argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria eraiki

Juan Mari Arregi 2014ko uztailaren 29a

Badago aho betean esaten duenik “Herria” eraiki behar dugula Euskal Herrian, baina ezezagun zaizkio zein urrats eman diren horretarako. Badago erakunde bat, Udalbiltza, herria eraikitzeko norabide horretan efikaziaz ari dena. Hala, Pirinioetako eskualdeak aktibatu eta garatzeko hainbat erreminta eta egitasmo jarri ditu martxan, Euskal Pirinioetan lan eta bizi lelopean. Pirinioetako euskal eskualdeak, hegoaldeko zein iparraldekoak, baztertuta daude, lurralde arrazoiengatik eta egitura sozial desberdina dutelako.

Errealitate horretaz jakitun, Udalbiltzak 19 enpresa eta gizarte proiektu babestu ditu bere Garapen eta Kohesio Funtsarekin, Pirinioetako lurralde desoreka gainditzeko helburuz. Proiektu anitzak dira: barraskiloen etxaldeak, ardo ekologikoaren produkzioa edota euskarazko hedabide digitalen sorrera. 6.000 euro eman dizkio proiektu bakoitzari, eragile sozialekin elkarlana sustatu du, baita tokiko erakundeekin eta herritarrekin ere. Azken batean, askotan emigratzera derrigortuak izan diren eskualde horietako herritarrak euren herrian lan egin eta bizitzeko aukera izan dezaten da helburua.

testuinguru horretan, Udalbiltzaren zereginak onarpena merezi du, eta sentsibilitate politiko ezberdinez gaindi, parte-hartze handiagoz indartu behar da, Euskal Herriko herritarren mesederako litzateke-eta. 19 proiektu horiek eta beste batzuk aurrera ateratzeko finantzazioa behar dute. Alderdi politikoek, gobernuek, foru administrazioek eta udalek, baita finantza erakundeek ere, argi eta garbi babestu behar lituzkete halako egitasmoak, herritar orok bere herrian lana aurkitu dezan, emigratzera derrigortua izan gabe. Hori da Euskal Herria eraikitzea.