, proiektu erraldoia gauzatu eta Chicagok aintzirako ur mailarekiko beharrezko gorabehera eta estolda sistema egokia lortu zituen, azkenean. Baina 1871n sute batek hiria suntsitu zuen. Kontu handiz eta banan-banan metro pare bat jasotako ia eraikin guztiak jan zituen suak. Orduan, hutsetik astea beste erremediorik ez zuten izan.


ASTEKARIA
2014ko urriaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude