“Etorkizunean petrolio merkerik eskura ez edukitzeak ez du zertan eragin zibilizazioaren kolapsoa”

  • Leioan jaioa 1979an. Telekomunikazio ingeniaria da, eta EHUko Ingeniaritza Eskola du ohiko lantokia. Desazkundea kolektiboko militantea da duela hiru urtetik. Sainzek ez du uste gaur-gaurkoz gainpopulazioa arazo bat denik; kontua ez da zenbat garen, daukaguna nola banatzen dugun baino. Denok duintasunez bizitzeko lekua dagoela aldarrikatzen du –momentuz, bederen–; hori bai, aldaketa sakonak egin beharko lirateke ekoizpen eta kontsumo ereduetan.

"2006an, FAOk aurreikusi zuen 2012an 12.000 milioi pertsonari jaten emateko adina elikagai ekoitziko zela munduan. Garai hartan, 6.000 milioi biztanle inguru zeukan Lurrak. Banaketa da arazoa. Baita ekoizpen eta kontsumo ereduak ere. Esaterako, elikagai mordoa alferrik galtzen da; Europan, erdia".Argazkia: Iñigo Azkona

Zer iritzi duzue Desazkundea kolektiboan populazioaren arazoaz?

Bistan da populazioa ezin dela etengabe hazi, mugak egon badaude. Baina badira beste krisi batzuk: sozialak, zaintzarenak, klima aldaketa, biodibertsitate galera... Ez dugu uste arazo nagusia populazioa denik, neomaltusianismoak dioen bezala. Gizateriak ingurumenean duen inpaktua neurtzeko hainbat aldagai daude; populazioa da horietako bat, baina kontuan hartu behar da, halaber, zenbat ondasun –eta zer motatakoak– kontsumitzen diren, zer hondakin sortzen den… Planetaren biokapazitateak, horrek bai, baditu mugak. Urtero baliabide kopuru jakin bat sor dezake, eta hondakin kopuru bat xurgatu.  1999tik, Lurrak birsortu ditzakeen baino baliabide gehiago ari gara kontsumitzen. Hurrengo belaunaldien kontura bizi gara.

Zer eragin du gainpopulazioak egoera horretan?

Makurra da biztanle kopurua jartzea eztabaidaren muinean, alde handia baitago batzuek eta besteek kontsumitzen duten baliabide edota energia kopuruen artean, hala nola eratzen duten hondakinenean. Ez dira gauza bera AEBetan bizi den pertsona bat eta Etiopian bizi den bat, edo AEBetako aberats bat eta pobre bat. Populazioa eztabaidaren erdigunean jartzea sinplekeria da. Guk nahi genukeena hau da: iparralde global aberatsean desazkundea izan dadila material eta energia erabilerari dagokionez, eta baliabide horien guztien bidezko banaketa egitea, Lurraren biokapazitatea gainditu gabe.

Populazioa eztabaidaren erdigunean jartzea sinplekeria da, diozu. Beraz, bada egiten duenik. Neomaltusianismoa aipatu duzu. Gaur egungo ekologismoaren adartzat jotzen dute batzuek.

Neomaltusianismoa hor dago, eta haren diskurtsoak, hein batean, mesede egiten dio botereari, benetako arazoa ezkutatzen baitu: baliabideen banaketa injustua. Azken batean, klima aldaketaren eragilea iparralde globala izan da. Inola ere ekologistatzat jo ezin daitekeen Munduko Bankuak esana da populazioaren %10ek baliabideen 60 kontsumitzen duela, eta %7k emititzen duela berotegi-efektuko gasen erdia. Oso sinplista da populazioaren aldagaiari lehentasuna ematea desberdintasun horiek kontuan izan gabe.

