"Independentziarekin, etorkizun hobea, justuagoa eta oparoagoa eskuratuko dugu"

  • Jim Mather (Lochwinnoch, 1947) Eskoziako Gobernuko Enpresa, Energia eta Turismo ministroa izan zen SNPko lehen agintaritzan, 2007tik 2011ra. Independentziarako bidea ireki dezakeen erreferendumaren atarian, ekonomiarenak gai gakoa izaten jarraitzen du. Horixe da, hain zuzen ere, Matherren jakintza arloa. Eta horiei buruzko galderak erantzun dizkio ARGIAri.

"Europako populazioaren %1 gara, eta Europako petrolio eta gas erreserben %60 daukagu. Balaibide honen erabilerarik onena egin nahi dugu".

Eskoziako erreferendumeko atarian aukerak nahiko pareko daude, eta ez dago batere argi zer gertatuko den. Nola ikusten duzu egoera?

Momentua baiezkoaren aldeko kanpainarena da, kalean egindako lanari esker eta Alex Salmondek azken telebista eztabaidan izandako paperari esker. Londreseko establishmenta eta jabetza Londresen duten Eskoziako hedabideen jarrera are desesperatuago bilakatuko da hurrengo egunetan, eta printzipiorik gabea.

2000. urteko oroitzapen batek ematen dit konfiantza. Orduan hauteskundeetara aurkeztu nintzen, SNPko hautagai gisa, eta tokiko hedabideek %14ko emaitza aurreikusi zuten gure alderdiarentzat. Azkenean botoen %29 lortu genuen. Independentistek diote independentzia onuragarria izango litzatekeela Eskoziako ekonomiarentzat. Unionistek, aldiz, kontrakoa. Nola dakite herritarrek zeini sinetsi?

Konfiantza kontua da. Eskoziako Gobernuak, SNPren eskuetan, trebetasuna eta zintzotasuna erakutsi du 2007az geroztik, eta argi utzi du bat datorrela Eskoziako herriaren interesekin. Bitartean, Londreseko gobernu ezberdinek hazkunde tasa baxuak ekarri dituzte Eskoziara azken 50 urteetan, Erresuma Batuko gainerako lurraldeekin eta beste herrialde txiki garatuekin parekatuz. Aberats eta pobreen arteko ezberdintasunak handitu dituzte, populazioaren hazkundea geldiarazi, talentu handiko pertsona askoren emigrazioa bultzatu eta ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) bizi esperantza txikiena ekarri. Torien (Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea) gobernuek Eskoziari botere gehiago emateko 1979an egindako promesak era lotsagarrian ukatu dituzte.

Zergatik izan behar luke onuragarri?

Estatu independente baten botere guztiak emango lizkigukeelako lehiakorrak izan eta egoera zoro honetatik askatzeko, non, besteak beste, zergak biltzeko tasa bera erabiltzen den Londreseko erdigunean eta Eskozian.

Eta zein da balizko Eskozia independente baten biziraupen ekonomikorako oinarria?

Eskoziaren arrakasta ekonomikorako oinarria anitza eta osagarria da. Energian (hidrokarburoak eta energia berriztagarriak), uran eta elikagaien ekoizpenean buruaskiak gara. Hezkuntza sistema oso ona dugu, osasun sistemak hobekuntza handiak izan ditu, nazioarteko arreta eta borondatea alde ditugu, jende argia eta industria sektore indartsuak. Eta gainera, nazioartean bizi diren eskoziarren sarea daukagu, “aberri zaharrak” arrakasta izan dezan atzerrian laguntzeko motibatuta dagoena.

Iritzi kontrajarriak daude Iparraldeko Itsasoan gera daitezkeen petrolio erreserben kopuruaren gainean. Zenbat gehiago ustiatu dezake Eskoziak?

Existentziak sekula ezin dira erabat zenbatu, baina badakigu etekinak izugarriak direla. Iparraldeko Itsasoko petrolio barrilen kopurua 16,5 eta 24 miloi artekoa da, eta orain arteko estimazioek beti gutxietsi dituzte erreserbak eta prezioak. Orain, gainera, petrolioa berreskuratzeko teknika berri eta hobetuen perspektiba daukagu, eta baita erreserba berrien esplotazioa ere Eskoziako hainbat lekuetan.

Zer egin nahi du SNPk petroliotik lortuko den diru horrekin?

Norvegiako eredua jarraitu nahi dugu, trantsizio finantzarioa kudeatuz eta etorkizuneko belaunaldientzat Petrolio Funtsa sortuz.

Zer da hori?

Norvegiako Pentsio Funtsaren baliokide eskoziarra litzateke. Diseinatuta legoke Eskoziako ekonomiak beste sektore batzuetako prezioak gainberotuko ez dituela bermatzeko, eta baita etorkizuneko belaunaldiak babestu eta aberasteko.

Edonola, petrolioa egunen batean bukatuko da. Zein da Eskoziaren alternatiba?

