Sortzaile osoa

  • Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) bultzatutako Bilbo Bizkaia Architecture (BIA) plataformaren eskutik egingo da Bilbon lehendabiziko BIA Urban Regeneration foruma, irailaren 4tik 28ra. Bizkaiko eta Bilboko hirigintza dinamizatzea xede duen plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Besteak beste, erakusketak, film zikloak, lehiaketak, haurrentzako tailerrak edo arkitekto ezagunen eskutik egingo diren bisita gidatuak. Erakusketen artean ikusgarrienetakoa, Imanol Ordorika Bengoetxea 36ko Gerran Mexikora erbesteratu zen arkitekto lekeitiarraren atzera begirakoa.

Imanol Ordorika Jorge Oteizarekin.
Imanol Ordorika Jorge Oteizarekin.

Hiru seme-alaben artean zaharrena zen Imanol Ordorika Bengoetxea (Lekeitio, 1931 – Mexiko Hiria 1988). Nile eta Jokin zituen senideak. Gurasoak, berriz, Joseba Ordorika Asua (Lekeitio, 1896 – Mexiko 1973) eta Balbina Bengoetxea Alzola (Boisse, AEB, 1906 – Mexiko 1999).

Aita, Lekeitioko merkataritza itsasontzietako kapitaina, 1939an heldu zen Mexikora, hark gidatu baitzuen Vita, II Errepublikako gobernuko ondasunak Mexikora eraman zituen belaontzia.

Lekeitiko bonbardaketaren ostean, lehenik Bedaronako baserrian babestu ziren ama eta seme-alabak, gero Donibane Lohizunera egin behar izan zuten ihes (Lauaxetak lagundu zituen, Nile bere besoetako alaba baitzen). Handik gutxira, Mexikora jo zuten haiek ere, Bordeletik abiatuta. 1939ko azaroaren 22an heldu ziren. Imanol Ordorikak 8 urte zituen.

Inoiz ez zituen Euskal Herriarekiko loturak eten. Ohikoa zen familia Mexikoko euskal etxean ikustea, bertako zuzendaria izan baitzen aita. Imanolek, Jokinek eta Nilek Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionaleko Arkitektura Eskolan egin zituzten arkitektura ikasketak.

17 urte besterik ez zituela ekin zien ikasketei, eta berehala nabarmendu zen, hango maisu handien laguntzaz. 

1956an, Mexikon bizi zen beste euskaldun batek, Anton Elorriaga enpresariak hain zuzen, eta Mexiko Hiriko Majestic hotelaren jabeak, Acapulcoko Elcano Hotela egiteko enkargua egin zioten Imanol Ordorika gazteari. Eraikin modernoa eta funtzionala egin zuen. Beste batzuk heldu ziren haren atzetik: La Lagartija etxea, Mexicaliko Ospitalea, Hermosilloko Banco Mexicano de Occidente eraikina, Mexiko Hiriko Honeywell, eta Avenidas Insurgentes kaleko beste bulego eraikin bat.

Hotelak, hezkuntzarako eraikinak eta etxaldeak egin zituen batik bat. Erakusketako arduradun Ibai Gandiagak dioenez, “Garaiotan Europako abanguardiak hainbat bide berri zabaldu zituen porlana eta altzairua erabiliz. Teknikaok Bigarren Mundu Gerraren ondoren garatu ziren. Ordorikaren lengoaia isilagoa bazen ere, abanguardia horren espresibilitatea bereganatu zuen  gerora ”.

Euskal sortzaileekiko lotura

Margolaria, eskultorea eta diseinatzaile industriala ere izan zen Imanol Ordorika. “Pertsona bizia zen, artearen bila aritzen zen. Ordorika ez genuke besterik gabe arkitektotzat hartu beharko, sortzaile oso bezala baizik, hainbat bidetatik bilatzen zuelako artearen espiritutasuna” azaldu digu Ibai Gandiaga arkitektoak.

Francoren diktaduraren ostean, Imanol Ordorika Lekeitiora itzultzen zen ahal zuen guztietan. Koldo San Sebastian kazetari eta Ordorikaren ilobak azaldu digunez, “hura euskalduna zen, baina mexikar izateari utzi gabe, eta halaber, mexikarra ere bazen, euskalduna izateari utzi gabe. Esker onekoa zen erbestean hartu zuen herriarekiko”.

Euskal Herrira itzultzen zen bakoitzean euskal sortzaile eta arkitektoekin biltzen zen. Oteiza, Txillida, Basterretxea, Larrea... Jorge Oteiza bere Mexikoko etxean bizi izan zen denboraldi batez, “eztabaidan etengabe, baina ondo pasatzen zuten biek”, gogoratu du Koldo San Sebastianek.

Euskal Herrian ez dugu Imanol Ordorikaren eraikinik, baina badira zenbait margolan. Bata, Santi Brouardek Lekeitioko ikastolarako eskatutako margolana. Bestea, Bilboko Arte Ederretako Museoan dagoen bat izan litekeela uste da.

Ikasketak egin zitueneko arkitektura eskolan irakasle aritu zen 32 urtez, eta Mexiko Hiriko arkitektura bulego garrantzitsuenetako bat gidatu zuen. Bestetik, Mexikoko Arkitektura Akademiako katedraduna izan zen. Hura zen akademian sortzez mexikarra ez zen bakarra.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude