Europa Ukrainan katramilatu zen 2014ko uda hura

  • Kasik oharkabean, Kieven gobernua uzkailtzeko matxinada europazalea sortu zena 2014ko abuzturako gerra odoltsu bilakatu da Ekialdeko Ukrainan. Horko guduen edo bake-solasen erritmoan dabil dantzan Europa. Gerra hotza berriro. Analistak XX. mendeko bi gerra handien aurreko giroa aipatzeraino heldu dira. Ondo korapilatuta dago Europa.

1,3 milioi biztanle dituen Kaukasoko Txetxenian 1994tik 2009a arteko bi gerretan  160.000 herritar  hil ziren. Horietan bai Errusiaren alde eta bai kontra aritutako batzuk orain Donbassekoan azaldu dira. Miliziano errusiarzaleen artean ari dira batzuk, Li
1,3 milioi biztanle dituen Kaukasoko Txetxenian 1994tik 2009a arteko bi gerretan 160.000 herritar hil ziren. Horietan bai Errusiaren alde eta bai kontra aritutako batzuk orain Donbassekoan azaldu dira. Miliziano errusiarzaleen artean ari dira batzuk, Liveleak zerbitzuaren bideo batetik hartutako irudi handikoak esaterako: Putinen eskumakila den Ramzan Kadirov presidentearen alde borrokan ari izanak direla aitortu zieten kazetariei orain Vostok brigadan tiroka ari diren gizonok.

Menturaz esajeratua irudituko zaigun arren esatea mundua gerran dagoela, zalantzarik gabe gauzak asko okertu dira uda honetan”.  Kataluniako kazetari eta analista ospetsuenetakoa den Enric Julianak idatzi du oporren bueltan  La Vanguardian. Geopolitikaz gertu dauzkagun eskualdeetako arazoez gain (Gazako triskantza, Siria eta Iraken bizi duten gudu zibil izugarria, Ebola birusa Afrikan barrena...) Ukrainako gatazka okerragotu egin da, Jugoslaviako gerren garaietatik ikusi gabeko txikizioak eragiteraino.

Iturri fidagarrien arabera 2.200 zibil hil dira orain artean Ukrainako Ekialdeko gerran lau hilabete laburrotan. Horiei gehitu hildako 1.800 militar eta miliziano, Kieveko gobernuaren aldekoak ia erdiak. Gehi iheslari masa harrigarria: Nazio Batuen Erakundeak Errusiara eskapo 207.000 jende joan direla esan du –beste iturri batzuek kopurua 700.000raino igo dute–, eta 190.000 gehiago babestu direla Ukrainako beste eskualdeetan. Biktima kopuru izugarria da Europar Batasuneko eta OTANeko kide bihurtzeko bidean den herrialde batean.

Gatazkak hartu duen jitea adierazteko irudi batzuk hautatzekotan, baliagarri litezke Txetxeniatik bertaratutako gudarien argazkiak. Dokumentatuta dago txetxeniarrak badirela bai Kieveko gobernuaren alde ari diren milizianoen artean, bai Donbassen errepublika independentea sortu nahi duenetan. XX. mende amaieran izan baldin bada gerra gupidagaberik, Txetxeniakoa izan da. Orain errusiazaleei laguntzera Ukrainaraino iritsiak dira Ramzam Kadirov diktadorearen alde aritutakoak; eta Kieveko gobernuaren tropekin eskuz esku ari diren beste kide antikomunisten eta faxisten artean Txetxenian errusiarren kontra borrokan ibilitakoak badira. Noizbait argituko da gudari atzerritarren artean zenbat ziren boluntarioak eta zenbat mertzenario.

Hedabide nagusiek egiten duten espektakuluzko komunikazioak aski balu bezala Gazako masakreak 50 egunez eskaini dituen estanpa odoltsuekin, Donbass eskualdeko jende soilen sufrikarioari ez zaio Europan behar adina garrantzia eman. Baina  kalteak izugarriak dira.

Hildako eta zaurituez gain, morteroz eta artilleriaz suntsitutako ehunka etxebizitza, eraikin publiko eta azpiegitura zenbatu behar dira. Populazioari gosea ezarri zaio, laguntza humanitarioa eragotzi.

Kalte ekonomikoak zenbatzeko goizegi da, egunero dago gehiago. Datu bat: Ukrainako Ekialdeko 35 ikatz meategitatik 30 geldirik daude eta argindar faltagatik urez betetzen hasi dira.

Gerraren prezio garestia ekialdeaz gain Ukraina osoa ere hasi da pagatzen. Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza planak izozturik daude, Kieveko gobernuak ordainak itzuli ezin dituelako. Barne Produktu Gordina %5 eta %8 artean eroriko omen da 2014an.

