Ohiturak ongarritzen

  • Gipuzkoako Baratze Parke Sarea abian jarri zenetik 600 bat baratzezain berri daude, adin guztietakoak, kalekumeak gehienak. Hiri baratze horiei bisita egin diegu eta baratzezain berriak tomatearen erdoilarengatik kezkatuta topatu ditugu uda hasiera umel eta goibel honetan.

Kutxa Ekogunean dago Donostiako baratze parkea. Lehen planoan tomateak erdoilak hartu dituela ikus daiteke.
Kutxa Ekogunean dago Donostiako baratze parkea. Lehen planoan tomateak erdoilak hartu dituela ikus daiteke.

Giza espezie berezia ari da hedatzen gurean: baratzezain urbanoa. Espeziea ez da berria, eta aldaera autoktonoa ere ez da munduan bakarra, ezta gutxiagorik ere. FAOren (Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea) arabera, mundu osoko hirietako 800 milioi biztanle inguruk parte hartzen dute hiri-nekazaritzan. Asko beharrak jota jarduten dira, elikagai urritasunak bultzatuta. Beste batzuek ingurumenak edo elikadura ohitura txarrak kezkatuta. Azkenaldian inguruko herri askotan sortu dira herri baratzeak autokontsumoa eta ekoizpen ekologikoa bultzatzeko: Gasteizen, Arrasaten, Etxalarren... Baina Gipuzkoako zortzi udalerritan ekimenak batzea erabaki eta Baratze Parke Sarea sortu dute. Lezo, Usurbil, Alegia, Hernani, Zegama, Tolosa, Errenteria eta Donostian orotara 600 baratze inguru jarri dituzte abian.

Donostiako baratze parkea Kutxa Ekogunean dago eta sareko egoitza nagusia ere bada. Bertan, Zuriñe Sanchez Ekoguneko komunikazio arduradunak hartu gaitu sarearen nondik norakoak azaltzeko.

Sarearen abantailak

Baratze sorta berriak sareak berak eta tokian tokiko udalak kudeatzen dituzte eta, gero, parke bakoitzean baratzezainek elkarte bat sortzen dute hainbat lan errazteko, hala nola, ongarriak eskuratzeko. Irizpide bateratu batzuk finkatu dituzte. Lursailen neurriak, esaterako, bertsuak dira udalerri gehienetan: 30 metro koadrokoak dira sail gehienak, baina 60 eta 90 metrokoak ere badaude elkarte eta taldeentzat. Monokultiboa galarazita dago; finean, baratzeen helburua ez da negozioa egitea, autokontsumoa baizik. Metodo jasangarriak bultzatzen dituzte, uraren kudeaketan edo konpostatzean, esaterako. Baina nolabaiteko malgutasuna ere badago eta udal bakoitzak bere baldintzak ezarri ditu. Baratzeak ez dira zozketa hutsez banatzen, irizpide jakin batzuk ezartzen dira batzuek besteek baino aukera gehiago izan ditzaten. Eta hori udalen esku dago. Batzuek, esaterako, langabetuei ematen diete lehentasuna, beste batzuek herriko elkarteei, baina oro har denek bilatzen dute adin guztietako baratzezain taldea osatzea. Baratzeen eskaera txikiagoa da gazteen artean, eta esleitzearen baldintzetan gazteei lehentasuna ematen zaie horregatik.

Zuriñe Sanchezek sarearen parte izatearen abantailak azaldu dizkigu: Ekogunearen webgunean foro bat dute baratzezainek beren kezkak eta zalantzak argitzeko. Aholkuak ere eskaintzen ditu web orriak, hileroko ikuskaritza ere egiten da Ekogunetik, dinamizazio jarduerak antolatzen dira eta, batez ere, formakuntza eskaintzen da. Baratze parkearen ondoan baratze eskola dago. Bertan, sareko baratzezain berriek 6-8 orduko oinarrizko ikastaroa egin behar dute ortuan murgildu baino lehen. Eta gehiago sakondu nahi dutenek ikastaro gehiago dituzte. Gaur, esaterako, Baratzea Ongarriztatuz: baratzezaintzan sakontzen hasteko bidea bost orduko ikastaroa emango dute Kimu Bat taldeko Iker Goikoetxeak eta Aitziber Otegik. Zuriñe Sanchezek ere ikastaroan parte hartuko du, Ekogunean lan egiteaz gain, baratzezain berrien espezieko kidea ere baita; lankideekin batera 60 metroko baratzea egokitu zaio. Baratzezainen batez besteko profilaz galdetuta “30 eta 50 urte arteko kalekumeak” erantzun du, baina erantzunak ez du erabat bete. “Egia esan, denetik dago”. Eta ikastaroko parte-hartzaileak hurbildu direnean argi geratu da: haien artean 30 urtez beherakoak badira, eta erretiroa dagoeneko hartua izango duten bizpahiru ere bai. “Lursail hauek baratzea baino gehiago dira, kontsumo ohiturak aldatzen laguntzen dute eta topagune ere badira, belaunaldien arteko topagune”.

