Musikaz blai hasiko da atzera kontaketa

  • Argia Egunerako gutxi geratzen da eta jadanik motorrak berotzen hasi gara. Independentzia ikusmiran mahai-inguru musikatuari segida emango dio ostiralean (irailak 26) Lasarte-Orian antolatu dugun musika kontzertuak. Dena prest dago argiazaleok irailaren 27an egun ederraz goza dezagun Usurbilen. 

Bego Zuza Argiako lehendakaria eta Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea hitzarmena sinatzeko orduan. Irailaren 26ko kontzertua izango da akordioaren barruko lehen ekintza.
Bego Zuza Argiako lehendakaria eta Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea hitzarmena sinatzeko orduan. Irailaren 26ko kontzertua izango da akordioaren barruko lehen ekintza.

Irailaren 27a gertu da. Usurbilen Argia Eguna ospatuko dugu egun horretan eta festari azkeneko ukituak ematen gabiltza Argiako komunitatea (42. orrialdeko koadroan aurkituko duzu Usurbilen muntatutako azpiegituren eta eskainiko ditugun zerbitzu eta festa ereduaren berri). Motorrak berotzeko hainbat ekitaldi egingo ditugu aurreko egunetan; aktualitatearen analisiak eta musikak dute protagonismoa horietan.

Hala, Usurbilgo Sutegi kultur etxean Independentzia ikusmiran. Zein estrategia behar du Euskal Herriak? mahai-inguru musikatua antolatu dugu asteazkenean, irailaren 24an arratsaldeko 19:00etan –hurrengo aleetan xehetasun osoz eskainiko dizkizugu mahai-inguruaren edukiak–. Bertan arituko dira Asier Blas politologo eta irakaslea eta Iñaki Antiguedad hidrogeologia katedradun eta Amaiurko parlamentari ohia. Carles Belda soinujole katalan-euskaldunak musikaz bustiko ditu zuzenean mahaikideen hausnarketak.

Lurraldetasuna, desobedientzia, bake prozesuaren ataka, herrialde independentisten arteko konparaketa... Afera horiez eta haien inguruko estrategiez mintzatuko zaizkigu Usurbilen. 

Kontzertua Lasarte-Orian, Argiaren alde

Argia Egunaren aperitifarekin jarraituz, bezperan (irailaren 26an) emanaldi paregabea izango da Argiaren alde Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxeko audi­toriumean. Honako musika talde eta kantariek hartuko dute parte: Mikel Urdangarin, Anari, Pier Paul Berzaitz, Petti, Estitxu Pinatxo, Alboka Taldea, Bide Ertzean eta Jon Basaguren. Musikari horien, A&M kultur promotoraren eta Udalaren  prestutasun osoari esker izango da posible luxuzko kontzertua; Lasarteko Riojanos erretegiaren laguntza ere jasoko dugu horretarako. Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da eta sarrerak 15 euroan daude salgai (salmenta puntuan Argia.com-en). Horren osagarri, 20:00etan, Kukai Dantza Konpainiak emanaldia eskainiko du Lasarten.

Argiak hitzarmena sinatu du Lasarte-Oriako Udalarekin, Tratu on bat egitasmoaren baitan. Udalak herriko enpresa esanguratsuekin abiarazitako hitzarmenari esker, bere azpiegiturak baldintza berezietan eskaintzen ditu, bertako ekonomia eta herri bizitza aktibatzeko. Argiaren kontzertu hau esker ona adierazteko modua ere bada, egoitza nagusia bertan dugun Lasarte-Oriako herriari.

'Herrien Europa' mapa, Argia Egunean salgai

Kartografia ofizialean erakutsi izan digutena baino anitzagoa da Herrien Europa. Hala, Europa beste begirada batez ulertzeko mapa euskaraturik eskainiko dizu lehen aldiz Argiak.

Mikael Bodlore-Penlaez kartografo bretoiak sortu eta marraztu du, Eurominority.eu webgunerako. Bertan, estatua duten eta estaturik ez duten Europako nazioak irudikatzen dira, baita onartze bidean diren nazioak ere.

Mapa Argia Egunean Usurbilen jarriko ditugun mahaietan eskuratu dezakezu 15 euroan, eta Argia.com/denda helbidean ere eska dezakezu.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/mapa-658.jpg

Usurbilgo festa guneetan aurkituko duzuna

Jende ororentzat egokitutako azpiegitura eta zerbitzuak eskainiko ditugu irailaren 27an Argia Egunean. Hornikuntza lanak eta baliabideen kudeaketa tokian tokiko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean egin dira, kontsumo jasangarri eta arduratsua sustatu aldera. Hala, bi festa gune handi egongo dira Usurbilen:

1) Frontoia eta dema plaza

Bertan egingo dira ekitaldi nagusi eta jendetsuenak, hala nola arraltsadeko bertso saioa eta iluntzeko kontzertuak.

Hara gerturatzen denak oholtza nagusia aurkituko du, baita Argiaren historia eta barrenak ezagutzeko prestaturiko erakusketa ere. Garai bateko ale zaharrak kontsultagai egongo dira eta artxibo historikoko argazkiak ikusgai. Argiaren produktuak erosi eta harpide egiteko mahaia ere izango da eta estilo anitzeko kamisetak egongo dira salgai, Iosu Serigrafiak-en laguntzarekin eginak.

Eguerdi partean Argiazaleon Topaketa egingo dugu frontoian. Parte-hartzen dutenek hamaiketako goxoa izango dute zain, Usurbilgo Alkartasuna nezakarien kooperatibak utzitako jakiekin pres­tatua: sagar zuku naturala, Aralarko gazta, almendrak, sagar dultzea eta txokolatezko pinportadun galleta ekologikoak.

Gosea edo egarria asebetetzeko aukera ere izango dugu dema plazako txosnan. Bertako edari ekologikoak eskainiko dira, Basorlegiren edalontzi berrerabilgarrietan, eta mahaiak egongo dira pintxoak eta ogitartekoak jateko. Txosnan urik ez da salduko; Kutxa Ekoguneak utzitako pitxarretan, denena den iturriko ur freskoa edan ahal izango dugu ohiko moduan.

2) Askatasuna plaza

Gune honetan haurrentzako jolasak eta eskulanak izango dira goizean zehar eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pasilazoen bisita jasoko dute txikienek.

Bestalde, bertan egingo da tailer ekologista, adin guztietako pertsonentzat. Nendo Dango-ak (hazi eta buztinezko bolatxoak) egingo dira txikitutako inguruak baso-berritzeko.

Askatasuna plazako estalpean 200 bazkaltiarrentzako mahaiak egongo dira. Lur Lan Baserritar Elkartearen eskutik, Euskal Herriko eta garaiko jaki jasangarriekin baretuko ditugu tripa-zorriak. Etxetik bazkaria ekarri dutenentzat ere tokia izango da.

Bolatoki inguruan, berriz, joko zirikatzaileak egingo dira bazkalostean, Euskal Herriko I. Nortasun Agiri Inposatuen Jaurtiketa, besteak beste.

Egun osoko festan sor litezkeen hondakinak Usurbilgo atez ateko bulegoarekin koordinatuta bilduko dira.

Usurbila joateko autobus eta tren lineak daude; autoz doanak kiroldegi ondoan aparkatu dezake.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/usurbil.jpg


ASTEKARIA
2014ko irailaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Eguna
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen... [+]


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


Eguneraketa berriak daude