Israelgo armadaren sakrifizioa

Barack Obama, Ekainak 13: “Azken hamarkadan zehar, armada amerikarrak sakrifizio handiak egin ditu irakiarrek beren etorkizuna eraikitzeko aukera izan dezaten”. Egiazko historia aldatzeko esaldia da eta sarri eta luzaroan esanda eragingarria ere bai. AEBek ez dute Irak suntsitu, lehenengoz iragan mendeko 90eko hamarkadaren hasierako gerrarekin eta gero 2003ko inbasioarekin. Ez, AEBek irakiarrei beren etorkizuna eraikitzeko aukera eman diete eta gainera sakrifizio handiak egin dituzte horretarako.

Logika berbera zabaltzen du mundura Israelek: 1947an Nazio Batuen Erakundeak Israelgo estatua onartu zuenetik, arabiarrek itsasoratu nahi gaituzte eta guk gure burua defenditu besterik ez dugu egiten. Diskurtso horrek berak balio izan dio bere Estatua gerraren logikaren gainean eraikitzeko, bere populazio arabiarra apartheidean biziarazteko eta palestinarren ukazioa eta zapalkuntza eguneroko ogia bilakatzeko. Jakina, egia da Israelek Ekialde Hurbilean indarrez eta gerraz eraiki zuen estatua desagerrarazi nahi izan zutela inguruko estatu arabiarrek; baina egia da, halaber, Israelek aspaldi duela irabazia bere estatu posizioa, bai NBEk hala onartzen duelako 1947tik eta baita bere indar militarragatik ere.

Gatazkaren logika hankaz gora jartzea da Israelen defentsa eskubidea, batez ere berau era guztiz desproportzionatuan eta hiltzailean erabiltzen duenean. XXI. mendearen lehen urteetan, erresistentzia palestinarra urtean dozenaka hildako batzuk eragiteko gai zen Israelen egindako atentatu suiziden bidez; ondoren, Israelera jaurtitako suziriak medio, haren bizitza apur bat baldintzatzea lortu du, baina hildako gutxi eraginez (2005 eta 2007 arteko erasoetan 11 hildako, adibidez, eta denbora horretan Israelek 1.290 palestinar hil zituen, tartean 222 haur). Israelek badu suziri horien aurkako babes sistema eta horri esker palestinarren erasoak neutralizatzen ditu biktimei dagokionez.

Israelek, bakarrik XXI. mende honetan, milaka palestinar hil ditu. 2000ko irailetik 2006ko uztailera 4.142 hil zituen, horietatik 825 adin txikikoak. 2008-2009ko Gazako erasoan 1.424 palestinar eta uztailaren hasieran Gazaren aurka hasitako oraingo operazioan dagoeneko 700dik gora hildako eragin ditu. Hildako gehienak zibilak dira, batez ere itsasoz, lurrez eta airez egindako bonbardaketen ondorio. Zaurituak milaka dira, beste milaka etxe erauntsiak eta lurraldeko azpiegitura gehiena txikitua geratzen da. Egoera borobiltzeko, Gazari dagokionez, 2006tik aurrera Israelek lurraldearen aurkako blokeo zorrotza darama, bertako lurraldea milioi eta erdi pertsona bizi diren kartzela erraldoia  bihurtuz.

1967tik gaurdaino Israelek etengabe egin dio uko NBEk orduan emandako aginduari: utzi Sei Egunetako Gerraren ondorioz okupatutako lurraldeak. Horrela, Israelek gaur egun, 1947an NBEk berari aitortutako lurraldea baino %50 gehiago du eta palestinarrek haientzat aurreikusitako lurraldearen %60 gutxiago. Bere sorreratik milioika palestinar kanporatu ditu bizi ziren lurraldeetatik eta ez die itzultzeko eskubiderik ematen. NBEk Palestinako lurralde gisa onartu zuen Jerusalem bere hiriburutzat du estatu juduak. Eta milioi erdi israeldar judu barreiatu ditu Zisjordanian han finkatutako kolonien bidez. Nola konpontzen da hori guztia?

Nazioarteko legediaren bidez, litzateke erantzun logikoa, baina AEBek preso duten NBEk ez du ez indarrik ez borondaterik halakorik egiteko. Nazioarteko komunitatean, alabaina, Israelen jarrera gero eta arbuiatuagoa da estatuen zein herritarren aldetik, eta horren ondorioak gero eta agerikoagoak dira Israelentzat, bere aurkako nazioarteko boikotak erakusten duen moduan.

Bi esparru nagusi daude Israelen jarrera zigortzeko, nazioarteko legedia edo bere aurkako boikota. Zoritxarrez, gaur egun bigarrena baino ez da eraginkorra. Denboraren perspektibak erakusten du Hegoafrikaren kasuan apartheidaren aurkako nazioarteko boikota erabakigarria izan zela. Nazioarteko egungo ordenaren axolagabekeriak, halaber, Israelen aurkako boikota akuilatzen du.

Obamarena eginez, Benjamin Netanyahuk esango luke armada israeldarra Hamasen aurka egiten ari den sakrifizioekin, etorkizuna eraikitzeko aukera ematen diela palestinarrei. Noiz arte eutsiko dio gezur puxikari muturren aurrean lehertu baino lehen?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
2024-04-21 | Mati Iturralde
Existitzen ez den herria

“Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe, konprenitzen da ez garena garela”, Joseba Sarrionandia.

Askotan, nire buruari galdetzen diot zer gertatu ote zen Alemaniako jendarteak nazismoaren ondorioak ezagutu zituenean, hau da, horrelako komunitate... [+]


2024-04-18 | ARGIA
Estatu kide izateko Palestinaren eskaerari buruz ebatziko du gaur NBEaren Segurtasun Kontseiluak

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Iran gehiago zigortzearen alde lerratu dira AEBak eta Europar Batasuna

Iranen eta Israelen arteko tentsioa areagotuz doa eta bi aldeek argi utzi dute parekoaren erasoari erantzun bortitz eta gogorrez erantzungo lioketela. Bizkitartean, Israelekiko babesa berretsi dute AEBek zein Europako Batasunak.


Eguneraketa berriak daude