Gabriel Sternek Oxford Economics­en idatzi duenez, Ukrainako Estatuak ordainketak epe laburrean eten ditzake, orain artean herrialdeak AEBekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Errusiarekin egindako zorrei aurre egin ezinik. Paradoxa dirudien arren, AEBek eta Europar Batasunak Errusiari ezarritako zigor komertzialek, nahiz eta estrategikoki Ukrainari laguntzeko izan, dirutan epe laburrean honen ekonomia kaltetzen dute.              

Gerra hotz berriaren muxikak   

Joan den abuztuan bitxi egiten zen egunkari handienek burtsei eskaintzen dizkieten txokoetan adituak hain sarritan Ukrainaz aritzea. Diruak beldurra dio segurtasunik ezari eta Ukraina aipatzea Europaren segurtasun falta oroitaraztea da akzioen salerosketa merkatuetan.

AEBek eta Europar Batasunak Errusiarekiko harreman komertzialei ezarritako zigorrak errusiarren artean zenbaterainoko mina egiten dien asko aipatua zen lehendik: Errusiatik kanpoko bankuetan gordetako dirutzak izozturik dauzkate aberats errusiarrek, esportazioek kolpe gogorra jasan dute eta, ororen buru, Errusiaren hazkundea izozturik geratu da.

Abuztuan, aldiz, nabarmendu dira Gerra Hotz berriak Mendebaldean eragindako kalteak. Telebistek erakutsi dizkigute AEBen eta EBren enbargoagatik Errusiatik bueltan zetozen mertxika eta gainerako fruitu alferrik galduak. Zigor ekonomikoen musikak Mendebaldeko ekonomiaren gainerako ataletan ere izan du eragina eta 2008ko krisitik ateratzen hasteko eduki zitzaketen itxaropen apurrak ihartu ditu.

Alemaniako kantziler Angela Merkel Ukrainako lehen ministroari konponbide negoziatua bilatzen ikustea horrek esplikatzen du. Ez da inoren sekretua Kieveko gobernuaren kontrako matxinada 2013ko neguan Alemaniak bereziki sustatu zuela, Viktor Ianukovitxek uko egin zionean Europar Batasunarekiko elkartze ituna sinatzeari. Orain, liskar haren gaiztotzeak (Errusiak Krimea bereganatu, gerra bortitza Donets eta Luhansk eskualdeetan...) Alemaniaren hazkundea bera jarri duenean arriskuan, Merkel pertsonalki busti da egoera bideratzeko ahaleginean, Europar Batasunak horretarako dauzkan aginte eta erakundeen jeloskeriaren beldurrik gabe.

Inork ez luke amestu behar Ukrainako gerraren akabera azkar eta samur batekin. Dagoenekoz urrunegi iritsi dira urak. Europar Batasunak eta AEBek gogor egin dute apustu EB eta OTAN Errusiaren mugetaraino eramatearekin. Vladimir Putinek garbi erakutsi du oraingoan ez duela onartuko. Krimea nola bereganatu duen ikusi baizik ez. Eta Georgiari Abkhazia edo Moldaviari Transnistria bereizi bazitzaizkion... zergatik ez zaio bereiziko Donbass Ukrainari?

Baina... Ekialdeko Ukrainako gatazkak arazo ekonomikoak hedatu dituela pentsatzeko orde esango baligute 2008ko krisia bera dela gatazkok ugaritzen dituena? Britainia Handiko Channel 4 telebistako ekonomi arduraduna den Paul Masonek hala iradoki du The Guardianen “Nola melokotoiek eta propagandak laguntzen duten munduaren ordena berria antolatzen” kronikan.

Dio Masonek: “Nahiz eta 1930ekoak baino inpaktu sozial txikiagoa eduki duen, 2008an hasitako krisia denboran luzeagoa izan da eta zenbait alorretan sakonagoa.  Ondorioz, pixkanaka sartu gara ekonomiaren historialariek ohartarazia ziguten ‘irteera’ fasean: segurtasuna nork lortuko lehia gogorra, nazionalismo ekonomikoak gidatua. Aurreneko mugimenduak  morroien bidez egin dituzte Ukrainan”.

Horregatik ez daukate lehiakideek oraingoz negoziatzeko eremurik eta bai fronte berriak irekitzeko irrika.

Agintariek diote Ukrainatik Europa gerra arriskuan dabilela baina... herritarrok sinetsi ote diegu?

Bielorrusiako minsken elkartu  zirenean abuztuaren 26an, Errusiako Vladimir Putin eta Ukrainako Petro Poroxenko lehendakariak elkarri bostekoa emanez egindako argazkiak aditzera eman zezakeen  Ukrainako krisiaren irtenbiderako zirriztu bat aurkitu zutela bateko eta besteko buruzagiek.  

