Anakronia beltzak

Antton Olariaga

Gutxitan oheratuko zen pianoan Bach edo Schuberten pieza bat edo beste jo eta Goethe edo Rilkeren pasarte batzuk irakurri gabe. Biharamun goizean, jaiki eta lantokira joango zen puntual asko, eta han nagusiek agindutakoa txintik atera gabe beteko. Ezer berezirik ez kultura handiko pertsona batentzat, esango dit norbaitek. Eta arrazoi osoa luke, gure gizonaren lantokia Auschwitz ez balitz.  

Kulturarik jasoena eta ankerkeriarik latzena berez uztar ezinak direlakoan egon gara luzaroan. Orain, XX. mendeko izugarrikerien ostean, badakigu ez dela ezinezkoa, elemenia zirela horrelakoak nazien garaiko Alemanian.

Baieztapen hori du abiapuntutzat George Steinerren saiakera lazgarri eta ederrenetariko batek, euskaraz honelaxe ez bada honelatsu behar lukeenak: Hizkuntza eta isiltasuna. Saiakera bat literatura, hizkuntza eta gizagabekeriaz. Aspaldi irakurria nuen arren, lehen aldi hartan ez bezalako zirrara eragin dit bigarren txanda honetan, eta uste dut badakidala zergatik.

Abiapuntuko baieztapenak ezinbestean dakar honako galdera hau: ikusiak ikusi, esan ote daiteke kulturak gizaki hobeak bihurtzen gaituela? Galdera erretoriko bezain deseroso horrek, bistan da, kolokan jartzen du mendebaldean oro har eta Europan bereziki orain arte inork zalantzan jartzen ez duen axioma.

Steinerrek gordin dioen bezala, XX. mendeko izugarrikeriak (auschwitzak, gulagak, guantanamoak eta era guztietako ziega itsuak) ez dira inola ere inperioaren bazter urrunetan sortuak, inperioaren bihotz-bihotzeko parejeetan baizik. Sorleku bera dutela, alegia, goi mailakotzat jo ohi dugun kulturak eta gizateriak ezagutu dituen izugarrikeriarik basatienek.

Neure buruari agindua nion, aspaldi samarrik, ez nuela Hondarribiko alardea sekula gehiago plazan aipatuko, baina hedabideetan erakutsi, esan eta idatzi direnak ikusi, entzun eta irakurrita, iruditu zait betikoaren aldekoek argudio berri bat erabili dutela aurten, betiko argudio argal ergelez gain.

Labur zurrean, honelatsu formula daiteke argudio niretzat berri hori: “Kultura handiko pertsonak gara gu, aizu, ez pentsa istilu bila dabilen jende ezjakin eta erronkorosoa garenik...”.

Ni prest nago hori (ere) sinesteko, baina iruditzen zait betikoaren aldekoen irakurgai kuttunen zerrendan ez dela George Steiner agertuko, bestela ez baitzuten argudio hori erabiliko.

Aitortzen dut egunotan sarri egin dudala ahalegina, uztar ezinak diruditenak uztartuta irudikatzeko. Bach edo Schuberten musikaz eta Goethe edo Rilkeren literaturaz gozatzeko gauza zen pertsona Auschwitzen “lanean” irudikatzea zen Steinerrek proposatzen zigun ariketa. Hondarribiko alardearen kasuan, atzekoz aurrera egin beharra dago irudimen ariketa.

Saiatu saiatu naiz, aurten ere betiko plastiko beltzen atzetik betikoa aldarrikatzeko aitzakian irainka aritu diren horiek etxean irudikatzen: gitarra hartu eta Mikel Laboa edo Ruper Ordorikaren kantuak kantatzen, edota Atxaga edo Sarrionandiaren pasarteak irakurtzen, esaterako.

Ez dut lortu, plastiko beltz horrek den-dena irentsi eta beltzean beltz bihurtzen baitu. Alferrik ari dira, ordea, bai plastikoaren atzekoak eta bai haiei, oraindik ere!, babesa eskaintzen dieten buruzahagi anakronikoak: ezarri nahi diguten erdi-aro ilun hau ez da betirako izango, uste duten baino lehenago argituko baitu arrazoiaren eta gizatasunaren egunak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude