Balkanetako Bartzelona Berria

Bartzelona Berriko planoa. XVIII. mendean mila migratzaile katalan hiri berria eraikitzen hasi ziren. Baina gerra eta izurria medio, proiektuak hiru urte besterik ez zuen iraun.
Bartzelona Berriko planoa. XVIII. mendean mila migratzaile katalan hiri berria eraikitzen hasi ziren. Baina gerra eta izurria medio, proiektuak hiru urte besterik ez zuen iraun.Nathaniel Dance-Holland

Madril, 1700eko azaroaren 1a. Karlos II.a Espainiakoa ondorengorik gabe hil zen eta Europako potentziak hark uzitako tronua lortzeko lehiatzen hasi ziren: batetik, Filipe Anjoukoa borboitarra, Frantziaren babesa zuena, eta bestetik, Karlos artxidukea, Habsburgo etxekoa, gainerako potentziek osatutako koalizioaren hautagaia. Ondorengotza Gerra 1701ean hasi zen eta Aragoiko Koroaren lurraldeak artxidukearen alde lerratu ziren, foruak galtzeko beldurrez eta borboitarren absolutismoa saihestu nahian. Baina gerra galduko zuten, 1713an,  Utrechteko Ituna medio, Filipe Anjoukoa (Filipe V.a) Espainiako errege izendatu baitzuten. Bartzelonak 1714ko irailaren 11 arte eutsi arren, borboitarren agintea ere hirira iritsi zen azkenean.

Beste hainbat gatazkatan bezala, galtzaile askok sorterria utzi behar izan zuten, borboizaleen errepresiotik ihesi. Baina nora joan ziren Bartzelona eta inguruetatik ihes egindako migratzaile katalan haiek?

Logikoena Habsburgo etxearen kontrolpean zeuden lurraldeetara jotzea zen: Napoles, Flandria, Sardinia, Sizilia, Austria, Hungaria... Baina 1734an Filipe V.ak Napoles eta Sizilia birkonkistatu zituen eta bertan babes hartutako katalanek berriro ihes egin behar izan zuten, oraingoan Vienara. Gehienak jatorri apalekoak ziren eta, baliabide eta bizibiderik gabe, kaleetan alderrai biziraun zuten.

Vienako agintariek, kaleak “garbitzeko” irtenbideren baten bila, katalanak trabarik egingo ez zuten tokiren batera bidaltzea erabaki zuten. Aukeratutako kokapena Otomandar Inperioari kendu berri zioten lurraldea izan zen, egun Zrenjanin dagoen ingurua, Belgradetik (Serbia) 70 bat kilometro iparraldera. Arazotik libratzeaz gain, turkiarrekiko muga berria birpopulatzeko erabili zituzten erbesteratuak.

1735 eta 1737 urteen artean, mila katalan inguru eraman zituzten bertara, Danubio ibaian barrena, Bartzelona Berria funda zezaten. Planoak egin ondoren hiria eraikitzen hasi ziren, baita masustondoak landatzen ere. Bartzelona Berriko jarduera ekonomiko nagusia zeta ekoiztea izatea zen helburua, eta fabriketako zeta-harrak elikatzeko masustak beharko zituzten.

Baina amets hura hasi eta hiru urtera amaitu zen. Habsburgotarren eta otomandarren arteko gatazka berehala berpiztu zen eta katalanen lurralde berriak turkiarren erasoak jasan behar zituen behin eta berriro. Hori gutxi balitz, turkiarrek izurria eraman zuten Bartzelona Berrira, eta bizirik iraun zuten bakanek hiritik alde egin zuten. 1808an sute batek hiriaren arrastoak erraustu zituen eta, egun, katalan horiek utzitako aztarna bakarra zeta-harrak elikatzeko landatutako masustondoak dira


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude