Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin daukan gatazka hiru erpinetatik aztertu daiteke; elkarrekiko harreman estua duten hiru erpin. Erpin historikoa, politikoa eta juridikoa. Erpin historikoan eta politikoan (demokratikoan) dauka legitimitatea herri honen burujabetza edo autodeterminazio nahiak. Goazen aletzera:
Erpin historikoa eta baieztapen bat: euskal herri honek Estatu bat sortu zuen, Nafarroako Erreinua, eta hura mendeetan existitu izana erabakigarria izan zen gero nazio bihurtzeko. Konkistatu egin zuten 1200. urtean, 1512-1523ekoetan, eta indarrez hartu 1620an. Ondoren, herri hau okupatu eta kolonizatu egin zuten. Baina oraindik ez du etsiak hartu.
Erpin demokratikoa eta baieztapen bat: plano politikoan indarra hartzen ari da erabakitzeko eskubidea. Euskal Herriaren zati handi batek erakutsi du erabaki nahi duela, Kataluniako bideari jarraiki. Demosaren zati batek, konkistaren eraginez, demos zabalago baten parte denak azaldu du bere etorkizuna erabaki nahi duela. Demokraziak –baldin eta demokraziarik baldin bada– birdefinitze bat eskatzen du. Espainiar ordenamenduak diseinatutako demokrazia ereduak ez ditu gizartearen zati handi baten nahi eta beharrak asetzen.
Erpin juridikoa eta baieztapen bat: Espainiako Konstituzioari egun Auzitegi Konstituzionalak egiten dion interpretazioak ez du erabakitzeko eskubiderik onartzen. Ez, interpretazio bide hori existitzen ez delako, baizki eta egungo borondate politikoaren isla den Auzitegi Konstituzionalak ez duelako beste begi batzuekin Konstituzioa irakurri nahi. Demokrazian sakontzea eskatzen du honek eta Espainia ariketa hori egitetik oso urrun dago; ez zaio interesatzen gainera.
Joseba Gabilondoren berbak hartuko ditut: “Euskal historia subjektu ezkor baten inguruan idatzi behar da: euskal subjektu subordinatua definitzen duten zartadura eta bortizkeriako trauma. Gure historia historia subalternoa izan da, ezinaren historia negatiboa ezezka bakarrik konta daitekeena eta beti estatu frantsesaren eta espainiarraren gehiegitasuna ere badena, era positibo batean estatuaren hizkuntzan bakarrik idatz daitekeena, historia bera kontatzeari uko eginez”.
Historiak egiten gaitu, beraz, eutsi behar diogu garenari. Jakin behar dugu bi estatu inperialisten menpe dagoen herria izanik, ateratzeko estrategia ausartak garatu behar ditugula.