Ikastaroa hasi denean, belaunaldien arteko aldea nabarmen geratu da. Zaharrenen belaunaldiak lotura handiagoa izan du nekazaritzarekin eta beren iritziak eta zalantzak errazago azaltzen dituzte ikastaroan, gazteek adi-adi entzuten duten bitartean. Irakasleak azaldu duenean ez dela komeni simaur freskoa estaltzea edo sustraiak zuzenean ukitzea, ikasle beteranoetako batek esan du berak entzuna duela porruak zuzenean simaur gainean landatu daitezkeela. Ondoren, zaharrenetako bi eztabaidan hasi dira intsektuak medio: batek dio lehen ez zegoela hainbeste zorririk, besteak zorria beti egon dela. Irakasleak azaldu du ziurrenik zorria ugariagoa dela orain, natura desorekatuagoa dagoelako.

Izan ere, biodibertsitatearen eta orekaren garrantzia azpimarratu dute: “Izurriekin ez dugu obsesionatu behar. Intsektuak ez ditugu ezabatuko, kontrolatu baizik”. Eta baratze eskolan bertan horren eredu praktikoa dago: hegaztientzat eta intsektuentzat babesguneak ipini dituzte. Zomorroei perretxiku formako “hotela” egin diete eta, atzean, txorientzako habiak paratu dituzte. Eta horiek kontrolpean izateko bide jasangarriak badaude: “Azenarioa eta tipulina ilaratan txandakatuz, eulia uxatzea lortzen da”, adibidez.

Baina Kimu Bateko kideek garbi azaldu dute erremedio eta aholku hutsezinik ez dagoela, proba-hutsegite metodoa erabili behar dela. Eta orduan azkenaldian baratzezainen hizketagai nagusi bilakatu dena azaleratu da: tomatearen erdoila. Eguraldi kaxkar honekin ezin asmatu dabiltza: batzuek kobrea zazpi aldiz bota arren ez dute erdoila geldiaraztea lortu eta besteek, behin edo bitan botata, tomateak itxuroso dituzte.

Norberak hazitakoa baino hoberik ez dago

Uda motel eta busti hasi da aurten, larunbat goiza bezalaxe. Hernaniko Sagastialdeko baratze eremuan Ixiar Lujanbio eta Ane Erize beste inor ez dago. Biek 28 urte dituzte eta 30 metroko baratze bana tokatu zitzaien duela urtebete inguru. Hernaniko Kronikan irakurrita izan zuten ekimenaren berri, baina ez omen zen bat-bateko kontua izan. “Aurrez behar da nolabaiteko kontzientzia eta gogoa”, dio lehenago ere baratzea jartzeko lursail txiki baten bila ibili zen Ixiar Lujanbiok, babarrunetan eta piperminetan hazitako belar gaiztoak kentzen dituen bitartean.

Ekoguneko oinarrizko ikastaroa oso baliagarria izan zitzaiela diote, baina arituz ikasten dela, baita esperientzia handiagoa duten baratzezainen laguntzaz ere. Lujanbiok aldameneko baratze ederra erakutsi digu, “horrek asko daki” esanez. Bospasei sail aurrerago, Ane Erizek ere baratzezain trebea du bizilagun. Erizek berak ere barazkiak ilaran txukun-txukun jarrita dauzka, baina erdian hutsunea du; zer landatu pentsatu behar du orain.

Porruak mehe samarrak ateratzen zaizkiola esan dio Lujanbiori, eta honek beharbada lurra trinkoegi dagoelako gertatzen dela erantzun dio. Dena den, orain badakite supermerkatuetan barazki perfektuak edozein garaitan topatzea susmagarria dela. Garaiko produktuak bereizten ikasi dute eta baratzeak pazientzia eskatzen duela konturatu dira. Duela urtebete inguru barazkiak denda ekologikoan erosten hasi ginen “, dio Ixiar Lujanbiok. “Ez zen erabaki kontzientea izan, baina baratzean hastearekin batera izan zen. Ziur zerikusia baduela”.

Ane Erizek baratzeko lehen letxuga dastatu zuenekoa du gogoan. “Eta bai ona! Norberak hazitakoa baino hoberik ez dago”.

Erdoilak erdoil, espeziea ugaltzen ari da.

Igande goizean, azkenean, eguzkia atera da. Ekogunean esan ziguten baratze parkeak topagune ere bazirela, eta eguraldi ederra lagun, esandakoa egiaztatu dugu Antziolan, Hernaniko beste baratze eremuan. Hesiaren alde batean orotariko baratzezainak dabiltza. Baratzezaintzaren teorialari mordoa ere hurbildu da eremura, pasiera aitzakia: hau jasotzeko goizegi dela, koinatuak baratzea duela etagaitz honentzako erremediorik onena beste hau dela... Badaezpada hesiaz kanpotik begira, eskuak zikindu gabe.

Mikel Aizpuruak 62 urte ditu eta aurretiko erretiroa hartu zuenean egokitu zitzaion baratzea, bigarren txandan, joan den urrian. Kalekumea da Aizpurua, baina Kontxi Urkola emaztea baserrian jaiotakoa du. Eta eskuak leka tartean sartu dituenean agerian geratu da hori: segundo gutxitan eskua bete leka jasoak ditu dagoeneko. Baratzean nork agintzen duen galdetuta, “baratzea senarrarena da, bera aritzen da eta nik tarteka laguntzen diot” dio Urkolak. Baina eskarmentua bada zerbait eta “azaleko patata hauek berehala jaso behar dira” esan dio hurrena senarrari, “eguzkiak jota berdetu egiten baitira”. Senarra tomateekin kezkatuta dago, ordea. Aldameneko baratzeko tomateak erdoilak erabat janda daude eta Aizpuruak zorte ona izan duela esan dezakegu, erdoilaren kontrako erremedioa gaur baino lehen behin bota diela kontuan hartuta. Erdoilak hartutako hostoak kentzen ari dela, baratzezain zaharrago bat hurbildu zaio eta, nola ez, tomatea gora eta erdoila behera hasi dira hizketan. Baratzezain betaranoa baikorragoa da, eguraldi ederrak lagunduta edo: “Erdoila ez da hainbesterako, nik ere badut erdoila eta hemen nabil”.

Senar-emazteek alaba gazteena eraman dute gaur lursailera, ikas dezan, oporretan kanpora doazenean hark arduratu behar baitu baratzeaz. Sail batzuk aurrerago ere aita-semeak ikusi ditugu lanean; semearentzat lehen aldia dela esan digute. Bezperan, Lujanbiok eta Erizek ere aipatu ziguten mutil-lagunak ere aritzen direla ortuan. Baratzezain berriak 600 baino gehiago dira dagoeneko. Gainera urtea amaitu baino lehen Azpeitiako baratze parkea ere jarriko dute habian eta Ekogunekoak hainbat udalekin, hala nola Irungoarekin, harremanetan daude sarea zabaltzeko. Horrenbestez, hiriko baratzezainen espeziea ugaltzen ari da eta, horrekin batera, ohitura osasungarri eta jasangarriagoak ere bai.
 

Eskoletako baratzeak: barazkiak hazi eta haurrak

Gero eta gizarte hiritarrago honetan, eskoletako baratzeek haurren eta naturaren arteko zubi lana egin dezakete. Ikastetxe batzuetan nekazaritza ekologikoa sustatzen ahalegintzen dira. Beste batzuetan elikadura ohituretan eragin nahi dute baratzeen bidez. Helburuak helburu, argi dago baratzeak hezkuntza multidisziplinariorako gune egokiak direla, oso praktikoak eta haurrentzat erakargarriak, egindako ahaleginen emaitzak hazten ikusteko aukera baitute.

Gasteizko Ibaiondo ikastetxean 2007-2008 ikasturtean hasi ziren baratze ekologiko eredugarria sortzeko egitasmoa martxan jartzen. Anoetako (Gipuzkoa) ikastolako ikasleak, aldiz, hogei urtetik gora daramate baratzeko jardunean. Eta baratze propiorik oraindik ez duten ikastetxeek kanpoko baratzeetan egin ditzakete jarduera horiek; esaterako, Kutxa Ekogunekobaratze eskolara bisitaldiak egiteko aukera dute.

Helen Groome EHNEko aholkulariaren esanetan, “eskoletako baratzeek oso aukera zabala eskaintzen dute. Orduan, zergatik ez dute eskola guztiek baratzea jartzeko asmoa eta aukera? Edo baratzea izanda ere, zergatik ez dira bertara bideratzen merezi dituen baliabide guztiak?”. Krisialdiak eta berekin dakartzan murrizketak izan daitezke erantzuna. Baina hori epe laburrean jokatzea da, epe luzeagoan baratzeak ohitura jasangarri, osasungarri eta ekologikoak bultzatzeko eta, beraz, krisialdiei aurre egiteko tresnak eskuratzeko guneak baitira.

Erresuma Batuko Royal Horticultural Society elkartearen ikerketa batek aspaldiko teoria egiaztatu du. Inkesta bat egin zitzaien hiri-eskoletako baratze ekimenetan ari diren 1.300 irakasleri eta, ondorioen arabera, irakasleek aho batez adierazi zuten onuragarria dela ikastetxean baratzea izatea. Txostenaren arabera, baratzean egiten diren jarduerek zenbait gaitasun garatzen laguntzen dute, eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko. Gainera, ulermena, matematika eta zientzia-ezagutzak hobetzen dituzte, baita gizarte harremanak, portaera eta erantzukizunaren zentzua ere. Horrez gain, ikasle askok etxean erabiltzen dituzte eskuratutako ezaguerak eta jarduera sedentarioak alde batera uzteko joera handiagoa dute.

Zentzu horretan, baratze komunitarioak eta eskolako baratzeak elkarren osagarri dira. Ondorengo belaunaldiek baratzean aritzeko grina piztu eta horrek dakartzan ohitura osasungarri eta ekologikoek jarraipena dute. Eta gurasoak nahiz ingurukoak baratzean dabiltzala ikusteak ere koherentzia ematen die haurrek baratzean ikasten dutenari.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Eguneraketa berriak daude