Ilunabarrerako, ordea, agentziak hedatzen ari ziren lehenik Donbassen errebelde errusiazaleek fronte berri bat sutu zutela Kieveko armadaren kontra. Handik ordu gutxira OTANek zabaldu zituen Errusiaren ibilgailu militarrei Ukrainako mugen barruan sateliteetatik egindako argazkiak. Berehala OTANeko idazkari nagusiak berretsi zuen erakundeak ekialdera hedatzen segituko duela. Zertarako balio izan ote zuen Minskeko bilkurak? Ezertarako balioko ote zuen hiri berean programatutako hurrengoak?

Hedabideok 1914-19ko gerraren mendeurrenarekin jira eta buelta gabiltzan garaiotan hain deigarri ez zen egiten aditu bat baino gehiagok beren beldurrak azaltzea XXI. mende hasiera honi begira. Ber gauza 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoaren ikerlariek  oroitaraztean neurri bereko aurreko krisitzarrak, 1929koak, Bigarren Mundu Gerra ekarri zuela. Argudio burutsuak izan edo katastrofismo arinegiak, ez dute lortu jendeak etxean edo kalean posibilitate horretaz hitz egitea.

Baina abuztu honetan zerbait berezia gertatu da: oso aspalditik entzuten ez ziren gerra aipamenak entzun zaizkiela Europako agintariei. Gerra arriskuan dela Europa. Ukrainako Poroxenkok ohartarazi du oso hurbil gabiltzala  gerra handi bati buruz atzerako biderik gabeko puntua gainditzetik. Ordu batzuk beranduago Europar Batasunak Jose Manuel Barrosoren ahotik erabili du formula kezkagarri bera: “Conflict closer to a point of no return”.  Lituaniako presidente Dalia Gribauskaite urrunago joan da, esanez dagoenekoz Errusia Europarekin gerra dagoela (“Russia is practically in a state of war against Europe”).

Saihestu ezinezko talka  

Gerraren kontrako mugimendurik ezak erakusten duenez, herritarrek ez diote hainbesteko larritasunik ikusten Ukrainakoari. Gertatzen ari ote zaie ipuineko igelari bezala, alegia, sutan ipinitako pertza barruan gero eta beroago zen uretan oharkabean egosi zen igelarena?

Kieveko Maidan plazako elkarretaratzeetatik hasita egunotara arteko gertakizunen kronologian nekez aurkitzen da puntu bakar bat non tentsioa baretzeko neurri eraginkorrik hartu den. Ikusi da hauteskundeak irabazitako lehendakari bat matxinadaren aurrean ihesi lotsagarrian, gero tiroen hasiera, artilleria ondoren, hirien setioa, Ukrainako armada bere zibilak bonbardatzen, Errusiako armada disimulu gutxirekin Krimea inbaditzen, atzerritik etorritako mertzenarioak eta boluntarioak guduketan, hegazkin komertzial bat misilez lurreratzen...

Esan liteke gaian nahasiak diren potentzia handiek –AEBk, Europar Batasunak, Errusiak...– elkarren kontrako talkaren aldeko apustua egin dutela. Edo alderantziz, beste batzuek ulertu dutenez: pilatu direla ziklo ekonomiko eta politikoen agortzeek ekarritako tentsioak eta ez bateko eta ez besteko agintariek ez dutela asmatzen gerra ez den konponbide bat aurkitzen. Baina sua kontrolatzeko modurik aurkitzen ez badute, laster dena izanen da ezberdin Europan. Inor ohartzerako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errusia
2024-03-18 | ARGIA
Putinek orain arteko emaitzarik onenak lortuta irabazi ditu Errusiako hauteskundeak

Errusiako hauteskundeetan, Vladimir Putin presidenteak botoen %87 lortu du eta agintean izango da 2030era arte. Putinek adierazi du Navalni trukatzeko ituna egina zuela oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago.


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


2024-02-23 | Gedar
Errusiari zigor gehiago ezarriko dizkio Europar Batasunak

Ukrainako gerra hasi zenetik bi urte betetzear direnean, Errusiaren kontrako hamahirugarren zigor-sorta adostu du Europar Batasunak. Orain arteko zabalenetakoa da, eta aurrenekoz barne hartzen ditu Txinako enpresak ere.


Gotorlekurik zaharrena

Siberiako taigan duela 8.000 urteko gotorlekua topatu dute Berlingo Freie Universitäteko ikerlariek, inoizko zaharrena. Gotorlekuak Iraultza Neolitikoarekin batera iritsi zirela uste izan da luzaroan, nekazaritzak komunitateak egonkortzea ekarri zuelako.

Baina duela... [+]


Eguneraketa berriak daude