Boga-boga batelera

  • Ez dira urte asko pasa emakumeak traineruetara igo zirenetik. Pasai Donibanen (Gipuzkoa) 2010ean osatu zuten Batelerak tripulazioa. Hala ere, historia luzea dauka bertako emakumeen arraunak eta olatu ugariri aurre eginda, gainean mantendu dira.

Lourdes Mariezkurrena eta Miren Etxebesterekin batera, argazkian ageri den Maite Zunzunegi izan zen banku mugikorreko lehen emakume arraunlaria Espainiako Estatuan. 1973an herriko eta familietako
Lourdes Mariezkurrena eta Miren Etxebesterekin batera, argazkian ageri den Maite Zunzunegi izan zen banku mugikorreko lehen emakume arraunlaria Espainiako Estatuan. 1973an herriko eta familietako "zoroak" ziren haiek bide luze baten hasiera marraztu zuten.M.Zunzunegi

Pasai Donibaneko badia lantoki zuten prestigio handiko emakumeak dira batelerak, XVII. mendetik bidaiariak San Pedrora eramaten zituzten txalupariak, ontzien jabe eta gidariak. Arraunlariak ziren ofizioz, baina ez kirolariak. Omentzeko, 1962. urteaz geroztik, miresmena, nostalgia eta kiroltasuna uztartzen diren batelen estropada herrikoia egiten da jaietan, emakumeak protagonista dituena. Gaur, lekukoa hartu diete Batelerak trainerua osatzen duten arraunlariek. Baina hamaika izan dira aurretik itsasoa urratu dutenak.

Pasai Donibanek beti izan du arraunarekiko zaletasuna eta aitzakia hori aprobetxatuta murgildu ziren itsasoan Maite Zunzunegi, Lourdes Mariezkurrena eta Miren Etxebeste. Banku mugikorreko lehen emakume arraunlariak izan ziren Espainiako Estatuan. 1973an herriko eta familietako “zoroak” ziren haiek bide luze baten hasiera marraztu zuten. Itsasoa sekula ez dutela bare izan kontatu digute.

Garai hartan, apenas zegoen konpetentziarik, ez baitzegoen emakume arraunlaririk Hego Euskal Herrian: “Kirola egiteko elkartzen ginen lagunartean, ez genuen estropadarik egiten”, adierazi du Zunzunegik. Izan ere, hori izan zen Mariezkurrenak arrauna utzi eta eskubaloian hasteko arrazoia, ezin lehiatu ahal izatea. Urteak pasa ahala, Frantziara mugitzen hasi ziren, partaidetza handiagoa zegoela ikusita. 1977ko Espainiako Trofeo Federación txapelketan Urrezko domina lortu zuen Zunzunegik skiff modalitatean. 1978an, ordea, Brontzea lortu arren ez zuen saririk jaso: “Guretzat ez omen zegoen dominarik, ez gintuzten asko baloratu”. Lehian hasiak baziren ere, lehen emakumeen estropada ofiziala Espainiako Txapelketa izan zuten 1980an.

“Hasi zinetenoi esker gabiltza arraunean”

1982. urtean, 13 urte zituela hasi zen Ana Sistiaga entrenatzen. Lagunarteko hizketaldi batek berotuta, zortziko banku mugikorra ateratzea lortu zuten, baina bere arraunaldia ez zuen bertan igaro: Scull bikoitzean zebiltzan gizonezkoen lemazaina izan da, Espainiako Estatuko lehen emakume lemazaina. Sistiagak hasieratik parte hartu du txapelketetan, biko, lauko eta zortziko ontzietan. Ez zen ohikoena emakume bat gizonezkoekin lehiatzen aritzea eta inoiz oztoporik jarri diotela kontatu du: “1985ean, Espainiako txapelketara abiatuta, federazioak parte hartzeko eskubidea ukatu zidan, emakume batek ezin zuelako gizonekin lehiatu”. Urte osoa entrenatzen igaro ostean, bere ordez gizonezko bat atera zela adierazi du. Kideak, kluba eta herritarrak erabakiarekin ados ez egon arren, protestarik ez zela egin gehitu du.

Oztopoak oztopo, lemazain igarotako urteak “bizitzako onenetarikoak” izan zirela azpimarratu du. Kirola egiteaz gain, “esperientziaz beteriko urteak” izan baitziren. Oraintsu, gainera, Jaione Osoro Zumaiako patroiarekin izandako berriketaldi batean, utzitako arrastoaz jabetu da Sistiaga. “Garai hartan hasi zinetenoi esker gabiltza orain arraunean”, esan dio Osorok Sistiagari.

Hasitako bideak ez du etenik izan. Urte batzuk geroago, 1989an, antzeko arrazoi batekin ekin zion Eva Mironesek arraunari; lagun artean “zerbait egiteagatik” eta aitak konbentzituta. Ordurako jada emakume arraunlari gehiago zeuden beste herrietan eta estropada dezente egiten zituzten. Banku mugikorreko ontzian urrutira iritsi da Mirones. 1996an Brontzea irabazi zuen Espainiako 23 urtez azpiko txapelketan eta 1998an berriz, Urrezko domina. Euskal Herrian, Frantzian eta Espainian aritu da, baita munduko txapelketetan eta 2004ko Atenasko Olinpiadetan ere.“Edozein kiroletan espero daitekeen maila gorenera iritsi naiz”, adierazi du, “eta munduko kirolari onenen artean nengoela pentsatzeak harrotasunez betetzen nau”.

Mirones Olinpiadetan parte hartu duen lehen emakume arraunlari euskalduna izan da. Haatik, inoiz ez du omenaldi edo oroigarririk jaso egin duen ibilbideagatik. Baina horrek ez du kezkatzen: “Nik arrauna niretzat egin dut, nire burua asetzeko”. Gainera, sekula ez du ezer faltan bota: “Niretzat pertsona baloratzea behar duena ematea da, entrenatzeko zein estropadetarako baliabideak izatea, eta izan ditut”. Kirolaren goialdea ezagutu duela sinetsita, arrauna utzi behar izan zuen 2006an, sorbaldako lesio batengatik.

Nola aldatu diren gauzak, kamarada

80ko hamarkadan utopia zen emakumeen batelan edo traineruan pentsatzea. “Gerora egongo zela sinesten genuen, baina ez une hartan”, dio Ana Sistiagak. Eta momentua iritsi zen. 2008an hasi ziren traineruak sortzen Euskal Herrian barrena: Hondarribia, Getaria-Zumaia, Tolosa… Lehen estropada EXPO Zaragozan izan zen, Bizkaiko selekzioa Gipuzkoakoaren aurka. Urte horretan ere Kontxako estropadak hasi zituzten.

Bultzada aprobetxatuta, 2010ean Donibaneko arraun elkarteko zuzendaritzak trainerua sortzeko apustua egin zuen. Gutxienez hamalau arraunlari lotu behar zituzten uretara atera ahal izateko, eta bateletan zein trainerilletan zebiltzanak segituan animatu ziren. Maite Zunzunegi bera zegoen zuzendaritzan momentu hartan, baita entrenatzaile ere. Lau mende geroago, beraz, batelerak herrira itzuli direla esan daiteke, oraingoan lehian aritzera. Itsasoa nahiko bare izan dutela adierazi badigute ere, haizea kontra ere izan dute inoiz. Larunbat arratsaldeko estropada baterako prest, antolakuntzak plana aldatu zien duela hiru urte. Bostetan hastekoa zen lehia zortzietara atzeratu zieten, “mareak gizonezkoen estropada oztopa zezakeelako”.

Brankari eutsita, hogei pertsonek osatzen dute Batelerak tripulazioa, gehienak Donibanekoak eta gazteak. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak eta Gipuzkoa eta Euskotren ligak irabazi eta hamahiru bandera astinduta bukatu dute denboraldia. “Ez dugu arraunean ari den koadrila hutsa izan nahi, maila ona eman nahi dugu”, dio Oihana Cereijo arraunlariak. Emaitza horiek lortzeko urte osoan egin behar izan dute lan eta astean sei entrenamendu egiten dituzte. Taldea elkartuta mantentzeak arraunerako zein funtzionamendurako konplizitatea sortu diela gaineratu dute eta hori izan dela arrakastarako gakoa.

Kirolari eta jarraitzaileek helburua irabaztea dutela sinesten du Maite Zunzunegik, baina azpimarratu du gaurko traineruko arraunlariak ez direla “bat-batean” iritsi dauden mailaraino: “Itzalean mantendu den lan gogorrak ekarri ditu honaino, traineru aurreko urte guztiek, eta merezi dute”. Aurtengo denboraldiak herria gertuago sentitzen lagundu diela adierazi du Josune Ugarte ontziko kideak. Donibanen arrauna beti jarraitu da, baina aurten herri osoak babesten dituela sentitu dute. “Bandera bat irabazi dugun bakoitzean, herritarren batek esaten digu urteak oparitu dizkiogula”.

Kontxako estropadan begirada zorrotz

“Gogoratzen dut duela bost urte izan zen emakumeen Kontxako lehen estropada”, dio Ana Sistiagak, “jendea ez zen kirolaz mintzo, berrikuntzaz baizik”. Errealitatearekin harrituta eta gizonezkoena “ikusgarriagoa” izatea ezin ulertuta, urte hauetan gauzak aldatu egin direla uste du. Eva Mironesen hitzetan, “emakume edo gizon, kirolean ateak irekitzea primerakoa da eta Batelerak horretan ari dira”.

70eko hamarkadan hasitako bideak aurrera jarraitzen duela jakiteak eta Batelerak ontziak Kontxako bandera irabazi dezakeela ikusteak harrotasunez betetzen ditu garai hartan hasi zirenak. Traineruko arraunlariek adierazi dute helburua guztiz bete dutela dagoeneko, baina Kontxari begira daudenik ezin ukatu, Josune Ugartek onartu duenez “itxaropen eta indar handiz” aurkitzen baitira. “Segundo gutxitan gabiltzan hiru-lau ontziek xede bera dugu, inor ez da ari bigarren postuan pentsatzen”, dio Cereijok. “Sortzen den giroa sentitzeak, kirolaz gozatzeak eta batez ere, uretatik itzultzean arranpla arrosa kolorez ikusteak ez du parekorik”, gaineratu dute Ugarte, Cereijo eta Inder Paredes patroiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Eguneraketa berriak daude