Agian komeniko litzateke, behin honetara iritsita, neomaltusianismoa zer den ondo esplikatzea…

Maltusianismoak zioen populazioaren hazkundea geometrikoa zela, eta elikagai kopuruarena (teknika hobetzeari esker, lur gehiago erabiltzeari esker…), berriz, aritmetikoa. Hori jasanezina denez, uneren batean kolapsoa iritsi behar zen. Teoria hori erabilia izan zen ikuspuntu eugenesiko batetik, arrazaren hobekuntza programak, antzutze teknikak eta abar justifikatzeko…

... alabaina, Malthusen teoriak defendatzeko gaitzak dira gaur egun. Pentsatzen dut neomaltusianismoa beste zerbait izango dela…

Jakina, ez da gauza bera. Kontua da neomaltusianismoa oso katastrofista dela, populazioa derrigorrez gutxitu beharko dela dioenean. Arazo nagusitzat daukate nire iritziz arazoa ere ez dena. 2006an, oker ez banago, FAOk aurreikusi zuen 2012an 12.000 milioi pertsonari jaten emateko adina elikagai ekoitziko zela munduan. Garai hartan, 6.000 milioi biztanle inguru zeukan Lurrak. Banaketa da arazoa; banaketa, eta ekoizpen eta kontsumo eredua. Elikagai mordo bat alferrik galtzen da [ikus Saihestu ditzakegun zifra beldurgarriak  erreportajea, Argiaren 2.311. zenbakian]; Europan, erdia. Elikagai-kate handiek baztertu egiten dute itxura desiragarria ez daukaten jakiak, zati handi bat gehiegi erosteagatik botatzen da…

LARRUN honetan bertan irakur daitekeen Gu, zabor-jaleok artikuluaren tesi nagusia da 2.000 milioi biztanletik 7.000 milioira igaro garela, hain zuzen, energia fosil merke eta ugaria eskura izan dugunean. Energia horri esker sortu dira populazioa hainbeste handitzea ahalbidetu duten baldintzak; ondorioz, berau agortzean biztanle kopuruak behera egingo du. Zer deritzozu?

Irakurri dut testu hori –bide batez esan dezadan ez dudala neomaltusianismoan bete-betean kokatzen, puntu amankomunak izan arren–, eta ados nago dioen gauza batekin: modu berriztagarrian jasotzen dugun energia iturri bakarra eguzki-erradiazioa da. Hortik abiatuta artikuluak dio espezie bat pilatutako erradiazio hori –hau da, energia fosila– erabiltzen hasten denean bere populazioa esponentzialki hazten dela, eta baliabide fosil horiek urritzen hastean eta energia berriztagarria besterik ez dagoenean eskueran, kolapsatu egiten dela. Tira, hori hala izan daiteke inurrien kasuan, esate baterako, baina uste dut giza espeziearen kasuan beste aldagai batzuk hartu behar direla kontuan: adibidez, gai garela erabakitzeko zer bizi-maila nahi dugun eta zer baldintza (material, energetiko…) bete behar dugun maila hori erdiesteko. Horrek eskatzen du oinarrizko premiak zeintzuk diren erabakitzea, eta horietako zeintzuk ase daitezkeen gizateria osoarentzat. Aldi berean, definitu beharko da zein behar ez den oinarrizkoa, eta moralki ezarri beharko da ez dela zilegi nahi bat asetzen saiatzea horretarako beharrezkoa bada beste norbaitek oinarrizko bizi-mailara ezin iristea. Alegia, oinarrizko beharren eta desioen arteko bereizketa egin behar da.

Aipatu dituzun aldaketa horiek –ez dakit noraino diren utopikoak– lortuta, demografiak arazo izateari utziko lioke?

Populazioaren muga zein den planteatu beharko litzateke agian, baina edozein kasutan planteamendu demokratikoa litzateke. Bestalde, lanaren bestelako banaketa egin behar litzateke, eskulan gehiago beharko baita orain makinek egiten dituzten zenbait gauza egiteko. Historian zehar, jendartea gero eta konplexuago bihurtu izan da; konplexutasun hori gutxitu beharko litzateke, gaur egungo espezializazio izugarria alboratuz, eta gehienok egiten ez dakizkigun oinarrizko zenbait gauza egiten ikasiz –elikagai bat landatzen, esaterako–, eta hori oso zaila da. Utopia? Baliteke. Arazoa da errealitatea distopia izan daitekeela.

Norbait saiatu da kalkulatzen zenbateko populaziora hel gintezken baldintza horietan?

