Abuztuak ikara eragiteko moduko zifrak utzi dizkigu. Dakigunez, 47 ziren aurreko astean indarkeria matxistak utzitako gorpuak. Dakigunez, bortxatzeko grina maskulinizatuak ez du oporrik hartu. Badirudi inoiz baino lanpostu gutxiago dagoen honetan, gero eta langile gehiago hil direla, asko, gure azpiegitura horiek eraiki lanetan. Gazako arreba-anaien gorpuek Israelek itotzeraino murriztutako lur zati niminoetan lurperatzeko gaitasuna gainditu dute. Siriako gorpuen zifrek gure adimenean hori bera liseritzeko gaitasuna gainditu dute; kasik, ustelkeriaz hitz egiten digutenean aipatzen dituzten milaka miloi euroen zifren antzera.
Zifra dantzaren artean, haiek ulertu eta liseritzeko beste batzuk falta ditudala pentsatu dut. Zenbat kondena daude erailketa horiengatik? Zenbat bortxaketa ekiditea lortu dute hainbat andrek? Zenbat diru irabazi dute langileak gorpu bilakatzen dituztenek? Zenbat bala eta bonba jaurti dituzte sionistek? Zenbat urte daramatzagu Ekialde Hurbila lehertzen?
Zifra hutsak omen gara, baina jakin dezagun gutxienez zenbat garen eta zeren kontra dihardugun. Irabazi arte.