“Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta instituzioek etorkinaren aldeko diskriminazio positiboa egiten dute, eta bitartean zakarrontzietan bila dabiltzan espainiarrak ikusten ditugu. Jende babesgabe asko dago, eta horiek laguntzea da gure helburua”. 24 urteko emakume madrildarra da mintzo dena, filosofian lizentziatua. Madrilgo zentroko bozeramailea elkarrizketatu dute La Ser irrati-katean. (...)
Ezinbestean, Greziako Urrezko Egunsentia dator gogora. Madrilgo bozeramailearen hitzetan, “gure herria maite dugula partekatzen dugu haiekin”. Alderdi ultraeskuindarra defendatzen ere entzun dugu irratian: “Onak ez dira hain onak ezta gaiztoak hain gaiztoak ere. Hedabide guztiak ados jartzen direnean erakunde bat difamatzeko, zerbait ari dira ezkutatzen”.
Migratzaile magrebtar eta aljeriarrak hirian gizarte-laguntzetatik bizi direla eta lan egiteari uko egiten diotela bota du uda honetan Javier Maroto Gasteizko alkateak. Halako adierazpen interesatuak gizartean zabalduz gero, ez gaitezen harritu dagoeneko Italian eta Espainian ugaritu diren “zentro sozial” eskuindarren modukoak iristen badira Euskal Herrira ere.