Lehen esan dudanez, elikadurari dagokionez behintzat FAOk iragarria du 12.000 milioirentzako beste jaki. Baina aurretik beste gauza batez hitz egin beharko litzateke: egia da korrelazioa dagoela energia fosila ugaritzearen eta populazioa haztearen artean, baina korrelazioak ez du berez kausalitatea adierazten. Katastrofista samarra iruditzen zait mezua bi aldagai horien arabera eraikitzea. Gaur egungo bizi-mailari eusteko populazioa heren batera jaistea, edo populazioa mantentzeko gure bizi-maila jaistea Erdialdeko Amerikako ez dakit zein herrialdetakoarekin parekatu arte... Zientifikoki ez da oso zuzena. Aldagai moduan proposatzen den kontsumo-mailak ez du neurtzen bizi-maila; BPGk ez du neurtzen bizi-maila. Behin baliabide material nahikoak ziurtatuta, BPGren hazkundeak ez du lotura zuzenik zoriontasuna edo asebetetzea handitzearekin. Manfred Max-Neef txiletar ekonomialariak dioenez, behar batzuk unibertsalak dira, baina horiek asetzea ahalbidetzen duten faktoreak ez dira unibertsalak, kulturalak, teknologikoak… baizik. Beharrak dira elikadura, bizitzeko tokia, berotasuna… baina baita ere parte hartzea, askatasuna, maitasuna, zerbitzu publikoak, hezkuntza… Batzuek ez dute behar energia gastu handirik. Aldiz, telefono mugikorra edota ordenagailua izateak, abioian ibiltzeak... badute. Eztabaidatu beharko da, orduan, bizi-maila duina zer ote den.

Kontuak kontu, adierazi nahi nuke ez dagoela loturarik energi kontsumoaren eta gainpopulazio arazoen artean. Txinan eta Indian energi kontsumoa ez da biziki handitu duela 30 urte arte, eta ordurako bazuten gainpopulazio arazoa. Aldiz, Mendebaldean, garai hartan, energia asko erabiltzen genuen eta ez genuen hazkunde demografiko handirik, kontrakoa baizik.

Esan duzu korrelazioa ez dela berez kausalitatearen adierazlea, baina deigarria da bi mendetan 7.000 milioi izatera iritsi izana, ontzat emanda hainbat milurtekoan munduko populazioa gutxi gorabehera konstantea izan dela.

Hilkortasunaren gutxitzean hobekuntza izan dira, bizi-itxaropena handitu da… Bai amaren bai ume jaioberriaren hilkortasun-tasa asko jaitsi da, eta hobekuntza horiek energiari esker sortu dira zeharka, baina ez dute energia premia handirik berez. Garapen teknologiko handia egon da, hain zuzen ere, eta besteak beste, populazioa handitzeagatik; elikagaiak ekoizteko lan egitea behartuta egon gabe, jende askok teknologia horren garapenean espezializatzeko aukera izan du. Eta garapen teknologikoa, askotan, ezagutzan oinarrituta dago, baina ez du energia askorik behar. Etorkizunean petrolio merkerik eskura ez edukitzeak ez du zertaneragin kolapsoa. Zibilizazioa asko aldatu da azken bi mendeetan, eta geure burua era orekatuagoan eta efizienteagoan antolatzeko aukera ematen diguten ezagutzak sortu dira. Beste garapen mota batzuk daude; esate baterako, beste nekazaritza mota batzuk daude. Eta lehen esan dudanez, nekazaritza oinarrizkoa dugu bizirauteko; abioian bidaiatzea, ez. Saiakerak egin dira Afrikan eta Asian nekazaritza ekologikoarekin, hau da, energiaren hain menpekoa ez den nekazaritza moldeekin, eta ekoizpena ikaragarri handitu da. Gauza asko hobetu daitezke energia beharrik gabe.

Laburtuz, oraintxe gaudenok ondo kabitu gaitezke?

Hala uste dut, baina baldintzak hobetzeko borondate politikoa behar da, eta ez dago. Dena den, elikadurarekin zerikusia duten irizpideei soilik erreparatuta behintzat –eta elikadura da oinarrizko premia bakarretakoa– eusteko moduko biztanle kopurua du munduak. Auto kopuruaren hazkundea, hori da eutsi ezinezkoa. Bestela esanda, bizimodu kontsumistaren areagotzea.

Elikagaien ekoizpena eta salmenta hurbileko sareen bitartez egin beharra aldarrikatzen da, besteak beste gaur egungo garraio sare globalari eustea ezinezkoa izango delako erregai fosil nahikorik gabe. Baina, planetako eskualde guztiak dira populazio handiei eusteko gai?

Egia da eskualde batzuetan zailagoa dela bizirautea. Baina egia da, halaber, erregaietan oinarritutako nekazaritza ereduak lurraren emankortasuna gutxitzen duela. Berreskuratu daitezkeen zoru eta baso asko dago. Ez gara asko, arazoa da garapen eredua desegokia dela eta garapen bidean dauden herrialdeak eredu hori kopiatzen ari direla.

Beraz, tokian tokiko baliabideekin moldatzen ikasi beharko da. Baina horrek gure burua berriz heztea eskatuko du. Esaterako: EAEn, gaur egun, jaten dugunaren %95 inportatzen da. Horrek aldaketa asko egitera behartzen gaitu: tomateak udan baino ezin direla jan jabetu behar gara. Eta norberaren energia kontsumoa murriztu beharko dela.

Elkarrizketaren hasieran esan duzu populazioak ere izango duela muga nonbait. Haziz jarraituz gero, eta batez ere aipatu dituzun produkzio eta kontsumo ereduak gaur bezala mantenduz gero, demografia arazoa izango da noizbait…

Bai, argi dago, baina ez nuke jakingo urrun edo hurbil gauden esaten. Hori bai, populazio joeretan aldaketak ez dira erraz gertatzen, oso inertzialak dira.

Zer iritzi duzu herrialde batzuetan ezarri izan diren biztanle kopuruaren kontrolerako neurriez?

Emakumeek beren gorputzei buruz erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa direla. Egonkortasuna beste bide batzuetatik etorriko da. Esaterako, emakumeen alfabetizaziorako eskubidea bermatzetik, sexu-heziketa egokitik, kontrazepzio-metodoak eskura edukitzetik. Dagoeneko ikusi da horrek emaitzak dituela, adibidez demografia tasak kontrolatu samar dauden Indiako estatu batzuetan. Beste maila batean, haurdunaldia eteteko eskubidea bermatu behar da.

Zer garrantzi du kulturak? Emankortasuna ez al da osagai garrantzitsua kultura askotan?

Ez naiz horretan aditua, baina uste dut arazoa dela emakumeek ez dituztela erabakitzeko aukera berdinak munduko leku guztietan. Kulturaren eta tradizioaren mozorropean ezkutatzen dira eskubide urraketa baino ez direnak, eta zenbait tokitan, borroka feministei esker, eskubide horiek eskuratu dira. Mundu guztia dago eskubide gehiago eta askatasun handiagoa izatearen alde. Ez zait iruditzen kultura bera oztopoa denik, uste dut emakume guztiek kontrolatu nahi dutela zenbat seme-alaba edukiko duten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gainpopulazioa
2022-07-12 | ARGIA
Munduko jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria zahartzen ari da

Hurrengo urtean India izango da munduko herrialderik populatuena, Txinaren aurretik; datorren azarorako, 8.000 milioi herritar izango ditu planetak; zortzi herrialdetan kontzentratuko da biztanleriaren hazkunderik handiena; baina oro har jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria... [+]


2019-07-21 | Mikel Asurmendi
Landa eremuak biztanleak galtzen ari dira
Lurraldea orekatzeko adostasun soziopolitiko berriak eraiki behar dira

Azken 50 urteetan nabarmen hazi da inguru metropolizatu eta landaguneen arteko desoreka biztanleriari dagokionez, Euskal Herrian ere bai. Hainbat eskualderen indize demografiko nagusiak negatiboak dira. Landa eta mendi guneak despopulatzen ari dira: hala Zuberoa-Nafarroa Beherea... [+]


2014-09-28 | Unai Brea
Gainezka egitear al gaude?

Krisi demografikoa dago? Askok uste dute baietz. Zehazki, populazio hazkundea krisi globalaren (energetikoa, ekologikoa, klimarena...) osagai garrantzitsutzat daukate; giza populazioa egonkortzea –eta murrizten haztea– krisi global horri aurre egiteko urratsetako... [+]


Gu, zabor-jaleok

Galiziarra da Manuel Casal Lodeiro, Barakaldon jaioa izanagatik (1970). Véspera de nada / Asociación por unha Galiza sen petróleo (Ezer ezen bezpera / Petroliorik gabeko Galiziaren aldeko elkartea) taldearen sortzaileetako bat da. Petrolioaren gailurrari... [+]


Eguneraketa berriak daude