Europako populazioaren %1 daukagu, eta Europako petrolio eta gas erreserben %60 daukagu. Baliabide honen erabilerarik onena egin nahi dugu, Eskoziaren independentziarako trantsizioari laguntzeko eta petrolioaren eta gasari lotutako trebetasunen esportatzaile bihurtzeko. Fase honek 50 urte inguru iraun ditzake.

Energia berriztagarrien garapena ere bultzatu nahi dugu. Hala, Europako itsaso zabaleko energia eolikoaren %25 esplotatu nahi dugu, eta baita Europako mareen energiaren %25.

Eskoziar independentistek diote independentziak bestelako eredu ekonomiko eta soziala ekar dezakeela. Zertan ezberdintzen da eredu hori gaur egungoaz?

Helburu nagusia enpresariak, sindikatuak eta langileak laguntzea da, lan esparru adostuago bat sortzeko. Horrek, argi eta garbi, talka suposatzen du Westminsterrek azken 25 urteetan garatu duen eredu iparramerikarrarekin.

Herrialde baten aberastasunak ez dakar derrigorrez bere herritarren aberastasuna. Eskoziak, hain zuzen ere, ezberdintasun sozial ikaragarriak ditu aberats eta pobreen artean. Independentziak bermatu dezake aberastasunaren banaketa justua?

Bai, eta lagundu dezake jende gehiagok konfiantza, anbizio pertsonal eta komunitarioa, trebetasunak, lana, gogobetetzea eta ongizatea har ditzan.

Salmondek behin eta berriro esan du Eskoziak libra erabiltzen jarraituko lukeela. Unionistek, ordea, ezetz diote. Zer gertatuko da Londresek ate hori ixten badu?

Ez nago ados unionistek diru-batasuna errefusatzeko logikarekin. Nahiago dute, nahita eta maltzurkeriaz, diru-batasunak ekarriko lituzkeen etekinen aurrean ez ikusiarena egin.

Edonola ere, Alastair Darlingek (Better Together kanpaina unionistako burua) eta beste batzuek onartu dute ezin dutela eragotzi Eskoziak libra erabiltzen jarraitzea. Adam Smith Institute eta Citigroup bezalako erakundeek ere esan dute Erresuma Batuarentzat onena litzatekeela diru-batasun horretan parte hartzea. Denak onartzen ari dira kontrakoa eginez gero, Londreseko gobernua litzatekeela Erresuma Batuko zor nazionalaren Eskoziako partearen erantzule.

Eta libra partekatuz gero, ez al dago arriskurik BOEko (Bank of England) erabakiek Eskoziaren politikak mugatzeko?  

Eskoziako ekonomia aro berrian sartuko litzateke. Guk, herriak, oparotasunarekin eta finantzen zintzotasunarekin konprometitua dauden gobernuak bozkatu ahal izango ditugu; beharrezko bermeak lortuko ditugu Ingalaterrarekin negoziatutako diru-batasunerako akordioa mantentzeko. Era berean, Ingalaterrak eman nahi izan ez dizkigun botere guztiak aberriratuko genituzke, bereziki zergak, ongizatea eta zorpetzearen gainean eskumenak irabaziz.

Esana duzu herrialde txikiek aukera handiagoak dituztela arrakasta ekonomikoa eskuratzeko. Zergatik?

Horrelako kasuetan gobernua herriarengandik gertuago dago, kontsultatu beharreko eskualde gutxiago daude, elkarrekintza gardenagoa da, elkarrizketa eraginkorragoa eta ordezkatzaileagoa, eta antzeko herrialde gehiago daude, eurengandik ikasi eta eurekin lehiatzeko.

Hau guztia aplikagarria al da Euskal Herria edo Katalunia bezalako nazio txikientzat ere?

1945ean 74 estatu zeuden munduan, eta orain 196. Munduan joera bat dago, eta ziur nago Euskal Herriko eta Kataluniako jendea horretaz eta joera hori bultzatu duten faktoreetaz oso kontziente izango dela.

Zergatik proposatzen du Eskoziako Gobernuak britainiar koroaren pean jarraitzea?

Konstituzioa aldatzea mugimendu handia da, eta asko dira aldaketa gehiagorekin eta bestelako estatu buruak izateko arriskuarekin —aukeratu gabeko politikari ohiak lirateke— kezkatuta daudenak. Horregatik, nire ustez, ez da beharrezkoa gai horri heltzea.

Zer gertatuko da irailaren 18an baiezkoak irabazten badu? Eta ezezkoak irabaziz gero?

Baiezkoak irabaziz gero, Eskoziarentzako aro berri ausarta irekiko da. Etorkizun hobe, justuago eta oparoagoa eskuratuko dugu, mundu mailan paper etiko eta positiboa izaten utziko diguna.

Ezezkoak irabazten badu, Eskoziak arlo ekonomikoan, sozialean eta kulturalean galduko du epe motzean. Epe luzera, unionisten promesak apurtu eta emaitza txarrak biziko ditugunez, independentziarako bidean sakondu egingo da. Charles Stuart Parnellek Irlandako testuinguruan esan zuen moduan, “inork ez du eskubiderik nazio baten bideari mugak jartzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude