Etxarri Aranatz [Nafarroa Garaia] herrian lagun asko egin genituen Maria Luisa lagunak eta biok. Presoen mundua hurbiletik segitu dugu, presoen familiarenak bereziki. Presoek atxiki duten indarrarekin harrituta nago. Askok arazo psikologikoak omen dituzte. Nola ez dauden erabat jota eta deuseztatuak pentsatzen dut nik. Batzuek 30 urte barruan egin dute. Bakarka, isolatuak, talde txikietan. Nondik atera dute indarra? Kanpoko berrien bonbardaketa jasaten dute. Hedabideetatik zabaltzen diren berrien nahasketa izugarria da. Informazioa partzialki eta modu txarrean iristen zaie. Taxuz eztabaidatzeko aukerarik ez dute izan. Baldintza horietan, horrenbeste urte preso pasa ostean –gure garaian hamar urte izugarria zen– horrela ateratzea. Denetarik dago jakina, denak ez daude osasunez ondo, baina nik asko gogotsu ikusi dut.